Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Zabalzaren familia: «Mikel biktima deklaratzea urrats handia da, baina bide luzea gelditzen da»

Mikel Zabalzaren sendiak sentimendu «gazi-gozoak» izan ditu Orbaizetako ekitaldian. Orain 36 urte atxilotuta eraman zuten Mikel, eta handik 19 egunera hilik itzuli zuten. Biktimek egia, justizia eta erreparazioa behar dituzte. «Gu hirugarrenetik hasi gara, baina ez diegu uko egiten aurreneko biei.

Familiaren eta erakundeen besarkada, Mikel Zabalzaren omenaldi ekitaldian, igande honetan Orbaizetako Olan.
Familiaren eta erakundeen besarkada, Mikel Zabalzaren omenaldi ekitaldian, igande honetan Orbaizetako Olan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Mikel Zabalza Garate torturaren biktima deklaratu du Lakuako Gobernuak eta familiarentzat «aurrerapauso handia» izan da. «Erreparazioa ebazten du eta badu egia eta justizia parte txiki bat ere, printzipio horiek elkarri lotuta daudelako», adierazi dio NAIZi Idoia Zabalza arrebak Orbaizetako omenaldiaren ondotik egindako elkarrizketan.

Urrats garrantzitsua izanagatik, ez diete uko egiten egia eta justiziari. «Bide luzea gelditzen da egiteko».

1952an Mikel jaiotzen ikusi zuen herrian, 1985ean gertatutakoa eurena bezala hartu eta bizi izan duten herrikideekin batera, Lakuako eta Nafarroako ordezkariak bildu dira igande honetan. «Urte hauetan instituzioen aitortza sumatu dugu eta horrek babestu egiten gaitu», nabarmendu du arrebak.

«Gizartearentzat egia dena justiziarentzat ez da egia»

Auzitegietan, ordea, bi saiakera egin eta biek huts egin dute. «Bide hori guztiz itxita dago une honetan; aurrean dugun horma handi bat da, ez gara pauso bat ere mugitu, nahiz eta zantzuak eta frogak agertu diren bertsio ofiziala bertan behera utz zezaketenak. Ez dute ezertarako balio izan».

Bertze aldean, «gizarteak ez du inoiz ontzat hartu bertsio ofiziala. Baina gizartearentzat egia dena justiziarentzat ez da egia».

Azken audioak, kasua zabalik zegoen bitartean aurkeztu baina frogatzat hartu ez zirenak, duela urtebete eman ziren ezagutzera eta zalaparta handia sortu zen. «Ondorioz, Nafarroako Parlamentua, Donostiako Udala, Iruñekoa, alderdi guztiak etorri ziren bat kasua argitu behar zela eskatzeko. Baina, berriz ere, hain agerikoa den gauza batean, edozein ideologiatakoek argi ikusten badute ere, inori ez dagokio pausorik ematea, bakarrik guri, froga berriak aurkeztuz eta abar. Argi gelditu zen Espainiako Gobernuak eta Estatuko fiskaltzak ez dutela pausorik emanen hori argitzeko».

«Badakigu zein dugun aurrean: estatuaren instituzio batzuk, irmoki, eta inor ez da haien kontra joatera ausartzen. Instituzio horiek blindatuta daude, garaian estatuko indar polizialek egindako guztia itxita mantentzen dute ezagutzera ez emateko».

Jon Arretxe, Idoia Aierbe eta gurasoak gogoan

Omenaldi ekitaldia, Mikel Zabalzarekin batera atxilotu zuten Jon Arretxek zer utzi zuen oroitu dute. «Bere esperientzia pertsonala idatzi zuen liburu batean, baina neurri batean Mikelena ere bazen, eta tortura jasan dutenena. Balio handikoa izan zen, tortura jasan duten pertsonek oso zaila izaten dutelako zer bizi izan zuten eta nola eragin zien adieraztea, eta Arretxe hori guztia esateko gauza izan zen. Tortura dagoela egiaztatzeko ezinbesteko testigantza utzi zuen», baloratu du Idoia Zabalzak.

Idoia Aierbe Mikelen bikotekidea zena duela urte gutxi hil zen. «Ezin duzu imajinatu Mikelen heriotzak nola markatu zuen bizitza osoan, atxiloketak ere bai, baina laguna bertan gelditu zen eta zauri hori betiko izan zuen, gogor gainera».

«Gure gurasoak ere sekulako minarekin joan ziren. Hau aringarri bat izango litzateke eurentzat».

«Argia itzaltzen da, hotza egiten da nagusi, eta halako ekitaldiek bero puntu bat ematen digute. Babesa sentitu izan dugu beti, oro har gizarte osoarena eta bereziki Orbaizetako eta Aezkoako jendearena. Haiena bezala bizi dute, sentitu dute Mikelena», nabarmendu du Mikelen arrebak.

«Orain esaten zidan Mikel hil zutenean alkate zenak inork ez zuela pentsatuko Euskal Herriko txoko honetatik halako zarata egingo genuela. Lehenik mugitu zirenak Aezkoakoak izan ziren eta horri eutsi diote, beti lagun izan ditugu».

Berezia emaitza izan zen, ez praktika

«Torturak eragindako puntako kasu bat» izan zen Zabalzarena. «Kontziente gara emaitza izan zela bereziena: hilik agertu zela, baita eman zuten bertsio aldrebesa ere. Gainerakoa milaka pertsonak izandako esperientzia bera da: tortura. Hori beste edozeinek pasatu izan du».

