Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Nafarroako administrazioarekin euskaraz komunikatzeko traba eta eskari zehatzak, Parlamentura

Nafarroako administrazioarekin herritarrek egin ditzaketen tramite elektronikoen laurdenak ere ezin dira bideratu euskaraz; udalek eta toki erakundeek egin ditzaketenak, ez dira %3ra ere iristen. Egoera iraultzeko, UEMAk eta Behatokiak bi eskari egin dituzte Parlamentuan. Erantzun ona jaso dute.

Aitor Elexpuru eta Agurne Gaubeka UEMA eta Behatokiko ordezkariak Nafarroako Parlamentuan izan dira administrazioarekin euskaraz komunikatzeko oztopoak azaltzen eta horiek zuzentzeko bideak proposatzen.
Aitor Elexpuru eta Agurne Gaubeka UEMA eta Behatokiko ordezkariak Nafarroako Parlamentuan izan dira administrazioarekin euskaraz komunikatzeko oztopoak azaltzen eta horiek zuzentzeko bideak proposatzen. (Iñigo URIZ | FOKU)

UEMAk eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agerraldia egin dute asteazken arratsalde honetan Nafarroako Parlamentuan, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako batzordean. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak eta Aitor Elexpuru UEMAko zuzendaritza batzordekideak eta Berako alkateak nabarmendu dutenez, Nafarroan euskaldunei legez aitortzen zaizkien eskubideak behin eta berriro urratzen zaizkie.

Zehazki, Nafarroako administrazioarekin egin daitezkeen tramite elektronikoak izan dituzte hizpide, eta datu gordinak eman dituzte: herritarrek 1.434 tramite telematiko egin ditzakete gaur egun, eta horietatik 334k (%23,29) soilik eskaintzen dute euskaraz egin ahal izateko aukera. Udalek eta toki erakundeek egin ditzaketen tramite telematikoen kasuan larriagoa da egoera, 778 tramite egin baititzakete, eta horietatik 20 baino ez euskaraz (%2,57).

Herritarren arretarekiko eskaintzen diren telefono zerbitzuetan ere euskarazko arreta ez dela behar bezala bermatzen agertu dute, horiek sarri herritarren osasunarekin eta segurtasunarekin lotutakoak izan arren.

Datu horien gibelean dagoen eguneroko errealitatea erakutsi, eta egoerari konponbidea jartzea eta tramiteak euskaraz egin ahal izanen direla bermatzea eskatu diote UEMAk eta Behatokiak Nafarroako Gobernuari. Horretarako bi pauso eman behar direla azaldu dute: «Araudia aldatzea eta lanpostu elebidunak sortzea, ez bakarrik legeak ezarritako eremu euskaldunean, jasotzen ditugun zerbitzuek euskararen legeak ezarritako muga horiek zeharkatzen baitituzte».

Legea eta errealitatea ez datoz bat

Aitor Elexpuruk batzordekideei oroitarazi dienez, Nafarroako Gobernuko departamentuak bitarteko elektronikoen eta telematikoen alde egiten ari dira, «herritarrekiko zein administrazio ezberdinekiko zerbitzuetan denbora aurrezteko eta administrazioen garapen neurri gisa». Izan ere, «bide telematikoen erabilerak administrazio eginbeharrak sinplifikatzen ditu eta zerbitzu ezberdinak jasotzeko eta edozein betebehar betetzerakoan erraztasunak eskaintzeko helburua dute. Beraz, erosotasuna, malgutasuna, bizkortasuna eta garai ezberdinetara doitzeko erraztasuna eskaintzen dutela aipatu izan du Nafarroako Goberrnuak».

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak azaldu duenez, ordea, errealitatea hagitz bertzelakoa da, eta zeharo urratzen dute foru arauek eta dekretuek –11/2007 Foru araua eta 103/2017 Foru Dekretua–, hainbat artikulutan zehaztutakoa. «Euskara erabili nahi duten herritarrekiko eta udalekiko gutxiespena nabarmena da eta Nafarroa osora zabaltzen da».

Herritarren arazoak

Arazo zehatzak zerrendatu dituzte UEMA eta Behatokiko ordezkariek, herritarrengandik hasita. Agertu dutenez, hauek ezin dituzte prozesu telematikoetako pauso guztiak euskaraz egin. Maiz itzulpenak gaizki eginak daude, euskarazkoan eduki edo material gutxiago dago eta euskarazko idatzietan gaiak, epeak eta abar gaizki argitaratzen dira.

