Jon Ormazabal

Mariezkurrena: «Atera dugun ondorioa da beldurrarekin askoz okerrago jokatzen dugula»

Final kutsuko partida jokatuko dute ostiralean Azpeitian Jaka eta Berriozarrekoak sailkapenean aurreratu ditzaketen Urrutikoetxea-Arangurenen aurka.

Lau pilotariek oso gustura amaitu dute saskian topatutakoarekin.
Lau pilotariek oso gustura amaitu dute saskian topatutakoarekin. (BAIKO PILOTA)

Oraindik beste lau partida geratuko zaizkien arren, «final kutsuko» partida jokatuko dute ostiral honetan Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan azken asteetan porrot mingarriak jaso dituzten Urrutikoetxea-Arangurenek eta Jaka-Mariezkurrenak. Bizkaitarrak eta aginarrak txapelketa txukunagoa osatu dute orain arte eta ostiralekoa partida mugarria izan daiteke eurentzat, irabaziz gero, euren enpresa kideak bi puntutara, gehi averagea, utziko lituzkete. Lizartzakoak eta atzelari nafarrak irabaziz gero, ordea, puntutan berdindu eta, lehen itzuliko Galdakaoko 22-20koa handituz gero, gainera, sailkapenean aurre hartuko liekete, Aspeko bikoteen auka bigarrengoz jokatzen hasi aurretik.

Bi bikoteek galdu dituzte jokatutako azken bi partidak, baina psikologikoki Jaka-Mariezkurrena behartuago helduko dira zita honetara, puntu premia handiagoa delako, txapelketa hasieran esperantzak ere askoz handiagoak zirelako eta azken jardunaldian, Gasteizen, beste aurkari zuzen batzuen aurka –Peña-Albisu– kolpe handi xamarra eraman zutelako. Partida amaitu eta berehala, porrot hartatik ondorioak atera beharko zituztela esan zuen Erik Jakak eta gaur ondoriorik atera ote duten galdetuta, halaxe erantzun digu Jon Mariezkurrenak. «Nik uste, ez Erikek eta ez nik, ez genuela batere disfrutatu. Azkenean kantxara disfrutatzera eta gurea egitera irteten gara, hori da gure ogibidea eta, ez badugu egiten, gaizki goaz. Eta ez gara gozatzen ari, zazpigarrenak  goaz, egoera nahiko larrian, eta ateratako konklusioa da disfrutatu egin behar dugula, suelto jokatu eta beldurrekin askoz okerrago jokatzen dugula».

Txapelketa hasi zenetik, eskuineko eskuan izandako arazoek asko baldintzatu dute bere jarduna, baina igandean Ogetan ez omen zuen inolako minik jasan, arazoa beste bat izan omen zen. «Eskuetatik ongi nago, hasiera horretan pilota batzuk ez nituen gozatu eta horrek eragin handia izan zuen partidan zehar, konfiantza osoa galdu nuen», azaldu du.

Gauzak horrela, eta txapelketako partida bat dela ahaztu gabe, atzelari nafarrak oso argi ditu lehentasunak, azken bi hilabeteetan egiterik izan ez duen bezala, kantxan gozatzen saiatzea. «Azkenean nik oraindik 22 urte ditut, eta luzaroan  egoteko asmoa daukat eta ikusi dut orain arte ez dudala batere disfrutatu.  Lehenik eta behin hori bilatuko dut, suelto jokatzea, sailkapena bigarren plano batean utzita baina ahaztu gabe».

Horretarako galdutako konfiantza berreskuratzea ezinbestekoa izango da eta entrenamenduetan izandako sentsazio onak partida egunean errepikatu beharko dituzte. Atzo egindako saioarekin behintzat, itxaropentsu egoteko motiboak ba omen dituzte.

«Segi egin behar»

Urrutikoetxea eta Arangurenek, euren aldetik, izan dituzte une hobeak txapelketa honetan bertan, baina ezin esan inolaz ere lehiaketa txarra egiten ari direnik. Momentuz, play-offera sailkatzeko postuetan daude eta borroka horretan irautea da euren asmoa. «Azken bi porrotak nahikoa gogorrak izan dira, Getarikoan behintzat dezenteko kolpea hartu genuen, erraz irabazten joanda galdu egin genuelako, baina azkenean txapelketa luzea da eta segi egin behar da. Aste honetako partida oso garrantzitsua da eta dena ematen saiatu behar dugu».

Aginarrak argi du kosta egingo zaiola Mariezkurrenaren aurrean kantxan agintzea, baina argi du bere lana eustea eta aurkariak baino akats gutxiago egitea izango dela. Hala ari zaio tokatzen txapelketa guztian zehar, baina gustura dago orain arte egindako lanarekin. «Nahiko ondo ari gara, azkenean, partida pare bat edo kenduta, denetan bukaerara arte irabazteko aukerekin egon gara. Lau puntu ditugu, nik ez dut uste txapelketa txarra egiten ari garenik, azken bi partidetan gauzak zaildu zaizkigu baina segi egin behar dugu eta lehengo bidea hartu».