NAIZ

Pintadak egin dituzte Basterretxearen ‘Egun on Baiona’ eskulturan

Lapurdiko hiriburuko Nestor Basterretxearen ‘Egun on Baiona’ eskultura, artistak egin zuen azken obra, pintatua agertu da igande goiz honetan. «Hau kaka da… euskalduna…», jarri diote frantsesez. Udal langileek berehala garbitu dute herriari esker onez egindako artelana.

Mezu iraingarri honekin esnatu da Nestor Basterretxearen ‘Egun on Baiona’ eskultura.
Mezu iraingarri honekin esnatu da Nestor Basterretxearen ‘Egun on Baiona’ eskultura. (@MikelArreseigor)

Baionako Nestor Basterretxearen eskultura pintatua azaldu da igande goiz honetan. «Hau kaka da… euskalduna…», idatzi dute frantsesez ‘Egun on Baiona’ izeneko obraren gainean. Joan den azaroan inauguratu zuten artelana. Mugimenduan ulertu eta ikusi behar den eskultura dela azaldu zuten, Baionaren historia eta nortasuna gorpuzteko xedea duena.

Udal langileek mezu iraingarria azaldu eta abisua jaso orduko ekin diote garbitzeari eta zuri gelditu da berriz eskultura.

Udal langileak, ‘Egun on Baiona’ eskultura garbitzen. (Guillaume FAUVEAU)

Azken obra, beti ongi hartu zuen herriari eskainia

Eskultore zenaren familia hunkituta eta kontent agertu zen inauguratu zutenean. Ekitaldian izan ziren senideak. Izan ere, ez da edozein obra Baionan jarri zutena. 1924an Bermeon jaio eta 2014an Hondarribian hil zen eskultore, margolari eta zinemagilearen azken eskultura da.

Orduan agertu zutenez, Lapurdiko hiriburuan beti jaso zuen tratu ona eskertu nahi izan zuen artistak lan honekin. Pedroseko moilan aurkitu du bere lekua obrak, Atturri eta Errobi ibaiek bat egiten duten lekuan, Baionako Udaletxearen aitzinean, denen begi bistan, eskultoreak nahi izan zuen bezala.

Zuri indartsu batez diseinatu zuen Basterretxeak, 5,40 zabal eta 7 metro luzeko dimentsioekin. Argiak ere jarri zizkion inguruan, obra gauez ere bizitzeko. Hil baino gutxi lehenago Baionari egindako promesa izan zen eskultura, artearen bidez bilgune den eta munduari irekia dagoen hiria omentzeko.