Euskarazko webguneetan informazio gutxiago izaten da edo ez dago eguneratuta eta bilatzaileak gaztelaniaz konfiguratuta daude nahiz eta herritarrak euskarazko nabigatzailea hautatu. Sareetan argitaratzen diren gida, azalpen bideo eta bertzelakoetan ez dago euskarazko materialik edo gutxiago argitaratzen da.

Oraindik enpresa publiko ugariren web orrialde eta baliabide guztiak gaztelania hutsean daude. Eta Nafarroako Gobernuko hainbat eta hainbat telefonotan ez da euskarazko arreta bermatzen. Erantzungailuak ere gaztelaniaz daude eta euskaraz daudenetan, euskarazko arreta nahi dela aukeratu arren, gaztelaniaz artatzen da herritarra. Beste kasu batzuetan, euskarazko arreta nahi badu beranduago deitzeko eskatzen zaio eta herritarrek gaztelaniaz mintzatzera behartzen dituztela salatzen dute. Nafarroako Gobernuak herritarrak artatzeko txata gaztelaniaz konfiguratuta dago eta artatzen duten langile gehienek euskara ez dutela ulertzen azaltzen diote herritarrari.

Nafarroa  osora  bidaltzen diren sms guztiak gaztelaniaz izaten dira nahiz eta herritarrak berariaz informazioa euskaraz nahi duela adierazia izan. Hainbat departamentutatik e-mailak gaztelania hutsean bidaltzen dira. Eta herritarrei zuzendutako azpikontratatutako inkestetan ez da behar bezala bermatzen herritarren hizkuntza hautua.

Udalen trabak

Udalentzat ere ez da samurra Iruñeko administrazioarekin euskaraz komunikatzea. «Ezin dira prozedura telematikoetako pausoak (diru-laguntzetarako prozedurak, batik bat) euskaraz egin; bakan batzuk bertzerik ez», adierazi du Elexpuruk.

Eremu euskalduneko udalei zuzendutako ia komunikazio eta eranskin guztiak gaztelania hutsean ailegatzezn dira. «Kasurik onenean, Toki Administrazioko zerbitzua (Lurralde Kohesioko Departamentua) dugu. Zerbitzu horretatik jasotzen diren komunikazio eta euskarriak aztertu dira hilabete eta erdiko epean eta, soilik, %20 iristen dira euskaraz udaletara. Guztiak ebazpena dira. Guztiak iritsi beharko lirateke euskaraz, 103/2017 Foru Dekretuaren arabera».

Ahozko komunikazioari begiratzen badiogu, telefono elkarrizketak eta bilerak oro har gaztelaniaz izaten dira. Eta udalek behar dituzten zerbitzu zentral gehienak gaztelania hutsean eskaintzen dira.

Erantzun ona

Parlamentariek arretaz aditu dituzte azalpenak, esker onez eta interesez. Eta, orokorrean, bat egin dute eskariekin. Hala egin du Geroa Baiko Uxue Barkosek, berarentzat «onartezina» baita «gaur egun oraindik ere Nafarroako administrazio publikoaren tramiteak euskaraz ezin egin izatea».

«Gabezia horietako batzuk ezagutzen genituen, aspaldikoak dira. Mantsoegi goaz. Halere azken urteotan marko juridikoan asko aurreratu da. Ez dago gehiengo parlamentariorik, ez da egon Euskararen Legea onartu zenetik, halako erreforma bat aurrera eramateko. Baina beste neurri batzuk hartzeko aukera dugu», jarri du balioan.

Erantsi duenez, Nafarroako departamentuetako hizkuntza planak onartzen ari dira, aurreratuak daude lanak, eta espero du guztiak martxan jartzea eta herritarrekiko harremanetan eragina izatea.

«Babes politikoa, legala badago; praktikara eraman behar da. Ez da erraza, baina borondate politikoa daukagu. Nafarroako euskaldun guztiok gure eskubideak disfrutatu behar ditugu, administrazioarekin euskaraz egitea ez da zama bat izan behar, ez dugu zalantzan egon behar ea ongi ulertuko diguten», adierazi du.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek kontatu du hilabete batzuk daramatzatela gaiari bueltaka. «Desoreka izugarria zela esan genion [Javier] Remirez kontseilariari. Eta pozik gelditu ginen haren erantzunarekin: autokritikaren beharra aipatu zuen, urratsak egiteko konpromisoa bere gain hartu zuen, eta herritarrek bereizkeriarik gabe tramiteak euskaraz egitea justizia kontua dela esan zuen».

Hortik aurrera, konpromiso zehatzak, plangintzak eskatu dizkio koalizio abertzaleak Gobernuari. «Urgentzia batzuk badira. Ez da kapritxoa, legez aitortutako eskubidea da inolako bereizkeriarik gabe administrazioarekiko harremana euskaraz ere izatea».

