NAIZ

Jon Artanok irabazi du Tene Mujika beka ‘Anderik Ande’ proiektuarekin

Jon Artano kazetari zestoarrak irabazi du 2022ko Tene Mujika beka; hau da Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka. ‘Anderik Ande’ izeneko proiektu sarituak Amerika eta euskaldunen arteko harremanak aztertuko ditu, eta urtebeteko epea izango du kazetariak lana burutzeko.

Jon Artano, Zestoako plazan artxiboko irudi batean.
Jon Artano, Zestoako plazan artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jon Artano kazetariak irabazi du aurtengo Tene Mujika beka, Ameriketan ibilitako hainbat euskaldunen kontuak eta gure artean dabiltzan hainbat amerikarrenak kontatu nahi dituen proiektu batekin.

Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Artanorena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du kazetariak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.
 
Bi parte izango ditu lanak: lehena, ‘Joandakoez’, Hego Amerikan gertatzen da, eta hara joandako hainbat euskal herritarren istorioak aletuko dizkigu: Argentina, Txile, Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia eta Venezuelan kokatuak, besteak beste.

Bigarren partea, ‘Etorritakoez’, gaur egun Latinoameriketatik gurera migratu eta garbiketa eta zaintza lanetan aritzen diren emakume gazteez arituko da.

Elkarrizketa, kronika eta bidaia-liburuen osagaiak izango ditu kontakizunak.
 
Jon Artano Izeta (Zestoa, 1978) kazetaritzan lizentziatua da eta hogei urteko ibilbidea egin du hainbat komunikabidetan: irrati, telebista eta idatzizkoetan. 2016tik 2019ra Latinomarikako berriemaile berezia izan zen EITBrentzat, eta hango esperientzia baliatuko du, besteak beste, bere liburu hau idazteko.