Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Imanol Rojo, bere hirugarren Olinpiar Jokoetara bidean, gazteen «inspirazio» iturri

Imanol Rojo iraupen eskiatzaileak bere hirugarren Olinpiar Jokoak lehiatuko ditu. Iaz Oberstdorfeko Munduko txapelketan lehendabiziko hogeien artean bukatu zuen lasterketa eta hori hobetzea izango du helburu. Dena dela, hankak lurrean iristen da Pekinera, Peyeongchang-eko dezepzioa ez errepikatzeko.

Imanol Rojo, iraupen eskiatzailea.
Imanol Rojo, iraupen eskiatzailea. (BASQUE TEAM)

«Bakardadea asko gustatzen zait, bestela ez nuke kirol hau aukeratuko. Batzuetan gogorra egiten zaizu baina aukeratu egin dut, nire pasioa da eta ez dut arazo moduan ikusten». Imanol Rojo iraupen eskiatzailea Pekingo Olinpiar Jokoetara bidean da, hirugarren hitzordu olinpikoa da eta Sochin baino esperientzia gehiago bereganatu duela ukaezina da. 

«Oso kirol gogorra» dela ere onartu du Basque Team Fundazioko bekadunak erakunde honek eginiko dokumentalean. «Asko mugitu behar naiz, neketsua da eta denboraldia nekatuta bukatzen dugu», dio. Oso gaztetatik ohitu zen bidaietara, gaztetan elur bila joaten baitzen Somport eta Candanchu aldera. 

Duela bi urte entrenatzeko moduan aldaketak eman zituen, Andorrako Federazioarekin aritu da entrenatzen eta uste du hobekuntza «nabarmena» izan dela. «Oso pozik nago eta urtero hobeto sentitzen naiz, gorputzaldi oso ona daukat eta ea mantentzen den», azaldu du. 

Iritzi du Sochiko Olinpiar Jokoetarako ibilbidean goranzko bidean zegoela, beti hobetzen zuela baina honen ostean, hobekuntza hori geratu egin zela. Bere anai Joseba –eskiatzaile ohia baita ere– ados dago, ondorengo bi urteetan «burbuila batean sartuta zegoela sentitzen zen eta aldaketa bat behar zuen. Munduko txapelketa baino lehenago entrenatzaile aldaketa egin zuen eta ondo etorri zitzaion». 

Izan ere, Oberstdorfeko Munduko txapelketan lehendabiziko hogeien artean bukatu zuen lasterketa, bere lorpenik handiena izan da, meritu handiko lorpena. «Munduko txapelketan eta Munduko Kopan lehiatzeko behar dira errekurtso minimo batzuk, oso txikiak gara baina behar dugun guztia daukagu», hausnartzen du Imanol Rojok eta hortik, Munduko lehendabiziko hogeien artean helmugaratzea sekulako garaipena da. 

Olinpiar Jokoetara begira, emaitza berdindu edo hobetzea da xedea. Anaiaren ustez, badauka hobetzeko gaitasuna. Imanolentzat «ametsa dena ematea da, lehendabiziko 10en artean bukatzea agian gehiegitxo da». 

Gipuzkoarrak ez ditu aurreikuspen gehiegirik egin nahi ere, Peyeongchang-eko dezepzioa ez errepikatzeko. Oinak lurrean –edo elurretan– lehiatuko da Pekinen, eta bere ibilbidea «hasiera besterik izan ez dadin» nahi du, gazteenei iraupen eskiko bidea ireki nahi baitie. 

Juaristi eta Añarberen eredu

«Erreferente bat gurean edukitzea oso garrantzitsua, gazteenek ikusten baitute saiatuz gero posible dela», dio bere anai Josebak, zeinak duela hiru urte Rojo Team teknifikazio taldea sortu zuen «gazte askok eskiatzen jarraitzeko baliabiderik ez zutela» ikusita. 

Bertan hazten jarraitu dute Alaia Juaristi eta Peio Añarbe eskiatzaileek, biak Basque Teameko bikaintasun programaren barneko kirolariak. Duela hiru urte egin zuten bat Joseba Rojok sortutako taldean eta Juaristik ez du zalantza egin Joseba berarentzat «anai» bat bezalakoa dela. «Izugarria» iruditzen zaio «Euskal Herriko bat egotea Munduko txapelketan lehendabiziko hogeien artean». «Meritu handia dauka», dio Imanol Rojotaz. 

«Iruditzen zait Imanolek sakrifizio asko egin dituela, orain iritsi dira lanaren emaitzak eta ikusten dut pena merezi duela», onartu du azpeitiarrak. Zortzi urterekin izan zuen lehen kontaktua eskiarekin eta ordutik, harrapatu egin zuen. 

Podium batera igotzearekin egiten du amets baina ez zaio gustatzen aurreikuspen gehiegi egitea, pausoz pauso joan nahi du, alegia: «Denboraldi izugarria egitea gustatuko litzaidake». 

Podiumarekin baita ere amets egiten du Peio Añarbek, baita Espainiako Kopan emaitza onak bildu eta Europako Kopara sailkatzearekin ere. Gasteiztarra Jakara lekualdatu zen «elurretik gertuago egon eta kasik egunero» entrenatu ahal izateko; iraupen eskiaren aldeko apostua egin zuen, alegia. 

«Inspirazio» gisara ikusten du Imanol Rojo, beraren mailara iristea gustatuko litzaiokeelako. Bere mugimenduak edota eskiatzeko moduan arreta jartzen duela ere onartu du.