Arnaitz Gorriti

Behazuna irentsi beharko du Kutxabank Araskik, epaileen erruz Madrilen galdu ostean (66-65)

Egin ez duen falta adierazi diote Tanaya Atkinsoni partida amaitzeko bi segunduren faltan. Atzetik aurrera egin du markagailuan talde gasteiztarrak Estudiantesen kantxan, eta amaieratik 30 segundura aurretik ziren Madelen Urietarenak. Epaileek eta Gretter anolatzaileak eman diote buelta partidari.

Gracia Alonsoren partida bikainak ez du saririk izan.
Gracia Alonsoren partida bikainak ez du saririk izan. (Raúl BOGAJO)

MOVISTAR ESTUDIANTES 66 - KUTXABANK ARASKI 65

Irabazteko merezimendu nahikoa egin du Kutxabank Araskik Estudiantesen kantxan, atzetik aurrera egin eta azkenengo laurdenean 48-56 aurreratu eta gero. Are gehiago, nahiz eta Madrilgo taldea 61-56 aurreratu den bi minutu baino gutxiagoren faltan, gasteiztarrak kapaz izan dira neurketari buelta eman eta minutu erdiren faltan 63-65 aurretik jartzea lortu dute.

Tamalez, Melissa Gretter Estudianteseko antolatzaileak 65na berdindu du, baina hori jokoari dagokion kontu da. Ez ordea, neurketa luzapenera bideraturik zegoenean, Tanaya Atkinsoni adierazi dioten falta. Melissa Gretterekr berak bota du eskua Atkinsonen besora, eta epaileek estatubatuarraren adierazi dute, talde gasteiztarraren haserre eta harridurarako. Estudianteseko izar nagusiena Arica Carter izan da, 23 puntu saskiratu ostean, baina partidako heroia Gretter izan da, aurreneko jaurtiketa librea sartu eta bigarrena apropos hutseginda.

Emakumeen Endesa Ligako sailkapenari begira, oso kolpe latza jaso du Kutxabank Araskik porrot honen ostean. Estudiantesek hamabigarren garaipena eta puntu aldea bereganatu ditu Araskirekiko, eta arabarrak, berriz, hamar garaipenekin geratu dira. Kopako etenaldian behazuna irentsi beharko dute gasteiztarrek.

Araski, atzetik aurrera

Kontu fisiko ezberdinak direla-eta –Leslie Knight haurdun dago eta Laura Quevedo, berriz, min hartuta– Estudiantesen errotazioa zazpi jokalarik baino ez dute osatzen –Begoña de Santiago zortzigarren jokalariak hiru minutu baino ez ditu jokatu–, gainontzeko jokalariak harrobiko neska gazteak direlarik. Alabaina, aurreneko zatian Kutxabank Araski baino gehiago izan da Madrildo taldea. Puntuak Arica Carter, Mariona Ortiz eta duela zenbait urte Gernikan aritu zen Vicky Llorente argentinarrak sartu dituzte, eta gainontzekoek lan zikina egin dute, dela defentsan edo errebotea zaintzeko, Melissa Gretter antolatzailearen aginduetara.

Ideiak oso argi ditu Estudiantesek eta ideia argitasun hori itzaldu ezinik aritzea egokitu zaio Gasteizko taldeari aurreneko zati osoan. Madelen Urietarenek errotazio luzeagoa dute, baina asko kosta zaie aurkariaren erritmora egokitzea, batez ere aurreneko laurdenean, zeinetan airean eraman dituzten, batez ere aulkitik Vicky Llorente sartu denean. Argentinarrak madrildarren kanpoko jokoa orekatu du uztaipetik eta gorriak eta bi ikusi ditu tarteka talde arabarrak markagailua ahalik eta hurbilen mantentzeko.

Zorionez, bigarren laurdena beste kontu bat izan da. Defentsan askoz finago aritu da Kutxabank Araski eta kontraeraso pare bat kateatzeko aukera ere izan du. Hala, aurreneko laurdena 22-15 amaitu bada, atsedenaldira bidean talde gasteiztarrak aldea murriztea lortu du, aldageletara 35-32 joatea lortu arte.

Bigarren laurdeneko azken minutuetan penduluaren antzera mugitu da markagailua, tarteka arabarrak hurbilduta eta tarteka madrildarrek aldea areagotuta. Bada, erdibidean laga du markagailuari buelta emateko eginbeharra Bea Sanchezen azken uneko saskiratze batek.

