NAIZ

Lakuak Zabalza torturatuta hil zela onartu izana «urrats garrantzitsua» da Foro Sozialarentzat

Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zela onartu du Lakuak 12/2016 Legean, iaz Nafarroako Parlamentuak egindako bidetik. «Familiaren pertseberantziak, eta Estatuaren biktimen eta torturatuen elkarteen lanak, lortutako emaitza da», txalotu du Foro Sozialak.

Zabalzaren omenezko ekitaldia, Altzako muralaren ondoan, 2020an.
Zabalzaren omenezko ekitaldia, Altzako muralaren ondoan, 2020an. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Lakuako Gobernuak torturaren biktimak aitortzeko emandako «pauso garrantzitsu bat» da 12/2016 legearen esparruan Mikel Zabalza torturen ondorioz hil zela jaso izana. Hala baloratu du Foro Sozial Iraunkorrak ohar batean. Nabarmendu duenez, «familiaren pertseberantziak, ‘Zabalza kasua’ egiaren aldeko borrokaren erreferente bihurtu duenak, eta Estatuaren biktimen eta torturatuen elkarteen lanak, emaitza garrantzitsua lortu dute».

Oroitu duenez, urteetan torturaren biktimei buruzko susmo-geruza sakona zabaldu da, eta, aldi berean, Estatuko gobernuek eta erakundeek torturatu izana ukatu dute. Kasu bakan batzuk soilik onartu dira epaiak egon direnean, baina zigorrik ezarri gabe eta kondenatuak dagozkien polizia-kidegoetatik kanporatu gabe. Erantsi duenez, «praktikan indultu, igoera eta destino aldaketen ondorioz baliogabetu» ere egin dira kondenak, duela gutxi Arturo Prieto Bozec jenerala Valentziako Erkidegoko Guardia Zibilaren buru izendatu dutenean egiaztatu den bezala.

«Birbiktimizazio adierazpenek, ‘bigarren mailako’ biktimen sentimenduan sakontzeaz gain, haustura sakona eragin dute biktima horiek erakundeekiko duten konfiantzan», adierazi du.

«Konfiantza berreraikitzeko, beharrezkoa»

Testuinguru horretan, bihar, igandea, Orbaitzetan, bere heriotzaren 36. urteurrenean Mikel Zabalzari egingo zaion omenaldira joanda Lakuako Gobernuak eta Beatriz Artolazabal Justizia sailburuak «konfiantza hori berreraikitzeko beharrezko urratsa» emango dutela azpimarratu du Foro Sozialak. «Iaz Nafarroako Gobernuak egin zuen eta bihar berriro errepikatuko du. Keinu horiei beste batzuek jarraitu behar diete, haustura oraindik sakona delako».

Urtarrilaren 14an proposatu zuen bezala, «birsorkuntza kolektibo» horretan aurrera egiteko deia egin du Foro Sozialak. «Biktima guztiak, baita Estatuarenak eta torturarenak ere, EAEko eta Nafarroako erakundeen babespean senti daitezen».

Eskerrak eman nahi dizkiote 12/2016 Legearen Balorazio Batzordeari, «egiten ari den lan garrantzitsuagatik, bitarteko gutxirekin eta artxibo eta legeen zigorgabetasunaren hormarekin, esaterako sekretu ofizialena».

2022a, diskriminazioak gainditzeko urtea

Foro Soziala gidatzen duen helburua «biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea» da eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen du «edozein motatako biktimarenganako diskriminazio oro gainditzea, bereizketarik eta kategorizaziorik egin gabe eskubideak urratzen dituzten eragileen arabera».

«2021. urtea itxi dugu, ongietorrien auzia behin betiko bideratuz. 2022an, beste biktima batzuek ere jasaten dituzten diskriminazio adierazpenak gainditzeko urrats erabakigarriak eman behar dira: Estatuaren biktimak», ondorioztatu du.

Foro Sozial Iraunkorrak ere parte hartuko du Orbaitzetako ekitaldian, igande honetan, 11.00etan. Terexa Fagoaga eta Xanti Begiristain joango dira ordezkari gisa.