Pandemian agerian gelditu da bide telematikoa azkartzeko beharra. Ruizek berak korreo elektroniko bat bidali zuen euskaraz Gobernura antigeno proba positibo baten berri emateko eta aitortu du zalantza egin zuela ea gaztelaniaz idatzi izan balu baino beranduago iritsiko zitzaion erantzuna. Garaiz erantzun zioten, ongi, baina «beti dago zalantza hori. Zeri ematen diogu garrantzia? Ahalik eta lasterren nahi dugu erantzuna, eta babesgabetasuna ematen digu horrek».

Gainera, «tramiteez harago, arretaz ari gara». Defendatu duenez, Euskararen Lege berri batekin errazagoa litzateke, baina hori gabe ere badago tresna eta aukerarik.

«Baliabideak behar dira euskarazko edukiak itzultzeko eta gaurkotzeko, gaztelaniaz bezain azkar. Euskarabideak ezin du hori dena bere gain hartu. Ezin dio heldu departamentu guztien edukiak itzuli eta gaurkotzeko egin behar den guztiari, hori departamentuetan egin behar da. Hizkuntza planetan hori kontuan hartu izana espero dugu», erantsi du.

Errespetuz

Navarra Sumako Iñaki Iriartek, bere aldetik, ongietorria egin die UEMAko eta Behatokiko kideei. Euskaraz egin du bere mintzaldia. «Ez duzue lehen aldia Parlamentuan eta beti elkar aditu dugu, errespetuz. Aberasgarria izan da. Zuen ikuspuntuak entzuteak balio digu gureak birplanteatzeko».

«Kritikoak gara gehienetan UEMAk planteatutako hizkuntza politikarekin. Ez dugu uste administrazio mailan euskara sistematikoki galdegin behar denik. Baina bat etortzen gara euskara zaindu behar dugun altxorra dela, errespetu osoa merezi duten nafar batzuen hizkuntza. Logikoa erabili nahi izatea etxean eta etxetik at, hezkuntzan, osasunean, administrazioan ere bai», adierazi du.

«Konbentzituta» dago irtenbide bat topatzea posible dela. «Administrazioarekin harremanak euskaraz izateko eskubidea dute herritarrek, elektronikoak duen garrantzia kontuan hartuz, izapide guztiak euskaraz egin beharko lirateke. Egingarria izan beharko litzateke planteatzen duzuena. Arreta telefonikoan ez da hain erraza izanen, pertsona bat egon behar delako beste aldean», hausnartu du.

«Ahaleginak eta bitartekoak paratu behar dira herritarrok Gobernuaren izapideak euskaraz egin ahal izateko. Teknikoki ez da hain zaila izanen».

PSNko Inmaculada Juriok, gaztelaniaz, argudiatu du UEMAk eta Behatokiak Parlamentura eramandako auzia ez dela «diskriminazio arazoa», baizik eta «egokitu eta aitzinera egiteko beharrarekin» lotua. «Aurrera goazela uste dugu eta guk ere interesez jarraituko dugu gaia. Ezin dugu babestu bertzerik egin».

«Gaurko araudia ez da nahikoa»

Agurne Gaubekak poza adierazi du «gehienean» bat etorri direlako eta onartu dutelako «Nafarroako Gobernuak urteak daramatzala herritarron eskubideei behar bezala heldu gabe», baina ez dago ados erratean
gaur egungo araudia nahikoa dela hizkuntza eskubideak bermatzeko.

«Gure kezka da zerbitzu telematikoak eta bestelakoak garatzen doazela eta lanpostu elebidunak sortzen ez badira, langileak ez direla gai izango euskaraz egiteko. Beti atzeratzen goazen gaia da. Garaia da behingoz
hizkuntza planetan behar bezalako profil elebidunak ezartzeko».

Aitor Elexpuruk baikorra izan nahi duela erran du. «Gauzak egin dira,
legea denaren bermea ez bada ere ari gara poliki-poliki. Herritarrek egiten dituzten tramiteen lautik bat euskaraz egin dezakete, ea bira iristen garen. Beti aitzinera, errespetuz, gure hizkuntzaren alde. Udalen tratiteak %3ra iristen dira bakarrik, kezka dugu. Orain da
unea gauza hauek egunean jartzeko, oinarri sendo bat jartzeko».

Zonifikazioarekin lotuta, interesgarria ikusten du «zirkuitu elebidunak izatea», adibidez Beratik Iruñera deitzean aukera izateko euskaraz bidea egiteko. «Zonifikazioa gainditu dezaketen bide eta tresnak bilatu edo zehaztu behar dira».

«Euskaraz bizi nahi dugu, hori da afera», laburbildu du.