Idoia Eraso Gisasola
BAIONA

Erdi Aroko 80 hezurdura aurkitu dituzte Baionako erdigunean

Baiona Ttipian XIII. eta XVIII. mendeen artean egon zen komentu baten aztarnak aurkitu dituzte; barnean ehortziak izan ziren 80 bat hezurdura dauzkan hilerri bat, Erdi Aroko bide harriztatu bat eta Errobi eta Aturri ibaien artean dagoen auzoaren zimenduak egiten dituzten hesolak. 

Atzemandako hezurduretako bat. (Dorothée POIRIER/INRAP)
Atzemandako hezurduretako bat. (Dorothée POIRIER/INRAP)

Aturri eta Errobi ibaiak elkartu aitzin dagoen penintsula da Baiona Ttipia auzoa, eta, dirudienez, tarte hori ez zen lur idor bihurtu XII. mendera arte, populazioa handitzeak espazio eskasia eragin zuen arte. Lur heze hori bizitoki bilakatu ahal izateko hesolak ezarri zituztela esaten bazen ere, ez da inoiz horren frogarik aurkitu, orain arte. Aurkikuntza horretan, beste azpiegitura batzuk ere aurkitu dituzte; bi garaitako bideak, bai eta inongo mapetan agertzen ez den hilerria ere.

Indusketa horiek Bilaketa Arkeologiko Prebentiboen Institutu Nazionala (Inrap frantsesez) egiten ari da, Jacques-Laffitte eskola zenaren kanpoko jolastokian. 1.240 metro koadro dituen espazio hori ikertu dute, hain justu, bertan Bonnat-Helleu Arte Ederren Museoa handitzeko lanak egiten ari direlako. Aurkikuntzak hiru hilabetez estaliko dituzte, erakustokiaren lanak aurreratu ahal izateko.

Bigarren etapa udaberrian eginen da, eta sakonago ikertuko dute. Bertan ur-bazterrak eta itsasontzi aztarnak atzematea espero dute. Horren azpian dauden aztarna primitiboen bilaketa ere eginen da, ingurumenean gizakiek izan duten eragina aztertu ahal izateko.

Dirudienez, 1221 eta 1222. urteen artean domingotarren komentu bat ezarri zen bi ibaien arteko penintsularen bazterrean, eta 1273an handitu egin zen, handik hamarka metrora dagoen indusketa guneraino bederen. Monasterioaren barneko partean 40 bat ehorzleku atzeman dituzte, baita hezur meta anitz ere. Hilerrian ez zituzten fraideak soilik lurperatu; emakumeen eta haurren hezurdurak ere atzeman dituzte, arkeologoen arabera, toki sakratu horretan ehortziak izateko diru gehiago ordaindu zutenenenak.

Hilobi gehienak toki bakarrekoak eta sinpleak dira, egur taulekin estaliak. Hilobi batzuk hormaren kanpoaldean edo barruko angeluen azpian atzeman dituzte, denborarekin ahantziak izan zirela eta egitura berriak eta hilobi berriagoak ezarri zirela pentsarazten duena.

Inrap-eko adituen hitzetan, indusketa hauen arazoa okupazio modernoak eta Erdi Arokoak batzen direla da. Lehen indusketei esker, hastapeneko mendeetako karrikako maila ezberdinetan bederen hiru eraikin atzeman dituzte. Ondoren, material modernoagoekin espazioa jasoa izan zen, eta XVII. mendearen erdialdean lau eraikin moderno bederen egin zituzten kalearen bazterrean.

Lur lehor bihurtu zuteneko garaiari buruz atzeman dituzten aztarnak nabarmendu dituzte Inrapeko arduradunek; izan ere, kondaira gisa kontatzen zen hesolen gainean egina zela auzoa, baina orain frogatua geratu da, eta, gainera, horri esker, zenbateko sakonera eta zabalera duten aztertu ahal izanen dute, baita erabilitako egitura zein izan zen ere. Dirudienez, zaharrenak XI. mendekoak dira, baina egurraren azterketak zehaztuko du garaia.

Bi bide ere atzeman dituzte jolastokiaren erdian; bata garai modernokoa, XV. eta XVIII. mendeen artekoa, eta horren azpian, Erdi Aroko beste bat. Gainekoa lastarekin egindakoa da, eta horri esker Baionako portura etortzen ziren itsasontzien jatorria ezagutu ahal izanen da.

Mende ezberdinetako aztarnak atzeman dituztela kontuan izanik, estratigrafiari garrantzi handia emanen diotela nabarmendu dute, eta aldiro, aurkikuntza guztiak argazkitan hartuak eta erregistratuak izanen dira, handik atera eta aztertuak izateko prestatzeko.