Manex Altuna

Ander Capak Athleticekin kontratua luzatzeko itxaropena izaten jarraitzen du

Ez du minuturik jokatu eta denboraldi amaieran kontratua bukatzen zaio. Egoera zaila bizitzen ari da Capa, bere ordezkariak ziurtatu duen bezala. Espanyolen kontrako partidan zaleen babesa jaso zuen beroketa ariketak egitera atera zenean.

Capa Espanyolen kontrako partidan beroketa ariketak egiten.
Capa Espanyolen kontrako partidan beroketa ariketak egiten. (@AthleticClub)

Ander Capak Athleticekin kontratua berriztu nahi duela berretsi zuen atzo gauean Radio Euskadiko ‘Fuera de Juego’ irratsaioan jokalariaren ordezkaria den Xabi Eskurzak.

Joan den udatik asko hitz egin da Caparen egoeraz, baina une honetan ez dago akordiorik taldean jarraitzeko. Bere garaian jokalariak azaldu zuen moduan, Athleticek urte bat gehiago luzatzeko eskaintza egin zion. Pandemia aurretik izan zen. Jokalariak ordea, bigarren urte bat eskatu zuen eta ez zen adostasunik egon.

Pasa den denboraldi amaieran lesionatu egin zen eta aurten ez du minuturik jokatu. Marcelinok hainbat aldiz esan du zuzendaritzak ez diotela esan jokalaria ez ateratzeko. Erabaki tekniko bat dela argudiatu du.

Izan ere, defentsaren eskuinaldean jokatzeko lau jokalari daude Athleticen lehen taldean. De Marcos eta Lekue izan dira gehien jokatu dutenak eta Petxarromanek ere izan du aukeraren bat, nahiz eta azken partidan zelai erdian jokatu.

Capak aldiz, ez du partida bakar batean parte hartu. Eskurzak esandakoaren arabera, jokalariak ez du amore ematen eta egoera iraultzeko lanean ari da. Aukeraren bat izango duela sinetsita dago eta bere helburua Athleticen jarraitzea da. Hainbatetan azpimarratu zuenez, talde zuri-gorriaren zalea da eta bertan jokatzea da bere ilusiorik handiena.

Neguko merkatuan beste talde ezberdinetara joateko eskaintzak jaso zituen. Hala ere, Unai Nuñezekin gertatu zen moduan, klubak taldean mantentzea erabaki zuen.

Espanyolen kontrako partidan lehen aldiz atera zen beroketa ariketak egitera eta San Mameseko harmailetatik «Ander Capa askatu!» oihuak entzun ziren. Jokalariak eskerrak eman zituen atzo sare sozialetan jasotako babesarengatik. Bere ordezkariak zioenez, une zailak bizitzen ari da eta jendea berataz gogoratzen denean lanean jarraitzeko indarra ematen diote.