NAIZ

Bolada ona sendotu nahi du Anaitasunak azken aldian ondo ezagutzen duen Valladoliden aurka

Azken partidan Torrelavegaren aurka urteko lehen garaipena lortu ostean, iruindarrek goraka egin nahi dute sailkapenean. Hilabete bateko epean hirugarren aldiz neurtuko dituzte indarrak Valladoliden aurka, aurreko bietan Kopan jokatu baitzuten joan-etorriko kanporaketa.

Ibai Meoki, Cangasen kontrako partidan.
Ibai Meoki, Cangasen kontrako partidan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Helvetia Anaitasunak eta Recoletas Atletico Valladolidek oso ondo ezagutzen dute elkar. Hilabete bateko epean, hiru aldiz neurtuko dituzte indarrak. Iragan otsailaren 2an eta 9an Kopako kanporaketa jokatu zuten, azken faseko txartela nafarrentzat izan zelarik. Joanekoan sei goleko aldearengatik irabazi zuten iruindarrek eta itzulekon, etxean, bi golengatik galdu zuten.

Larunbat honetan beste gauza bat izango da (19.00). Anaitasunak, gaztelerazko esaldia hartuta, gurutzaldi-abiadura hartu nahi du azken partidna urteko lehen garaipena lortu ostean. Quique Dominguezen jokalariek oso maila onean daudela ziurtatu zuten Torrelavegaren kontra 32-36 irabazteko.

Iruindarrek atzetik datozen aurkari zuzenei ahalik eta puntu gehien atera nahi dizkiete, sailkapen erdialdean dauden taldeek maila beretsua eskaintzen ari baitira. Momentu honetan 17 puntu dituzte nafarrek, nahiz eta joko aldetik batenbat gehiago merezi, baina beste bi talderekin daude berdinduta. Azken-aurrekoa den Valladolidek, aldiz, 14 puntu ditu.

Gauzak hala, Quique Dominguezek bere taldeak «zuloa egiten jarraitu» behar duela azpimarratu zuen ostegunean, atarikoan. Prestatzaileak oso ondo daki «Liga oso estua dagoela» eta partida bakoitzaren garrantziaz mintzatu zen.

Dominguezek adierazi zuen Anaitasunak eta Valladolidek oso ondo ezagutzen dutela elkar, baina gauza bat azpimarratu zuen biharko aurkariari buruz: «Azken asteetan jokoko aspektu guztietan bere maila handitu du eta errirmo oso altua mantentzen du. Aurkari oso zaila izango da».

«Ondo doakigun aspektu horietan ari gara lanean; eta gauzak eta detaileak zuzentzen ari gara, baina badakigu aurkaria ez dela berdina izango», gaineratu zuen Dominguezek.

Bidasoa-Irunek igandean jokatuko du Kantabrian

Bidasoa-Irunek igandean jokatuko du Ligako partida, Kantabriako Sinfin taldea bisitatuz. Ostiral honetan Jacobo Cuetara entrenatzaileak atarian egiten duen prentsaurrekoa eskaini du eta bertan adierazi duenez, «partida konplikatua» izango da.

Otsaila bezalako hilabete gogor baten ostean, aspaldiko partez lau egun izan dituzte partida hau prestatzeko, eta jaitsiera postuetatik aldentzeko borrona badabil ere, gauzak zail jarriko dizkiola uste du Cuetarak.

Jon Azkue eta Rodrigo Salinasek ezin izango duute oraindik jokatu, eta Mikel Zabalaren duda izango du prestatzaile asturiarrak iragan asteartean Fuchse Berlinen aurka baja izan ostean.