NAIZ

Errefuxiatu ukrainarrei arreta emateko hiru puntu eta telefono bat ezarri ditu Lakuak

Asteburu honetan gerratik ihesi Ukrainatik iristen diren pertsonei arreta emateko aurrez aurreko hiru gune eta telefono bat jarri du martxan Lakuak.

Errefuxiatu ukraniarrak Berlingo tren geltoki nagusira iristen.
Errefuxiatu ukraniarrak Berlingo tren geltoki nagusira iristen. (Tobias SCHWARZ | AFP)

Lakuak ostiral honetan iragarri du asteburu honetan Ukrainatik Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabara errefuxiatuak heltzea aurreikusten duela, eta horregatik, Gurutze Gorriaren eskutik, telefono bat eta aurrez aurreko hiru arreta gune, hiriburu bakoitzean bana, martxan jarriko dituela errefuxiatu ukraniarrei arreta emateko.

Urkulluren Exekutiboak azaldu du Europa mailan oraindik errefuxiatu ukraniarren aferaren inguruko mekanismorik antolatu ez den arren, badirela pertsona batzuk beraien kabuz bidaiatzen ari direnak, tartean Bizkaia, Araba eta Gipuzkoara. «Gertakari hori fenomeno natural baten ondorio da, pertsona horiek dagoeneko senideen edo lagunen laguntza-sare bat duten tokira joaten baitira. Zentzu horretan, EAEk 3.000-3.500 ukrainar biztanle inguru ditu», adierazi du Xabier Legarreta Lakuako Migrazio eta Asilo zuzendariak. Dagoeneko «familia eta pertsona horietako batzuk gure erkidegora iritsi» direla gaineratu du.

Legarretak azpimarratu duenez, telefono eta laguntza puntuetatik «erantzun edo bideratu ahal izango ditugu behar dituzten eskaerak, beste erakunde eta entitate batzuekin abian dugun koordinazioari esker». Eskariak askotarikoak izan daitezke: arreta sanitarioa edo psikologikoa, bizileku-beharrak eta eskola-matrikulazioekin lotutako eskakizunak, besteak beste.

Bestalde, Lakuak 150 pertsonentzako tokia duen Irungo harrera gunea ere jarri du errefuxiatuen esku.  

Joan den asteartean, Lakuak Erakunde arteko Mahai Soziala jarri zuen martxan, errefuxiatu ukraniarren egoerari modu ordenatu eta koordinatuan erantzuna emateko xedez. Mahai horretan Lakuako beste sail batzuetako ordezkariak daude, hala nola Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko, Hezkuntzako, Osasuneko eta Etxebizitzako ordezkariak.

Horiekin batera, hiru Aldundiek eta Bilbo, Donostia zein Gasteizko Udalek, EUDELek, Urkulluren exekutiboaren ordezkaritzak eta etorkinei eta errefuxiatuei arreta ematen dieten Hirugarren Sektore Sozialeko elkarteek ere ordezkaritza dute: tartean, ACCEM Euskadik, Caritasek, CEARek, Zehar Errefuxiatuek, Gurutze Gorriak, Ellacuria Fundazioak, MPDLk eta Bizitza Berriak.

Berdintasun, Gizarte Politika eta Justizia sailak gogorarazi du «Ukrainaren inbasioaren ondorioz bi milioi pertsona inguru» lekualdatu direla eta, NBEk zehaztu duenez, dagoeneko milioi bat pertsona baino gehiago herrialde mugakideetan errefuxiatu dira, horien erdiak umeak.

Laguntza baliabideak

Goizeko 9.00etatik gaueko 22.00etara bitartean 945.222.222 zenbakira deituz gero, errefuxiatu ukraniarrek laguntza eta orientazioa jaso ahalko dute Gurutze Gorriaren eskutik. Aurrez-aurreko artari dagokionez, interesatuak Gurutze Gorriak Bilbo, Gasteiz edo Donostian dituen bulegoetara hurbildu beharko dira goizeko 10.00etatik arratsaldeko 18.00etara.

Hortaz gain, Artolazabalek zuzendutako sailak gogorarazi du eskaintzak egiteko errefuxiatuak@euskadi.eus helbide elektronikoak martxan jarraitzen duela.