Idoia Eraso

Blanquerrek euskararen aldeko aitzinamenduak aipatu ditu Europan, Seaskak oztopoak salatu ditu

Europako Parlamentuko Kultura eta Hezkuntza Batzordearen aurrean mintzatu da astelehen honetan Jean-Michel Blanquer. Pernando Barrena eurodiputatuaren galderari erantzunez murgiltze ereduaren aldeko zirkularra aitzinamendu gisa aipatu du, baina Seaskatik geroztik izan diren oztopoak salatu dituzte.

Ostiralean Baionako karriketan azterketak euskaraz egin ahal izateko mobilizazioa.
Ostiralean Baionako karriketan azterketak euskaraz egin ahal izateko mobilizazioa. (BOB EDME)

Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministro fransesak Europako Parlamentuko Kultura eta Hezkuntza Batzordearen aitzinean hitz egin du astelehen honetan. Pernando Barrena eurodiputatuak hizkuntza politikari buruz egin dizkion galderei erantzunez murgiltze eredua ahalbidetzeko abenduan Hezkuntza Ministerioak argitaratu zuen zirkularra aipatu du aitzinamendu gisa, baina Seaskatik nabarmendu dutenez «arazoa zirkularra plazaratu ondotik ikusten dugu».

Brebeta eta baxoa azterketa ofizialak euskaraz egin ahal izateko egiten ari diren mobilizazioen baitan, joan den astean Seaskako hainbat irakaslek brebeta frantsesez zuzentzeari uko egiteagatik jaso zituzten zigor gutunak ez ditu aipatu ministroak.

Orain Errepublikak koalizioko eurodiputatuaren galderan azterketak euskaraz egin ahal izateko diren oztopoak eta zigorrak aipatu baditu ere, erantzun eza hori «seguraski ez duelako galdera ondo ulertu» izan dela adierazi du Peio Jorajuria Seaskako presidenteak. Itzulpen arazo bat litzateke, non galderan ez zaion azterketen gaia helarazi ministroari.

«Maleroski Blanquerrek ez dio eurodiputatuak egindako galderari erantzuten, egoten da orokortasunean, egoten da zirkularraren publikazioan, eta aitzinamendu bat dela zirkularra, eta hori bagenekien, arazoa ez da hori, arazoa zirkularra plazaratu ondotik ikusten dugu», gaineratu du Seaskako presidenteak. Arazoak joan den astean agertu ziren, izan ere, zigor gutunez gain, azterketak ezin izanen direla euskaraz egin jakinarazi zuen Hezkuntza Nazional frantsesak.

Orain Errepublikak koalizioko eurodiputatuak egin dion galderan azterketak euskraz egin ahal izatearen kontra hartu diren desmartxak aipatu dira, irakasleen kontrako jazarpena. Baina itzultzaileak ez ditu baxoa eta brebeta aipatu, eta ondorioz sahiestu egin du horrekiko lotura egitea, eta irakasleak ez direla «jazarpenik» izaten ari baieztatu du.

Ministroaren diskurtsoari buruz Ikastolen Federazioko presidenteak adierazi du: «Hezkunde Nazionalak irakasleei nahitara eman zizkion zigor horiek aipatzen ahal zituen, baina eskapatzen da».

Eskerrak

Lehen momentutik Seaskatik eurodiputatuek egindako desmartxa preziatu dutela nabarmendu nahi izan dute. Presidenteak zera adierazi du: «Eskertu nahiko genituzke eurodiputatuak galdera hori eginagatik, gure gaia maila guztietan aipatu behar da eta denek bere gain hartzea preziatzen dugu, sostengu gisa ikusten dugu galdera».

Azterketak euskaraz egin ahal izateko aldarrikatzeko eta Hezkuntza Ministerioatik izan diren zigorrak salatzeko beste bide bat ere izan zen joan den ostiralean, Baionako karriketan 1.500 pertsona bildu zirenean.

Euskaltzaindiak ere bere aldarrikapena zabaldu zuen aurreko astean plazaratu zuen agiriaren bitartez, non Gobernuari azterketak euskaraz egin ahal izateko eskaera helarazten dion.

«Ez zara frantsesa»

«Frantsesa ez bazara ere frantses polemika bati heldu diozu», aurpegiratu dio Blanquerrek euskal europarlamentariari.

Ministroak aipagai duen zirkularra Molac Legeari buruz Kontseilu Konstituzionalak murgiltze eredua (besteak beste ikastolena), antikonstituzionaltzat jo eta gero, ebazpenari erantzuna da, izan ere «mugak ezarri baino koadro juridikoa eman zuela» defendatu du Blanquerrek .«Frantziako gaurko testuinguruan helburua ez da mugak ezartzea, baizik eta eskualde hizkuntzen sustapena», gaineratu du ebazpena zehazteko plazaraturiko zirkularra hizpide izan duen ministroak.