NAIZ

Play-offetako egunak eta frontoiak erabakita, zein bikote ariko diren argitu behar orain

Hilaren 25ean Atano III.ean aurreneko faseko hirugarrena eta seigarrenak lehiatuko dira batetik, eta bestetik, hilaren 27an, Gasteizko Ogeta frontoian ikusiko dute elkar laugarren eta bosgarren postuetan amaitzen duten bikoteek. Hala ere, zortzi bikoteek aukerak dituzte hurrengo fasera pasatzeko.

Iazko bi bikote finalistak, aukera guztiekin.
Iazko bi bikote finalistak, aukera guztiekin. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Binakako Txapelketak asteazken honetan konfirmatu ditu finalerdietarako ligaxkara sailkatzeko play-offak noiz eta non jokatuko diren. Hala, Atano III.a pilotalekuan hilaren 25ean, ostiralez, aurreneko faseko hirugarren sailkatuak seigarrenaren kontra jokatuko du eta bestetik, hilaren 27an, zapatuan, Gasteizko Ogeta frontoian ikusiko dute elkar aurreneko fasean laugarren eta bosgarren pistuan amaitu duten bikoteek.

Bi aste pasatxo falta dira egun horietarako, baina oraindik inola ere ezin da antzeman zeitzuk bikote izan daitezkeen bertan, sekulako ataskoa baitago sailkapenean. Aurreneko lau postuetan dauden bikoteak; hots, Irribarria-Rezusta, Elezkano II-Zabaleta, Laso-Imaz eta Altuna III-Martija, hurrenez hurren, zortzina garaipenekin daude eta guztiek dute, ondorioz, aurreneko fase hau gorengo postu bietan amaitu eta finalerdietara zuzenean pasatzeko aukera.

Bosgarrenetik zortzigarrenera bitartean, berriz, –Peña II-Albisu, Urrutikoetxea-Aranguren, Jaka-Mariezkurrena II eta Ezkurdia-Tolosa, hurrenez hurren bi garaipeneko aldeaz daude banaturik eta ezinezkoa da bikoterik kanporatutzat jotzea; ezta Ezkurdia eta Tolosa ere, azken aldian jokoan sekulako gorakada egin baitute.

Buruz burukoak eta kinielak

Falta diren jardunaldi bietan, berriz, sailkapenean berdinduta edo gertu daudenen arteko buruz burukoak izango dira, zeinetan bikote bataren edo bestearen aldeko tanteoak inoiz baino garrantzia handiagoa hartuko duen. Hala, larunbatean Iruñean Ezkurdia eta Tolosak Jaka eta Mariezkurrena II.arekin bat egin dezakete sailkapenean garaipena erdietsiz gero. Galduko baliute, berriz, kanpoan geratuko lirateke, gehienera ere lau garaipenekin Urrutikoetxea eta Arangurenekin bat egiteko aukera izango luketelako –baldin eta azken hauek zapatuan Bilbon Elezkano II.ena eta Zabaletaren aurka galduko balute–.

Peña II.ak eta Albisuk lan zailak izango dituzte ostiral honetan Idiazabalen, Altuna III eta Martija izango dituztelako aurkari, baina Baikoko bikoteak puntu hori aterako balu, play-offetan ia matematikoki lekua irabaziko luke, bere atzetik datozen bikoteak –Jaka-Mariezkurrena II.a eta Urrutikoetxea-Aranguren– dena irabaztera behartuko lituzketelako.

Goiko postuei begira, igandean Tafallan, Irribarria eta Rezusta Laso eta Imazen aurka ariko dira. Aurkari zuzenek aurrez Idiazabalen eta Bilbon zer egin duten erreferentzia izango dute eta litekeena da igandeko partida galtzen duena aurreneko bi postuetan amaitzeko aukerarik gabe geratzea, nahiz eta hilaren 20ko azken jardunaldian kalkulagailuek oraindik ere nahikoa su eta ke atera beharko duten.

Oinatz Bengoetxearen agurra

Azkenean, Bengoetxea VI.ak hilaren 26an emango dio bere azken agurra bere pilota ibilbide profesional oparoari. Dagoeneko azken partida jokatuta beharko zukeen, baina urtarrilaren amaiera aldera Markinan jokatzen ari zela abduktorean jasan zuen tendinopatia dela-eta, azken agur hori atzeratu beharra izan du Leitzako aurrelariak.

Hala, Labrit frontoian jantziko da azkenengoz galtza zuriekin aurrelari nafarra. Partida horretarako sarrerak dagoeneko agorturik daude. Dena den, Bengoetxea ikustea nahiko lukeenak hilaren 21ean Tolosan beste aukera bat izango du, Beotibar frontoian jokatuko duen azken neurketarako oraindik sarrerek salgai jarraitzen baitute.