Gogoan izan dute hori ekitaldian. «Ez zen salbuespen bat, aitzitik: ongi diseinatutako estrategia bat izan da, agente asko behar izan zituena, goitik behera antolatua, inpunitatean egin dena, ondorioz milaka biktima utzi dituena».

Artolazabalek ebazpena eman dio sendiari

Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako sailburuarekin eta Orbaitzetako Udaleko kideekin batera, Lakuako Gobernuaren ordezkaritza bat izan da Orbaizetako ekitaldian, Beatriz Artolazabal Justizia sailburua buru. Honek Zabalza biktima gisa onartzen duen ebazpena eman dio familiari. Bertan, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan, Mikel giza eskubideak urratzearen biktima dela onartzen da. Balorazio batzordeak aho batez erabaki du hori, 50 orrialdetik gora dituen dokumentu batean, zeinetan zalantzan jartzen den bertsio ofiziala.

Horretaz gain, batzordeak «Estatuko erakundeetara jo dezatela» gomendatu die Lakuako Gobernuari eta Gasteizko Legebiltzarrari, «zentzu berean jardun dezaten, aztertutako gertakarietan Segurtasun Indar eta Kidegoek duten erantzukizuna kontuan hartuta».

«Gaur egun oso berezia da, Mikel Zabalzaren egiaren bidean urrats garrantzitsua eman dugulako», adierazi du Artolazabalek. «Gaur, egiaren izenean, ebazpenak hitzez hitz aipatzen duen bezala, behar bezala egiaztatuta geratu dira bai 1985eko azaroaren 26tik abenduaren 15era bitartean gertatutakoak, bai Estatuaren eta Guardia Zibilaren agenteen inplikazioa».

Zabalza familiaren etxean, Orbaizetako Olan, «indarkeriaren eta eskubide urraketen biktima guztiak lehen mailako biktimak» direla baieztatu du sailburuak. «Denak izan ziren bidegabeko indarkeriaren biktimak».

«Gaur, hemen, Orbaizetatik justiziarako eskubidea gauzatzeko eskatzen dugu. Bere heriotzak, bere egiak, amaierara iristea eskatzen du. Gaur indarrean dagoen egia judizialetik haratago joatea eskatzen du». Ildo horretatik, sailburuak uste du egiaren bidean bide guztiak berriro aktibatu behar direla, «eta, hala badagokio, Estatuak aintzatespena, autokritika eta erantzukizunak bere gain hartu» behar dituela.

Dokumentua

Balorazio batzordearen dokumentuan gertaerak, testigantzak, ikerketak, azken batean, egindako lan zehatza biltzen da. Ondorioen artean, honako hau jasotzen da: batzordeko kideek «Mikel Zabalza atxilotu eta torturatu» egin zutela uste dute, «zigor eta tratu krudel, anker edo iraingarriekin, eta horrek heriotza ekar ziezaiokeela».

Halaber, esaten da gertakariak ez direla preskribatu, «kontuan hartuta 2010eko urte berera arte luzatzen den instrukzio judizial zabalari dagozkion epeak eten egin direla».

Irizpenaren arrazoiketan, zalantzan jartzen da bertsio ofiziala, eta Zabalzaren bat-bateko ihesaren hipotesiaz zera azaltzen da: «Oso zaila da, eskuragarri dauden datuen arabera sinestezina dela ez esateagatik».

Familiak ia 40 urte hauetan izan duen sufrimendua ere islatzen da. Agertzen dute Zabalzaren hurbileko pertsonek salaketa jarri zutela, «Miguel Mariren errugabetasun-presuntzioari eutsi nahi ziotelako». Izen horrekin ezagutzen zuten familian. Halaber, «ohoreaz eta gizartearen aurrean duten irudia» berrezartzeaz hitz egiten da.

«Familiak Batzorde honen aurrean azaldu zuen anaia erabat babesgabe geratu zela, lehenik eta behin Lege Antiterrorista aplikatu baitzitzaion, eta, gero, hilda, bide judizialak itxi zirelako», jasotzen da dokumentuan.

Gertaerak

Mikel Zabalza Garatek 32 urte zituen gertaeren unean. Bost arreba eta lau anaietatik zaharrena zen. Guardia Zibilak 1985eko azaroaren 26ko goizaldean atxilotu zuen, Lege Antiterroristaren pean, Donostian zuen etxean, autobus konpainiako gidari gisa lan egiten zuen tokian. Etxean zegoen Manolo Vizcay lehengusua ere atxilotu zuten, baita Idoia Aierbe Mikelen bikotekidea ere.

Egun berean beste lau gizon atxilotu zituzten Orbaizetan, Zabalza anaietako bi, Aitor eta Patxi, Ion Arretxe eta Victor Manuel Mediavilla.

Ebidentziek, testigantzek eta gertaerek erakutsi zuten ez Mikel Zabalza ez Guardia Zibilaren operazio berean atxilotuak izan zirenak ez zirela ETAko kideak izan eta ez zutela erakundearentzat inolako mugalari lanik egiten. Denak, Mikel izan ezik, poliziaren zaintzapean hil baitzen, aske atera ziren kargurik gabe. 19 egun desagerturik eman ondoren, hilda agertu zen.