Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Txillardegik herriari emana oroitu eta baliatzeko aukera

Euskal Herriari ikaragarri eman dio Txillardegik: intuizioak, ideien uztarketak, diziplina ugaritatik edaten duen ezagutza... Pertsonaren, hizkuntzaren, herriaren ulerkera zabala zuen, hagitz garaikidea eta gaur egunerako eta belaunaldi berrientzako baliagarria.

Txillardegiri iaz egin zioten omenaldiko argazki bat, bere izena daraman plazako irudiaren aitzinean, Donostiako Antiguan.
Txillardegiri iaz egin zioten omenaldiko argazki bat, bere izena daraman plazako irudiaren aitzinean, Donostiako Antiguan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Bere heriotzaren hamargarren urteurrena egin zuen ekarpenaren zabaltasuna azpimarratzeko aukera bat da bere testuak hautatzen aritu den Alaitz Aizpururentzat. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Antigua, Donostia, 1929-2012) ezagutzeko transmisio zubiak eraikitzea laguntza handia litzatekeela dio, bai guretzat bai datozenentzat, belaunaldi bakoitza zerotik pentsatzen has ez dadin eta aurrekoen memoriaren soka muturrari hel diezaion, gero bere erara berrerabiltzeko.

Horretan laguntzeko, idazle nekagaitz honen 50 urte luzeetako testuak digitalizatu eta bere webgunean irakurgai jarri ditu Jakin fundazioak. Horrekin lotuta, Txillardegiren milaka testu horien hautaketa bat ere egin du. Hala sortu zuen 2019an “Dabilen Pentsamendua” bilduma, lan konplexu eta sakona eskuragarriago jartzeko xedez. Datorren asteartean bertako hurrengo bi tituluak aurkeztuko dituzte urteurreneko ekitaldien barnean: “Txillardegi: Euskalgintza” eta “Txillardegi: Intelektuala eta gizartea”.

Bildumaren azpitituluak dioen bezala, “mundua geure esperientziatik pentsatzen jarrai dezagun” itsasargi dira Txillardegi eta bere belaunaldiko hainbat kide. Horregatik, berarekin bat etorri ala ez, komenigarria litzateke, Aizpururen ustez, «euskaldun orok gutxieneko ideia batzuk jakitea».

Zazpi ideia hautatu ditu Jakinek; liburu bakoitzaren kontrazalean agertzen dira konstelazio baten gisan. Honakoak dira: XX. mendeko bigarren erdiko euskal intelektual garrantzitsuenetakoa izan zen; 1956ko belaunaldiko kidea, gerraostean abertzaletasun eta euskaltzaletasun berria ekarri zutenetako bat; euskara batuaren egile eta eragilea, bera gabe ez genuke tresna hau edukiko. Bere lanen bukaeran oraindik ahozko euskara batua aldarrikatzen zuen, gaur egun oraindik osatu gabe daukaguna.

Euskal soziolinguistikaren aitzindaria ere izan zen donostiarra, joan den asteartean San Telmo museoan egindako mahai-inguruan agertu zutenez. “Leturiaren egunkari ezkutua” lehen euskal eleberri modernoaren egilea izan zen, eta ETAren sortzaileetakoa. Aunitzek horrexegatik gaitzesten dute, eta ez dizkiote aitzineko puntu horiek aitortzen, puntu horietako bakar bat aski bada ere aitorpena merezi izateko. Hala ere, Aizpururen iritziz, erran egin behar da ETA mugimendu horrek ahalbidetu zuela euskal abertzaletasunaren eta kulturaren loratze hori, herri gisa irautea posible egin duena.

Politikari abertzale eta ezkertiarra ere izan zen. Politika eta kulturaren batura hori praktikara eraman zuen.

 


Txillardegi Liburutegia Herri Ekimena bere esku dagoen guztia egiten ari da izenik ez duen Donostiako Udal Liburutegiari pentsalariaren izena jartzeko. Aurten lortzea espero dute.


Txillardegi turista

Atzo San Telmo museoan aurkeztu zuten bertze liburu batek, “Kronikak” (Susa-Argia) izenekoak, Txillardegi turista deskubritzeko aukera ematen digu, sarrera idatzi eta kronikak hautatu dituzten Koldo Izagirrek eta Juan Luis Zabalak dioten bezala, badakielako atsegina transmititzen eta irakurle kritiko eta aktiboa turista bilakatzen –turista kritiko eta aktiboa, jakina–. 1960 eta 1980 bitartean idatzitako kronikak orain irakurtzen ditugunon kasuan bikoitza da, gainera, horien balio turistikoa, espazioan egindako bidaiari denboran egindakoa gehitzen baitzaio.

