NAIZ

Benidorm eta Atletico Valladolid, Bidasoa eta Anaitasunaren lehen aurkariak Kopan

Kopako hirugarren kanporaketa zozkatu da astearte goiz honetan. Bidasoa eta Anaitasunak Benidorm eta Atletico Valladoliden aurka, besteak beste, egingo dute debuta aurtengo edizioan. Irundarrek etxean hasiko dute kanporaketa; nafarrek, aldiz, Valladoliden. 

Julen Aginagalde Benidormen aurka iazko denboraldian.
Julen Aginagalde Benidormen aurka iazko denboraldian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Bidasoak eta Anaitasunak astearte honetan ezagutu dituzte Kopan beren lehen aurkariak izango diren taldeak. Astearte honetan zozkatu dira hirugarren kanporaketako sei norgehiagokak eta lehia hauetako irabazleek toki bat izango dute Antequeran (Malaga) jokatuko den azken fase erabakigarrian, martxoaren 25etik 27ra bitartean jokatuko da. 

Irundarrek Benidorm izango dute aurkari eta lehen partida Artalekun jokatuko da, otsailaren 2an. Itzulerakoa otsailaren 9an jokatuko da Benidormen. 

Nafarrek, aldiz, Valladoliden jokatuko dute joanekoa eta erabakigarria izan daitekeen partida Anaitasuna kiroldegian jokatuko dute. 

Biak ala biak lehia estuak izatea aurreikusten da Asobal Ligan orain arteko ibilbideari erreparatuz gero. Bidasoa Irun laugarren sailkatua da –bi partida gutxiagorekin– eta seigarren postuan dagoen Benidorm kanporatu beharko du azken fasean egon nahi badu. 

Hain zuzen ere, Gabonetako oporrak eta Europako txapelketako etenaldiaren aurretik, beraien arteko lehia zuzenarekin agurtu zen 2021. urtea. Gutxigatik, gol bakarrarengatik, Benidormek irabazi zuen dema (28-27). 

Anaitasunari dagokionez, Kopan bere aurkaria izango denak baino denboraldi txukunagoa ari da egiten ligan. Zortzigarren postuan daude nafarrak; hamabigarrenean Valladolidekoak. Beraien arteko lehia zuzena iruindarrentzat izan zen, bosgarren jardunaldian jokatutakoa (27-30). 

Astearte honetan zozkatu diren sei kanporaketetako irabazleez gain, pasa den urteko irabazle Bartzelona eta etxean jokatuko duen Antequera lehiatuko dira Kopako final-laurdenetan. Hirugarren kanporaketa honetara, Zilarrezko Mailako talde bakarra iritsi da, San Pablo Burgos. Angel Ximenez Puente Genil izango du arerio. 

Kopako hirugarren kanporaketako norgehiagokak

Bidasoa Irun-Benidorm

Recoletas Atletico Valladolid-Anaitasuna

Bada Huesca-Frigorificos Morrazo Cangas

Balonmano Sinfin-Fraikin Granollers

Abanca Ademar Leon-Viveros Herol Nava

Angel Ximenez Puente Genil-UBU San Pablos Burgos