Murgiltze eredua Konstituzioaren aurkakoa izanik ere, «posible» dela dio Hezkuntza Ministerioak

Hezkuntza Ministerio frantsesak ostegun honetan atera duen zirkularrean murgiltze sistema «hezkuntza elebiduna eskaintzeko estrategia posible bat» dela erran du, Kontseilu Konstituzionalak maiatzean eredu hori Konstituzioaren aurkakotzat jo ondoren, bi hizkuntzetan aise aritzea ahalbidetzen duelako.

Murgiltze ereduaren aldeko mobilizazio aniz izan dira urteetan zehar. (BOB EDME)
Murgiltze ereduaren aldeko mobilizazio aniz izan dira urteetan zehar. (BOB EDME)

Murgiltze eredua baliozkoa dela erran du Hezkuntza Ministerio frantsesak ostegun honetan atera duen zirkularrean. Maiatzean Kontseilu Konstituzionalak hezkuntza osorik euskaraz eskaintzen duen eredua Konstituzioarekin bat ez datorrela ebatzi ondoren, ebazpen hori nola aplikatu behar zen zehazteko atera da zirkularra, eta bertan frantsesa eta hizkuntza gutxitu bat ikasteko murgiltzea «estrategia posible bat dela» adierazi du.

Murgiltzea onartzearen erabakia arrazoitzeko, hezkuntza sistema horri esker ikasleek bi hizkuntzak «aise» ikasten dituztela argudiatu dute. Balizkoa dela dio ikasaldiaren bukaeran «ikasleak bi hizkuntzak era orekatuan menperatzen baditu».

Asanblea Nazional frantsesak murgiltze eredua babesten zuen Molac legea bozkatu ondoren, Kontseilu Konstituzionalak Konstituzioaren aurkakoa zela erabaki zuen maiatzean. Horren ondorioz, mobilizazio eta presio modu politiko eta sozial handiak izan ziren. Orain berri honekin, hizkuntza gutxituen aldeko eragileak pozik agertu dira, baina zirkularraren mugak ere nabarmendu dituzte.

Euskararen Erakunde Publikoko presidente Antton Curutcharry, eta Akitania Berria Eskualdeko errektore Anne Bisagni-Faurek agiria igorri dute zirkularrean errandakoa «goresteko». Aldi berean, jakinarazi dute bi erakundeeetako ordezkariak urte hastapenean elkartuko direla lana aitzinatzeko prozedura operatiboak elkarrekin lantzeko.

Seaskako presidente Peio Jorajuriak, zirkularrak beraien alde egin duela eta berri ona dela baieztatu badu ere, antikonstituzionala izaten jarraitzen duela nabarmendu du: «Murgiltzea debekatua da, baina irakaskuntza elebiduna murgiltzearen sistemaren bidez baimendua da, eta guretako ondorioz ez du aldaketarik sortzen. Baina auskorra da, ez da lege bat, beraz alda daiteke».

Aldaketa ekar dezake aldiz eskola publikoentzat, izan ere murgiltze eredua bigarren hezkuntzaren bukaerara arte luzatu daitekeela esaten baitu zirkularrak, orain arte haur hezkuntzan soilik baimendua zelarik.

Eskola publikoetako Biga Bai guraso elkarteko presidente den Marie-Andree Ouretek argiki erran du: «Guretako bikaina da, ezartzen ahal da murgiltzea denean».

Euskal Konfederazioa horrekin pozik agertu da ere: «Maila apalekoa bada ere, zirkularra hor da eta aitzinamendu konkretuak ahalbidetzen ditu».

Aldi berean Konfederazioak, Molac legean onartutako artikuluak nola aplikatuko diren ez duela zehazten ere nabarmendu du, murgiltzea baino gehiago arauntzen baitzuen. Zentzu horretan euskarazko hezkuntzaren eskaintza hedatzea eskatu du.

Ouretek zentzu horretan irekitzen zaien aukera aipatu du: «Molac legean bada artikulu biziki inportantea, lurralde hizkuntzen hezkuntza sartzen dela eskolen ordutegi normalean. Horrek teorian erran nahi du Ipar Euskal Herriko eskola publiko guztietan badela aukera euskarazko irakaskuntza bat izan. Orain hori behar da baliatu, eta plan bat plantan ezarri urtez urte eskola publiko gehiagotan ezartzeko euskarazko hezkuntza». 