«Arte hori bazeukan, berarekin batera bisitatuko bagenu bezala sentitzen gara askotan testua irakurriz», adierazi du Izagirrek. Txillardegiren jakin-mina nabarmendu du. «Ez zen exotismo bila abiatzen, egoerak ikusi, aztertu eta bere iritzia ematen zuen. Asko inplikatzen zen bisitatzen zituen lekuetan, jendearekin elkarrizketak eginez. Kezka hori zeukan beti: gizakia, etorkizuna, hizkuntza, antolamendua...». Batez ere, Europan barrena ibili zen, baita Ameriketan ere, eta Euskal Herriari buruz ere idatzi zuen. «Beti bilatzen zuen gizarte desberdin horietan zer ote zegoen hemen guk eredu bezala har genezakeena. Bertako hizkuntzen egoeraz ere asko arduratzen zen, Galizian, Galesen, Katalunian zer esanik ez, Andorran... Oso interesantea da alde askotatik. Bera ere horrelakoa zen: gizarteaz, kulturaz, hizkuntzaz, naturaz interesatzen zen».

 

 
«Gizakia ulertu beharra, gizartea esplikatu nahia: Txillardegi ibiltariak jakin-minez hartzen ditu lekuak eta gizarteak, herriak eta herritarrek eraikitakoak». Hala azaldu dute Juan Luis Zabala eta Koldo Izagirrek idazlearen kronikak biltzen dituen liburuaren sarreran.

 

Kronika horietako aunitz leituak zeuzkan lehendik Izagirrek, ahantziak ere bai batzuk, ez zuen uste hainbertze egin zituenik. «Deskubrimendu polita da: zein ongi idazten zuen, euskara jasoan baina ez pedantean. Bazekien esan nahi zuena ondo, denok ulertzeko moduan, idazten. Oso pedagogikoa da. Plazer handiz irakurri dut. Kronika ez da oso genero ezaguna, ez da kontuan hartu izan gure literaturaren historian. Hibridoa da, kazetaritza eta ipuingintzaren artean egon liteke; batzuk ez dakigu oso ondo zer diren, baina hori da gutxienekoa, hor du bere indarra, mugaz gaindikoa da, bi aldeetan dago».

Aitak utzitako ondarea

Urteurrena borobiltzeko, larunbat honetan, eguerdian, Antiguako Txillardegi plazan dagoen bere horma-irudiaren aitzinean omenaldi bat eginen dute. Maddi Alvarez alabak adierazi digunez, familia gustura dago jendea ekitaldi hauetan izaten ari den parte-hartzearekin. Baina, bestalde, herri ekimenaren bidez urtero ekintza hauek antolatzen ibiltzeak oroitarazten die «oraindik ere Donostiako Udalaren aldetik ez dagoela aitortza ofizialik aitaren ekarpenaren aurrean. Urtero daukagu arantza hori: oraindik ere horrela gaude, eta aurten lortzeko itxaropena dugu».

Bere ustez, aitak ekarri zuena batez ere abertzaletasunaren ikuspegiaren aldaketa bat izan zen: «Euskaran zentratu zuen». Wikipedian Txillardegirena da euskal egileen artean orrialderik bisitatuenetakoa baina, era berean, Maddi Alvarez irakasle izan da 30 urte baino gehiagoan ikastola batean eta sarri aipatzen zuten ikasleek Txillardegi Chillidarekin nahasten zutela.

 

 
Maddi Alvarez alabari gure herria eta hizkuntza benetan maitatzen eta egunero barnean eramaten erakutsi zion Txillardegik. «Egunero bizi dut gure herriaren zapalkuntza, oraindik ere. Beti defendatzen ibili beharra, arriskuan sentitzen dudalako».

 

Aitak ondare gisa utzi zion herriarekiko eta hizkuntzarekiko maitasuna ez da loratzen, eta sufrimendua ekartzen dio horrek. «Gure itxaropena eustea da, baina ez luke hori izan behar; izan beharko luke indartzea, garatzea, jendeak bere egitea. Askotan pentsatzen dut ‘eskerrak aitak ez dituen hainbat gauza ikusten’. Seguru haserretuko zela, pasio handiko pertsona zelako. Oso kezkatuta egongo zen, minduta ere bai». Omenaldi honek gai hauetaz mintzatzeko balio izatea nahi luke. Aitak egiten zituen gauzak ekartzeko, praktikan defendatzen zituen ideia horiek berriz ere ateratzeko eta ahal dela hausnarketa horretara eramateko.