NAIZ

Geroa Sozialberdeak: «Nafarroa ezin da inolaz ere truke txanpona izan»

Uxue Barkos Geroa Sozialberdeen idazkari nagusiak larunbat honetan exijitu du UPNk eta PSOEk ez dezatela Nafarroa «trukerako txanpon» bihurtu, eta salatu du herrialdeak ez duela merezi «zentzugabekeriaren epizentroa» izatea.

Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordea, Geroa Sozilberdeak alderdiaren batzarrean.
Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordea, Geroa Sozilberdeak alderdiaren batzarrean. (@socialverdes)

Uxue Barkos Geroa Sozialberdeen idazkari nagusiak politika egiteko beste modu bat aldarrikatu du larinbat honetan alderdiaren lehen Ohiko Batzarraren aurrean. Aste honetan Nafarroako panorama politikoan bizitakoaren ondoren, ezberdinen artean akordioak lortzeko beste modu bat defendatu du Barkosek, baita gizartearen ongizaterako erreformak finkatzeko beste modu bat ere.

«Badago politika egiteko beste modu bat, Nafarroa trukerako txanpon bihurtzen ez duena», gaineratu du idazkari nagusiak, eta salatu du herrialdeak ez duela merezi «zentzugabekeriaren epizentroa» izatea, edo «beste behin» ere Madrilgo interes taktikoetarako txuke txanpona izatea.

Horren aurrean, Barkosek politikan printzipioen irmotasuna aldarrikatu du, baita malgutasuna akordioetan ere, eta etorkizunari begiratzeko politika.

Barkosek azaldu duenez, hori guztia «ideologia sozialberdea» da, eta hori islatzen da «gure garaiko erronka nagusia, trantsizio ekologikoa, berdintasun sozialerako tresna, hazkunde orekatu, justu eta ekitatiborako aukera bihurtzeko konpromisoa hartzen dugunean, edo uste berarekin hazkunde energetiko edo industrialeko proiektu berriak bilatzen ditugunean, despopulazioaren aurkako formula berrien alde egiten dugunean bezala». Era berean, udalen aldeko apustua egin du idazkari nagusiak.

Barkosek berretsi egin du Nafarroa aurrerakoi eta anitzaren alde lan egiteko Geroa Sozialberdeen konpromisoa, baita autogobernuaren defentsan lan egiteko konpromisoa ere, bere erakunde demokratikoekiko errespetutik hasita.

Bestalde, Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordeak, aste honetan bizitako «sainetearen» aurrean, Geroa Bairen proposamen politikoa defendatu du, eta, zehazki, Geroa Sozialberdeen eraketak ekarri duen bultzada eta haize freskoa.

Geroa Baik zuzentzen dituen sailen lana defendatu du Aierdik. «Sail horien politika sektorialek eragin kualitatibo handiena dute gidatzen ari garen ekoizpen-eredua eraldatzeko prozesuan. Hain zuzen ere, gauzak modu eraginkorrean eta nabarmenean aldatzeko palanka gisa erabiltzen ari diren politikak kudeatzen ditugu», adierazi du, eta proiektu zehatzak aipatu ditu, hala nola, Klima Aldaketari buruzko Foru Legea, Etxebizitzari buruzko Foru Lege berria, Euskararen Plan Estrategikoa, Nafarroako Ubidearen aprobetxamendu fotovoltaikoa, Biziberri plana edo Next estrategia, besteak beste.

Ohiko batzarra

Goizean zehar, Geroa Socialberdeak alderdiaren lehen Ohiko Batzarra egin dute Iruñean, 2020ko abenduan egindako Batzar Eratzailearen ondoren. Jardunaldi honetan, Batzarrak Nafarroako Konferentzian parte hartuko duten 11 pertrona aukeratu ditu. Izendapen horiekin eratu da organo politiko hori, zuzendaritzako kideek, eskualdeko batzordeetako koordinatzaileek eta alderdiko kargu publikoek ere osatzen dutena.

Bileran, alderdiaren antolaketan izandako aurrerapenen berri ere eman da, eta garrantzi berezia eman zaio alderdiaren lehen urtean lortutako lurralde-ezarpenari, 12 eskualde-batzarren sorrerarekin, bai eta udal-eremuan egindako lanari eta tokiko elkarteekin lortutako sinergiei ere. Horri esker, azaldu du alderdiak ohar batean, «Geroa Bairen Parlamentuko Taldearen eta Nafarroako Gobernuaren ekintza politikoa bideratu ahal izan da».

Gaineratu dutenez, asanbladak indartu egin du alderdiak politika sozialberdeen alde egindako apustua, zerbitzu publikoetan eta ongizate-estatu oso batean oinarrituta, politika publiko guztien iraunkortasun soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa bermatzeko. Eta nabarmendu dutenez, arreta berezia jarriko da klima-aldaketaren eta gizarte-desberdintasunen aurkako borrokan.