Konstituzioaren aldaketa

Konstituzionaren aldaketa eskatu da Kontseiluaren deliberoa ezagutzera eman zenetik, zirkular honek egoera baretzeko egina izan da, baina aldarrikapenak jarraitzen du. Horren alde agertu da Jorajuria, baita Paul Molac legearen aurkezle izan zen diputatua ere.

Parlamentari bretoiak, murgiltze ereduko hezkuntza Konstituzioaren aldaketarekin soilik izanen dela segurtatua baieztatu du.

Ouretek ere argiki babestu du ideia hori: «Konstituzioaren aldaketa baino ez da egiazko aterabidea, izanen da funtsezko borroka bat lurralde hizkuntzan ari diren militante, eragile eta politikari guztiendako. Borroka hori beharko da eraman bururaino».

Konfederazioak ere Kontseilu Konstituzionalaren erabakiak indarrean segitzen duela eta Konstituzioa «Damoclès ezpata beti dabil murgiltze ereduaren buruaren gainean, bai eskola publikoan, bai ikastolan...».

Aplikaezina

Nahiz eta Konstituzioaren aurkakotzat joa izan den, ikasturte hasiera honetan murgiltze ereduaren kontrako ekintzarik ez da izan, Ipar Euskal Herrian inoiz baino gela gehiago ireki dira sistema horretan eskola publiko eta pribatuetan, eta ikastola berri bat ireki da Bardozen.

«Bagenekien Kontseilu Konstituzionalaren erabakia aplikaezina zela, hor arazo bat dago Konstituzionalarekin, Gobernua ere konturatu da. Beraz, teknikoki atzeman behar izan du konponbide bat» baieztatu du Ikastolen Federazioko presidenteak. 

Zirkularra aspalditik espero zen, idatzi baino lehen Parisko Gobernuko ordezkariak eta Hezkuntza Nazionaleko teknikariak, Estatu frantsesean zehar hizkuntza gutxituen hezkuntzaren alde diharduten eragile ezberdinekin bildu ziren urrian.

Aldarrikapenetako bat klasetik kanpo ere, atsedenaldian, jangelan... euskara nagusi izatea zen, eta hori ere baimendu du zirkularrak. Gurasoekin eta administrazioko orderzkariekin elebiduna izan daitekeela ere baieztatu du.

Azterketak euskaraz

Baxoa eta brebeta azterketa ofizialak euskaraz egin ahal izateko mobilizazioak indar berezia hartu du azken urteotan Seaskaren baitan, aurreko astean ikasle eta irakasleak Bordelera joan behar ziren, horren aldarrikatzeko, nahiz eta bidaia ezeztatu behar izan zuten uholdeengatik.

Azterketak ere aipatzen ditu zirkularrak, eta baxoan ikasgai batzuk hizkuntza gutxituetan egiteko eskubidea aipatzen du, nahiz eta ez duen zehazten zeintzuk ezta zenbat diren. Hori dela eta, horri buruzko iritzirik zehaztu baino lehen, Bordeleko Akademiako errektorearekin mintzatu behar direla baieztatu du Jorajuriak.

Aldi berean, aldarrikapen hori eredu elebidunean ari direnentzat ere baliagarria dela nabarmendu nahi izan du.

Euskal Konfederazioak bere aldetik: «Azalpen eta argibide gehiago eskatzen ditu horri buruz, funtsezko eskubide hau behin betiko errespetatua izan dadin».

Txostena eta zirkularra

Konstituzionalaren erabakia jakin zelarik izan ziren protesten ondoren Christophe Euzet eta Yannick Kerlogot diputatuei txosten bat egitea eskatu zien, Jean Castex Lehen ministroak. Baina dezepzio handitzat hartua izan zen Eskolimeko ordezkarien aldetik. Eskolim Seaska bezala murgiltze eredu pribatua eskaintzen duten federazioak elkartzen dituen sarea da.

Txostenaren ondoren Konstituzioa aldatzearen aldeko ahotsak berriz altxatu egin ziren.

Hizkuntza gutxituen aldeko eragileek behin baino gehiagotak zirkularrak duen izaera politikoa nabarmendu dute, nahiz eta oinarrian arazo juridiko bati erantzuteko egin den.