Maindire zaharrak jantzi berri bilakatu

Zaharkituta gelditu diren hoteletako bi tona maindire tratatu eta hortik sortu den haria erabilita ekoiztu ditu Ternua Group-ek kamisetak eta kirol-jertseak, Gureak eta Belda Llorens enpresak bidelagun. Ekonomia linealetik zirkularrera igarotzea da helburua.

Edu Uribesalgo, Ternua Group taldeko Berrikuntza zuzendaria, enpresak Arrasaten duen egoitzan.
Edu Uribesalgo, Ternua Group taldeko Berrikuntza zuzendaria, enpresak Arrasaten duen egoitzan. (Maialen ANDRES I FOKU)

Ekonomia lineal batetik ekonomia zirkular batera igarotzeko bidea aukeraz eta erronkaz beteta dago. Badago zer ikertu eta hobetu, baina norabide hori eskatzen du etorkizunak: neurrian egindako baliabideen ustiapena eta lehengaien erabilera orekatu bat; beste modu batean ekoiztu beste modu batean kontsumitzeko. Ekuazio horrekin aspaldian lanean dabil Ternua Group. Plastikozko botilak, alfonbrak, artilea eta arrantzarako sareak birziklatu eta berrerabili dituzte, besteak beste, produktu berriak ekoizteko. Eta bide horretan azken proiektua aurkeztu dute: zahartuta gelditu eta gehiago erabili ezin diren hoteletako bi tona maindire tratatu dituzte hari birziklatua sortu eta kamisetak eta kirol-jertseak egiteko. Edu Uribesalgo Ternua Group taldeko Berrikuntza zuzendariaren hitzetan, 50.000 eta 60.000 jantzi artean egiteko adina hari ekoitzi dute; momentuz 12.000 inguru egin dituzte Wearcycle izenpean. Loreak Mendiak-en zigiluarekin 11 diseinatu dira eta Ternuak zazpi egin ditu.

Abiapuntua Gureak enpresak Oiartzunen kudeatzen duen Ikuztegia garbitegi industriala da. Bertan metatzen joan dira kotoizko maindireak, ondoren Belda Llorens enpresak Alacanten duen egoitzan tratatzeko. Punta-puntako teknologiari esker hari birziklatua ekoiztu dute. «Maindireak txikitu egiten dira lehendabizi, gero fibra sortzen da, eta hortik haria egiten da», zehaztu du.

Ehungintza sektorea da kutsakorrenetako bat eta horrelako prozesu bati esker planetan uzten den aztarna askoz arinagoa da. Beraz, ekonomia zirkularra izateaz gainera, ekoizpen prozesua bera askoz ere jasangarriagoa da. «Oihalak eta jantziak egiteko ura eta energia izugarri erabiltzen da. Baliatu dugun prozesu honekin, aldiz, bata zein bestea, alegia energia eta ura, ia erdira murrizten dira», zehaztu du.

«Ehungintza ekonomia linealean oinarritzen da: baliabide bat jaso, lehengaia egin, ekoiztu eta, bizitza bukatzen zaionean, zabortegira eraman. Hori aldatu beharra dago. Hondakina jasotzen bada, eta hortik lehengai berri bat egiten badugu, energia murrizten da, eta ez da baliabide berri bat erabili behar, ura kasu. Oso inportantea da azpimarratzea hasierako produktuak ez duela zabortegi batean bukatzen, baizik eta bizitza eta erabilpen berri bat lortzen dela. Ekodiseinua da».

Baliabideak eta elkarlana

Ehungintzarekin eman duten lehen pausoa da hau, baina asmoa aurrera egin eta beste produktu batzuekin segitzea da. Kontsumitzaileek gero eta kontzientzia handiagoa dutela esan du Uribesalgok: «Kontziente gara zein egoeratan gauden, badakigu nola egin diren puntu honetara ekarri gaituzten joerak, moduak. Gu ez gaude hainbeste modaren sektorean, baina dagokigun atalean behintzat, mendirako arroparen alorrean, sentsibilizazioa handituz doa, bereziki jende gaztearen artean. Janzteko garaian kontzientzia berde bat izatea inportantea da». 

Sortu dituzten arropa berrietarako kotoiaren erdia organikoa da, eta beste erdia, birziklatua. Erdi horretatik %20 da maindireen prozesutik ateratakoa. Ekoizpen prozesuak teknologian aurrerapenak eskatzen ditu, baina ekoizpena bera bertsua da. Eragiten al du salneurrian? Esan duenez, apenas eragiten duen eta «apurtxo bat» baino ez du garestitzen amaierako prezioa. «Joera hauek zabalduz joango dira eta horrek salneurriak ere merkatzea ekarriko du. Gaur egun ez dago zabortegirik, eta gauzak beste modu batean egin beharko dira, derrigortuta gaude beste bide batzuk topatzera –ohartarazi du Uribesalgok–. Alternatiba bakarra ezin da izan ekoiztu eta balio ez duenean botatzea».

Jasangarri izatea, gainera, ez da helburu bakarra, Gureak enpresak parte hartu duen unetik badagoelako enplegu jakin bat sustatu nahia. «Halako ekimenek jendartean ere inpaktu bat izan behar duela sinisten dugu. Gureak taldeko garbitegian dagoeneko aztertzen ari dira enplegu aldetik edo negozio aldetik beste zerbait egin dezaketen edo ez, aukerak zabaltzen dira. Arrantzaleen sareekin hasi ginenean bezala –aipatu du adibide gisa–. Haiek arazo bat zuten material horrekin, eta irtenbide bat emate aldera batu ginen, beti elkarlanaren bidez. Kasu honetan, Gureak zein Alacanteko Belda Lorens enpresarekin izan da, batak zein besteak eskura dituzten baliabideei esker egin ahal izan dugu errealitate gure asmoa. Elkarlana oso inportantea da ekonomia linealetik ekonomia zirkularrera igarotzeko trantsizioan», nabarmendu du.