NAIZ

Bizi duten prekarietatea salatu dute Bilboko portuko behin-behineko zamaketariek

Bilboko portuko behin-behineko zamaketariek bizi duten prekarietatea salatu dute. Bai itsasontzietan bai biltegitean gordetze lanak peoi moduan egiten dituztela diote.

Bilboko portuko zamaketariek prekarietatea salatu dute.
Bilboko portuko zamaketariek prekarietatea salatu dute. (SOS behin-behineko zamaketariak)

Bilboko portuko enpresek zeregin osagarrietan behin-behinekotasuna eta prekarietatea bultzatzen dutela salatu dute zamaketariek.

«Lan hauek, zamaketarion zereginen barnean kokatu dira historikoki, eta orain, egungo hitzarmena, non zeregin hauek sartuta dauden, eta indarrean egon arren, behin-behineko langileek egiten dituzte, orduko kontratuekin. Egungo hitzarmenari uko eginez, beste motako hitzarmena hartuz, kanpoko langileak, ekonomia eta lan baldintza ezeberdinekin, eta formakuntza eza edota oso eskasarekin hartuz, 2020ko urritik, azpikontratazioaren eta prekarizazioaren aldeko apustua egin zuten», azaldu dute ohar batean.

Zeregin osagarri hauen galtzeak, zamaketari finko eta behin-behinekoetzat, lan kargaren %30 ez egitea suposatzen duela diote.

Zamaketari peoiaren zeregina itsasontzietako sotoetan edo kanpoaldean kargaren kokapen zuzenean datza. Horretarako, tresna ezberdinak erabiltzen dira: egurra, kateak, gomak, metalezko tresnak, mallak…

«Langileei, lanegunaren aurreko egunean deitzen zaie lan egiteko eta astelehenetan, egun berean. Etengabeko dei sistema honek asko zailtzen du familia kontziliazioa eta edozein motatako bizitza planifikazioa, are gehiago, 14 urtez dilatatuta dagoenean», salatu dute.

Gainera, covid-19aren pandemiak egoera kaskartu duela nabarmendu dute: «Behin-behineko zamaketariek, pandemia agertu arte, astelehenetik ostiralera baino ez zuten egiten lan. Horren bitartean eta ondoren, asteburuetan eta astean zehar gaueko peoi lanak ere egiten hasi ziren. Azken ‘eskubide’ hau ukatu zaie, 2020ko lan grebari haien babesa emateagatik».