Maite Ubiria

Bi urteko hutsunea betetzeko irrikaz, maiatzaren 8an hitzordua Senpereko lakuan

Bi urte igaro ondoren, Ipar Euskal Herriko ikastolek hitzordua eman dute heldu den maiatzaren 8rako Senperen. Herri Urratsen 39. edizioa zer molde zehatzean ospatuko den jakiteko goizegi bada ere, euskaltzaleei deia luzatu diete antolatzaileek ‘Itzulera’ leloa izanen duen ekimena babes dezaten.

Herri Urrats elkartearen ordezkarien eta Seaskako lehendakariaren ondoan Amaia Ampo, 39. edizioko lelo eta irudiaren sortzailea.
Herri Urrats elkartearen ordezkarien eta Seaskako lehendakariaren ondoan Amaia Ampo, 39. edizioko lelo eta irudiaren sortzailea. (Guillaume FAUVEAU)

Ezinbestean «olatuak hartzen» ikasi egin dutela aitortu dute astearte honetan Seaskak Kanbon duen egoitza nagusian eginiko agerraldian Herri Urrats bestaren antolatzaileek.

Bi urte igaro ostean, ekimena Seaskaren bosgarren kolegioa erakitzeko lanak ordaintzeko lagungarria izanen dela azaldu dute. Beste xede bat ere jarri diote hitzorduari: berriz ere euskaltzaleen topaleku izateko nahia du Herri Urratsek.

Ziburuko Piarres Larzabal kolegia txiki gelditu denez, 2023ko ikasturte hasieran prest izatea nahi luke Seaskak Senperen kokatuko den bosgarren kolegioa. Hain zuzen, Seaskaren lehendakaria den Peio Jorajuriak esker oneko hitzak izan ditu Senpereko auzapezak Dominique Idiartek eta bere udal taldeak proiektua gauzatze aldera eskainitako laguntzagatik.

«Senpereko Herriko Etxeak lur eremu eder bat proposatu digu justu Herri Urrats egiten den lakuaren ondoan», baieztatu du Jorajuriak.

Astearte honetako agerraldian 1984. urteaz geroztik usaian maiatzako bigarren igandean ospatzen den bestaren gaineko hainbat xehetasun eman dituzte Ipar Euskal Herriko ikastolen ordezkariek.

Covid-19ak eragindako pandemiak hala behartuta bi urtez luzatu zen geldialdiari aipu egin diote 39. edizioko leloa aukeratzeko orduan. ‘Itzulera’ izanen da.

Berriki zendu den Guillermo Etxebarriaren omenez

Herri Urrats elkarteak urtetan Bernat Etxepare lizeoko zuzendari izan den Guillermo Etxebarria omendu nahi izan du. Berriki zendu da Herri Urratsen sortzaileetariko bat izan den irakaslea.

Horrekin batera pandemiaren garai gogorrari aurre egin dioten ikasleak omendu nahi izan ditu Seaskak.

Hala maiatzaren 8an, osasun egoeraren arabera ohiko formatuan edo egokitutako batean iraganen den euskararen bestaren leloa eta irudia sortzeko lehiaketa garatu dute ikastoletan.

Orotara 235 proposamen jaso dituzte Herri Urratsen antolatzaileek. ‘Itzulera’ leloaren osagarri gisa 80. hamarkadan baliaturiko sinboloa berreskuratu dute. Zapatila batekin irudikatu baitu Amaia Ampok Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko ikasleak Senpereko aitziran finkaturiko hitzordua.

Bestalde, Zetak taldeari egokituko zaio aurten Senpereko lakuan antolaturiko besta eguna girotuko duen kantua sortzea.

300.00 euroko uzta utzi zuen Boga kanpainak

Azken bi urtean zinez bereziak izan direla aitortu dute Herri Urrats elkarteko ordezkariek. Hala eta guztiz ere, iaz 30 herri urrats txiki egin zirela oroitarazi ondoren Boga kanpainaren bidez helburu ekonomikoak erdietsi zituztelako kontent azaldu dira. «300.000 euro lortzeko helburu utopikotzat jo genuen baina konduak hestean ikusi genuen helburu hori lortu genuela», azaldu dute.

Erakundeek, enpresek eta Euskal Herri osoko euskaltzaleek eginiko diru ekarpenari esker abagune zaila ahal izan dutelako gainditu eskertuta azaldu dira Herri Urratsen antolatzaileek.

Maiatza urrun bada ere, Iparraldeko ikastolen aldeko bestara urratsez urrats eginen da. Hartara, giroa berotze aldera ohiko zozketa eta jantzien salmenta ez dira faltako.

Horrendako gaurdanik bertze hainbat data marraztu dituzte Herri Urratsen antolatzaileek egutegian.

ETBko Go!azen telesailaren 8. denboraldia otsailaren 4an bukatuko da. Bada bezperan, otsailaren 3an, hainbat aktoreen presentziarekin, azken atalaren aurredifusioa eginen dute Donibane Lohizuneko Le Select zinegelan.

Martxoaren 13an igandearekin, berriz, Hitzetik Urratsera ekimena antolatu dute. Miren Artetxe, Odei Barroso, Saioa Alkaiza, Eneko Lazkoz, Nerea Ibarzabal eta Jone Uria bertsolariak Senpereko Larreko gelan antolaturiko bertso saio berezian elkartuko dira.

Otsailaren 4an giza-katea Baionan azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko

Herri Urratsen ospakizuna berreskuratzeak sortzen duen itxaropen giroa zerbait lausotzera heldu da Jorajuriak Hezkuntza erretoretzarekin joan den astean izandako bilerari buruz eskainitako bilanak.

Otsailaren 4 aitzin jakinarazi beharko du aipaturiko erakundeak Baxoa eta Brebet azterketak euskaraz pasatzeko aukera izanen duten murgiltze ereduan jarduten duten ikasleek.

Hezkuntzak plazaraturiko azkeneko zirkularrari helduta hainbat ohar egin ditu Jorajuriak, Euskararen Erakunde Publikoarekin harturiko engaiamendua errespetatzea galdeginez.

Baxoari dagokionez ikasle guztiek Ahozko Handia izena duen azterketa euskaraz egiteko aukera izan dezaten errespetatu beharko dutela oroitarazi du. Brebetaren kasua, azterketa ekainean denez, Seaskak ez duela «antolaketa teknikoari buruzko aitzakiarik», aitzineratu du Jorajuriak.

«Guretako ez da dudarik, azterketak euskaraz egiteko eskubidea dugu eta Brebet eta Baxoa azterketetan aitzinamendurik ez badugu, gure eskubideak errespetatuak izan arte borrokatzeko prest gira», adierazi du Seaskaren lehendakariak.

Ildo horretan, otsailaren 4an mobilizazio baterako deia luzatu du Seaskak. Arratsaldeko 16.30ean tren geltokitik atera eta Suprefeturaren egoitzara luzatuko den giza katea eginen du, «Aturri ibaiaren bazterrean azterketak euskaraz izan daitezen ozen aldarrikatzeko».