Idoia Eraso

Konstituzioa aldatzeko eskaerak berresten ari dira Gobernuak jaso duen txostenaren aitzinean

Estatu frantseseko Kontseilu Konstituzionalak murgiltze eredua antikonstituzionala zela ebatzi ondoren, lehen ministroak bi diputatu ezarri zituen horri buruz txosten bat egiteko eta ezagutzera eman dute. Txostena Konstituzioa aldatzearen kontra agertu da eta horren aldekoek eskaera berretsi dute.

Maiatzaren 28an Baionan 10.000 pertsona elkartu ziren euskararen alde. (BOB EDME)
Maiatzaren 28an Baionan 10.000 pertsona elkartu ziren euskararen alde. (BOB EDME)

Kontseilu Konstituzionalak maiatzaren 21ean Estatu frantseseko hizkuntza gutxituen hezkuntzan murgiltze eredua antikonstituzionala zela erabaki ondoren izan ziren protesten inguruan Jean Castex lehen ministroak gaiari buruz bi diputaturi txosten bat egiteko eskatu zien, eta uztailaren 21 honetan eman diote ofizialki. Castexek adierazi du: «Ikasturte hasiera betiko baldintzetan gertatu behar da, elkarteen hezkuntza sareetan bezala irakaskuntza publikoan ere».

Txostena Konstituzioa aldatzearen kontra agertzen da, eta horren aldekoek bere eskaera berretsi dute. Murgiltze eredua mantentzea ere gomendatzen du, hala ere, hizkuntza gutxituen zenbait defendatzaile txostenak egiten dituen proposamenen kontra mintzatu dira jadanik.

Txostenaren kontra

Txostenak egiten dituen proposamenen baliozkotasuna zalantzan ematen dutenen artean da Paul Molac diputatu bretoia dago, Konstituzinalaren deliberoak erantzuten zuen errekurtsoaren oinarrian dagoen hizkuntza gutxituen defentsarako legearen aurkezlea izan zena, hain zuzen ere. ‘Egiaztapena hor da, proposamenak falta dira’ izenburupean, Konstituzioaren aldaketa beharrezkoa dela berretsi du.

Bretainian murgiltze eredua eskaintzen duen Diwan elkarteak gauzak argitzea eskatu du, egiten diren proposamenetan: «Segurtasun juridiko ahulak eskaitzen ditu, eta hartutako engaiamenduekiko zalantza agerrarazten dute».

Aldi berean, Seaska eta Diwanekin batera murgiltze eredua eskaintzen duten elkarteak biltzen dituen Eskolim sareak heldu den egunetan agiria kaleratuko dutela adierazi du.

Horrela egin du ere Seaskak berak, baita Euskal Konfederazioak ere.

Molac Legea Senatuan bozkatua izan zedin lan handia egin zuen Max Brisson senatari biarriztarrak ere txostenaren baliogabetasuna nabarmendu du Twitter bidez.

Senatuko talde ekologistak ere dei zuzena egin du Konstituzioa aldatua izan dadin kaleratu duen agiri batean: «Soilik Konstituzioaren berrikuspen batek segurtatuko du eskualde hizkuntzen etorkizuna».

Estatu mailan hizkuntza gutxituen alde ari diren eragileak elkartzen dituen Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak lanean jarraitzen duela jakinarazi du: «Etapa berri batean sartzen gara. Ez dugu amore emango». Eta beste behin Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea eskatu du, horrelako egoerak berriz errepikatu ez daitezen.

Txostena

Christophe Euzet et Yannick Kerlogot izan dira hizkuntza gutxituen murgiltze ereduari buruzko txostena egitearen ardura izan dutenak. Idatzia osatzeko azken hilabeteotan Estatuko hizkuntza gutxituen aldeko 60 ordezkaritzekin hitzorduak izan dituzte.

Hizkuntzen defendatzaile askoren aldarrikapen nagusia Konstituzioa aldatzea bada ere, horren kontra agertu da idatzia. Kerlogotek Konstituzioaren 2. artikuluaren aldaketa ideia «groteskoa» dela baieztatu du publikoki.

Castexek, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroarekin batera, heldu den asteetan eragile horiekin harremanetan emanen dela adierazi du. Aldi berean baieztatu du: «Ikasturte hasiera betiko baldintzetan gertatu behar da, elkarteen hezkuntza sareetan bezala irakaskuntza publikoan ere».

Txostenean proposatuak diren ideien artean, murgiltzea mantentzeko eta «ziurtatzeko» diputatuek «orain arte inoiz zehaztua izan ez dena zehaztea» proposatzen du, eta horretarako eredu hori eskaintzen duten eskola pribatuen eta Hezkuntza Nazionalaren artean hori zehazten duen kontratuak sinatzea.

Gobernuaren eskutik lege proposamen bat egiteko ideia eman dute, legedian murgiltzeari dagozkion zehaztapenak agerrarazteko. Horretarako, «prozedura azkar» bat egitea aipatzen dute, 2022an bukatuko den agintaldiaren baino lehen egin dadin.

10 eta 11 urteko ikasleen artean ebaluaketa berezia egitea planteatzen dute, era objektibo batean agerian eman ahal izateko eraginkorra dela ziurtatzeko: «Orain arte horretan ari diren aktoreek soilik diote efikaza dela».

‘Eskualde hizkuntzen hezkuntzaren kontseilu nazional’ bat sortzea ere planteatu dute. Hezkuntza Ministeritzaren zuzendaritzapean egongo litzateke, eta bertan Euskararen Erakunde Publikoaren pareko beste instituzioak egongo lirateke, autoritate akademikoak eta hautetsiak. Hezkuntza ministroa murgiltze ereduaren kontrako erasoaren sustatzailea izan dela jakinik, horrek mesfidantza berezia sortzen du.