NAIZ

Beheranzko joera motela da oraindik eta 1.103 lagun erietxean daude Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 7.248 koronabirus kasu positibo berri atzeman dira azken orduetan eta 1.103 pertsona daude ospitaleetan ingresatuta, horietatik 138 ZIUan. Nafarroan lau pertsona zendu dira covid-19arekin azken orduetan.

Gurutzetako ospitalea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Gurutzetako ospitalea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Hego Euskal Herrian 7.248 koronabirus kasu positibo berri atzeman dira azken orduetan eta 1.103 pertsona daude ospitaleetan ingresatuta, horietatik 138 ZIUan. Nafarroan lau pertsona hil dira covid-19arekin, eta EAEn 197 azken astean.

Positiboek gora egin dute Nafarroan, 1.836 kasu positibo atzeman dira astelehenean. Aurreko egunean baino 571 gehiago izan dira; dena den, egin den proba kopurua bikoitza izan da (4.360). 22 pertsona ingresatu dituzte plantan, bi ZIUan eta lau pertsona zendu dira birusarekin.

4.360 proba egin ziren Nafarroan eta %42,1eko positibotasun tasa erregistratu da. Aurreko eguneko datuekin alderatuta, nabarmen egin dute gora kasu positiboek lurralde honetan.

Egun, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 281 pertsona daude koronabirusarengatik ospitaleratuta, horietako 32 zainketa intentsiboko unitatean.

Beheranzko joera motela

Covid-19aren EAEko intzidentzia tasak beheranzko joera mantentzen du, baina joera hori «motela» da, Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburuak asteartean prentsaurrean ohartarazi duenez. 13.507 proba egin eta 5.412 kasu positibo berri atzeman dira azken egunean, eta 790 pertsona daude ingresatuta ospitaleetan, horietatik 684 plantan eta 106 ZIUan.

Sailburuak onartu du Osakidetzako lehen arreta estu dagoela, kutsatze maila altuen ondorioz: astearte honetan ere 5.000 kasu positibo berritik gora zenbatzea aurreikusten du sailburuak. Ohartarazi du, halaber, erreprodukzio indizea 1aren azpitik badago ere, pixkanaka gora egiten ari dela. «Erne egon behar dugu», esan du.

Datu kezkagarriena, nola ez, heriotzena da. Soilik azken astean 200 pertsona hil dira EAEn covid-19arekin. Sagarduik kasu positiboen kopuru altuarekin lotu du datu hau, eta ez omicron aldaeraren larritasunarekin.

14 egunetako intzidentzia tasak, ordea, behera egiten jarraitzen duela jakinarazi du Sagarduik: 3.993,57 kasu dira 100.000 biztanleko, aurreko igandean baino 295 puntu gutxiago. Halaber, 46 pertsona gutxiago daude ingresatuta ospitaleetan eta sei gutxiago ZIUan.

«Asko izaten jarraitzen dute, baina egia da egoera egonkortu dela esan daitekeela», baieztatu du Osasun sailburuak.

Jarduera kirurgikoa

«Egoera zaila den arren» Osakidetza jarduera kirurgikoari berriro heltzen saiatzen ari dela ere esan du Gotzone Sagarduik. Hala, adierazi du ospitale «nagusi» batzuek goizetan programatutako jarduera kirurgikoaren %80 eta %100 artean gauzatzen ari direla.

Pandemiaren datuek hobera egiten badute, arratsaldeetan programatutako kirurgiak ere berreskuratzea aurreikusten du Lakuak.

3.535 plaza

Astearte honetan ireki da Osakidetzako lan eskaintza publikoko prozesua. 3.535 plaza eskainiko dira orotara otsailaren 24an amaituko den prozesuan.

Asteartean hasi da lehen fasea (bigarrenari udaberrian ekingo zaio) eta 19 kategoriatan 1.611 plaza eskaniko dira. Lehen arretari «lehentasuna» emango zaiola esan du Sagarduik: familia medikuntzarako 322 plaza eskainiko dira eta pediatrian 62.