Gracia Alonsoren bultzada

Gracia Alonso de Armiño Kutxabank Araskiko hegaleko bilbotarrarentzat partida berezia izan da igandeko hau, iaz arte Estudiantesen jokatu baitzuen jokalari bizkaitarrak. Ohiko borrokalari senari puntuak ere gehitu dizkio Alonsok, batez ere hirugarren laurdenaren hasieran. Kutxabank Araskik 0-7ko partziala lortu du eta behingoan aurretik jartzea erdietsi du, Gracia Alonsoren bost puntu eta Asurmendi eta Dongueren artean amaitutako kontraeraso bati esker.

Sei puntuko aldea ere hartu du talde gasteiztarrak, 37-43, baina batetik belaunean kolpe txar bat hartu du Maria Asurmendik –kantxara itzuli ahal izan du dena den– eta epaileek Katarina Zec serbiarrari kiroltasunez kontrako falta oso eztabaidagarri bat adierazi diote gero. Horiek hala, Estudiantes berriz ere Kutxabank Araskiren gainera etorri da, 42-43. Dena dela, kostata bada ere, aurretik mantentzea lortu du Madelen Urietaren taldeak laurdenaren amaieran: 44-47.

Estuasunak pasata, azkenengo laurdenari ederki asko ekin dio Kutxabank Araskik, eta alderik zabalena, 48-56, lortu du Izaskun Garcia Urlezagak hirukoa sartu eta gero. Alabaina, Estudiantesek 8-0eko partzial bati esker neurketa 56na berdindu du. Epaileek etxekoen alde ere egin dute tarte horretan, eta zalantzagarri ziren zenbait jokalditan falta adierazi dute madrildarren alde. Umi Diallo Araskiko jokalari ohiak neurketa berdindu ostean, hutsartea eskatu behar izan du Madelen Urietak.

Baina Umi Diallok berak aurretik jarri du Estudiantes madrildarrek egin duten jokaldi aparta uztaipean erraz asko amaituta. Hurrengo jokaldian, berriz, Arica Carter Estudiantesen izarrak hirukoa sartu eta 61-56 aurreratu du etzxeko taldea. Gracia Alonso eta Tamara Sedaren eskutik erreakzionatu du talde gasteiztarrak, gauzak okerren zeudenean 0-4ko partziala lortuta. Ondorioz, partida bere azken bi minutuetara markagailua 61-60 dela iritsi da.

Merezi gabeko zigorra

Kolpez kolpe amaitu dituzte azken jokaldiak: Arica Carterrek uztaipean saskiratzea lortu eta gero, Bea Sanchezek bost puntu jarraian sartu eta Kutxabank Araski 63-65 aurretik jarri du 35 segunduren faltan. Melissa Gretter antolatzaileak, berriz, 65na berdindu du partida amaitzeko 28 segundu falta direla.

Hutsartea Madelen Urietarentzat. Leia Donguerentzat jokaldia osatu du Amurrioko entrenatzaileak, baina Mozanbikeko hegal-pibotak ezin izan du nahi bezala jaurti, neurri baten falta egin ote dioten zalantza izan delako. Alabaina, epaileek ez dute ezertxo ere adierazi; bai ordea Melissa Gretterri Tanaya Atkinsonek egin omen dion falta –2,2 segunduren faltan–, nahiz eta Estudianteseko antolatzaile argentinarra bera izan den Atkinsonekin kontaktua bilatu duena.

Alperrik egin du protesta eta demanda Madelen Urietak, epaileek berea egin baitute. Gretterrek aurreneko jaurtiketa librea sartu du eta bigarrena, nahita, huts egin du. Ondorioz, nahiz eta errebotea jaso, Kutxabank Araski partida iraultzeko denborarik gabe geratu da.

PARTIDAKO FITXA

MOVISTAR ESTUDIANTES: Gretter (3), Ortiz (10), Fingall (2), Carter (23) eta Diallo (10) –hasierako bostekoa–, Llorente (10), Espin (8) eta De Santiago.

KUTXABANK ARASKI: Maria Asurmendi (6), Tanaya Atkinson (6), Leia Dongue (10), Tamara Seda (10) eta Gracia Alonso (11) –hasierako bostekoa–, Izaskun G. Urlezaga (7), Bea Sanchez (7), Katarina Zec (6), Eleanna Christinaki (2) eta Laura Pardo.

Epaileak: Olivares, Zamora eta Espiau. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 22-15, 13-17, 9-15, 22-18.

Gorabeherak: Emakumeen Ligako 26. jardunaldiari dagokion partida, Madrilgo Movistar Academy Magariños pabilioian jokatu dena.