Arnaitz Gorriti

Emakumeak ardatz, kantxan eta aulkian, Araski eta IDK-ren arteko derbian

Ligako Top 8an sartzeko lehia zuzena izango dute donostiarrek eta gasteiztarrek Mendizorrotzan igande eguerdian. Donostian arabarrak nagusitu ziren, baina azken aldian Azu Muguruzarenek seigarren posturaino jauzi egin dute. Uztaipeko lehiak erabakiko du ziurrenik neurketa.

Kutxabank Araski erraz nagusitu zen IDK Euskotrenen aurka Donostian. (Jon URBE / FOKU)
Kutxabank Araski erraz nagusitu zen IDK Euskotrenen aurka Donostian. (Jon URBE / FOKU)

Endesa Ligan Kutxabank Araskiko Madelen Urieta eta IDK Euskotreneko Azu Muguruza dira entrenatzaile buru postua betetzen duten emakume bakarrak. Martxoaren 8aren bezperetan, igande eguerdian –ETB1ek zuzenean eskainia, 12.00etan– emakumeak kantxan eta aulkian ardatz izango dituen euskal derbia jokatuko dute talde hauek biek Mendizorrotza kiroldegian.

«Azken aldian alor guztietan emakume gehiago ikusten dira saskibaloi munduan: direktiboak, prestatzaile fisikoak, fisioterapeutak, entrenatzaile laguntzaileak, epaileak... baina entrenatzaile buru izateko aukera gutxi ematen zaigu emakumeei. Zergatik? Ez dakit ba. Egia da egungo entrenatzaileen maila altua dela, baina urrats hori ematea kosta egiten zaie klubei», adierazi dio hedabide honi Azu Muguruzak VII. Carmen Adarraga Saria irabazi duen astean.

Sailkapen nagusiari so eginez gero, Ligako Top 8an sartzeko lehia zuzena jokatuko dute biek ala biek. Donostiarrak seigarrenak dira uneotan 12-9 balantzearekin. Sei neurketa jarraian irabazi eta gero, zortzi onen artean lekua egin du IDK Euskotrenek, baina azken bi jardunaldietan, Valentzia Basket eta Ensinoren aurka, galdu egin du.

Kutxabank Araskiri dagokionez, Top 8 horren atarian dago, 9-11 balantzearekin, zortzigarren postuan dagoen Estudiantesek baino garaipen bat gutxiagorekin. Madelen Urietarenek arazo fisiko dexente gainditu behar izan dituzte azken asteetan, dela covid-19a, direla bestelako lesioak. Astean zehar Tanaya Atkinson eta Eleanna Christinaki gabe jokatu behar izan zuten Gironaren aurka, eta aurreneko erdian lan bikaina eginagatik, fisikoak beherantz egin zuenean ezin izan zion katalanen erritmoari eutsi eta 93-68 galdu zuten. Litekeena da Christinaki jokatzeko moduan egotea; ez dirudi, bestalde, Tanaya Atkinson jokatzeko moduan egongo denik.

Josean Gasca pabilioian jokatu zutenean, Kutxabank Araski nagusi izan zen, 62-81, Tanaya Atkinsonek kanpotik eta uztaipean Tamara Seda eta Leia Donguek egindako lan bikainari esker. Alabaina, gauzak asko aldatu dira; esan bezala, badirudi Atkinson ez dela jokatzeko moduan egongo, eta bestetik, IDK Euskotrenek bere uztaipeko jokoa asko hobetu du Lauren Cox estatubatuarra iritsi denez geroztik.

Bai Madelen Urietak bai Azu Muguruzak entrenatzaile onenaren saria –AEEB entrenatzaileen elkarteak emandakoa– behin baino sarriago irabazi dute eta askotan erakutsi dute beren jokalarien bertuteak ateratzeko ahalmena. Ikusi egin behar Mendizorrotzan zer gertatzen den.