Dabid Lazkanoiturburu

EBren Itun Berdearen hilobiratzea salatu du Vaam hiritar mugimendu ekologistak

Avaaz munduko hiritar mugimenduak gogor salatu du Europako Batasunak energia nuklearra eta gasari «label berdea» emateko duen asmoa. Frantziako eta Alemaniako gobernuek eta Bruselako Batzordeak bultzatu dute neurria.

Scholz kantzelari alemaniarra, Macron presidente frantsesa  eta Von der Leyen EBren agintaria, hilobiratzean.
Scholz kantzelari alemaniarra, Macron presidente frantsesa eta Von der Leyen EBren agintaria, hilobiratzean. (Francois WALSCHAERTS | AFP)

Avaaz munduko hiritar mugimenduaren hiru kide Europako Batasunaren goi agintarien karetekin mozorrotu dira energia nuklearra eta gasa energia berriztagarrien parean jartzeko asmoa salatzeko. Bruselak erabakia baieztatu aurretik egin dute antzezpena.

Ursula von der Leyen Bruselako Batzordearen presidenteak, Olaf Scholz Alemaniako kantzelariak eta Emmanuel Macron Estatu frantsesaren presidenteak Europako Itun Berdea lurperatu dute ekintzaileek egin duten «perfomancean».

Avaaz erakundea 2007an sortu zen Amerikako Estatu Batuetan (AEB) eta larrialdi klimatikoaren aurka egiteaz gain, giza eskubideak, animalien eskubideak eta bakea ditu ardatz, txirotasunaren, ustelkeriaren eta gerraren aurkako lana ahaztu gabe.

2030 eta 2050 urteetarako Europako Batasunaren isuriak murrizteko planaren izena idatzita zuen hilarria lurperatu dute Europako Batzordearen eta Kontseiluaren aurreko plazan Macronez, Scholzez eta Von der Leyenez mozorrotutako ekintzaileek.

«Argi berdea»

Izan ere, gaur bertan aurkeztu du Europako Batzordea inbertsioak energia garbietara bideratzeko plana, taxonomia izenekoa.

«Gasari eta nuklearrari etiketa berdea jartzeak milaka milioi proiektu zikinetara bideratzea suposatuko du, iturri berriztagarriak bultzatu ahal izateko behar dugun dirua, gogora ekarri du Sam Ryan Avaazeko bozeramaleak. «Itun Berdearen heriotzaren aurrean gaude», gaineratu du, bere ustez EBk 2050erako agindu dituen helburuak ezin izango dituelako bete.

EBren Exekutiboak, urteetako lanen ondoren, urtarrilaren 31n aurkeztu zuen taxonomia plana. Bertan 2045. urtea baino lehen eraikitzeko baimena duten eta izango duten zentral nuklearrak eta neurri bateraino isurketa duten argindarra sortzeko gas plantak jasangarrien artean sartzea proposatu zuen.

Nuklearra eta gasa «zuritu»

58 erreaktore nuklear martxan dituen eta dozenaka berri eraikitzeko asmotan den Frantziak sutsu defendatzen du nuklearra «berdetzea», zuritzea, hobe esanda. Txekiar Errepublikaren, Hungariaren eta Finlandiaren babesa du.

Alemaniak ez du energia nuklearra zuritzea ondo ikusten, bai ordea gasa, betiere ikatzik gabeko ekonomia batera bideratzeko.

Alemaniak aurten zentral nuklear guztiak ixteko konpromisoa du, baina bere energiaren %26a ikatzetik eta huilatik ateratzen da.

Estatu espainolak, Austriak, Danimarkak eta Luxenburgok plan hori arbuiatzen dute eta ez daude ados nuklearra eta gasa energia berriztagarrien parean jartzearekin.