Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Aporofobia oholtza gainean: pobreziari begietara begiratzeko ikara

Egunerokoan pausoak azkar ematen dira kale izkinan geldirik eta eskean dagoenaren albotik, gainetik. Pobreziari begietara begiratzeko ezintasuna da «aporofobia», pobreziari beldurra. Begiratu hori beren azalean sentitzen dutenak aktore bihurtu dira eta oholtzara ekarri dute errealitate hori.

«Aporofobia Stop» sormen proiektuko partaideak.
«Aporofobia Stop» sormen proiektuko partaideak. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Aporofobia» hitza grezieratik dator; «áporos» baliabiderik gabea, txiroa, eta «fobia», beldurra. Pobrezian dauden pertsonak mespretxatu, arbuiatu edo baztertzera daraman aurreiritzia da aporofobia, pobreziari beldurra; segur aski, zehatzago, norbera pobrezian erortzeko beldurra. Horregatik, akaso, maiz herritarrek ez dute ikusten –edo ez dute ikusi nahi– kale izkinan eskean dagoena. Eguneroko bizitzaren erritmo bizian pasatzen dira herritarrak kalean geldirik dagoenaren albotik, gainetik, azkar joanda miseria ikusiko ez dutelakoan.

Joan den urtarrilean eman zuten hedabideek Rene Robert argazkilari suitzarraren heriotzaren berri. Egile sonatua Parisen bizi zen eta egunero iluntzean paseatzera ateratzen zen bere auzo jendetsuan. Egun hartako paseoan 84 urteko argazkilaria lurrera erori zen eta bederatzi orduz egon zen hantxe, espaloian, jendearen joan-etorrien erdian, hotzez akabatu zen arte. Bederatzi ordu horietan inor ez zen gerturatu lurrean zegoen pertsona horrengana, segur aski, etxerik gabekoa, txiroa, baztertua zela uste zutelako. Horregatik ez zuten ikusi, nahiz eta begien aurrean izan.

«Rene Robert argazkilariaren heriotza gertatu zenean, gu antzezlana prestatzen ari ginen bete-betean eta zer pentsatua eman zigun. Urtero kalean bizi diren pertsona asko hiltzen dira. Inork ez du heriotza horien berri ematen, inork ez du haiengatik negar egiten. Bada une bat, egoera bat, inorentzat ez zarena existitzen. Horri buruzko gogoeta egiten dugu antzerki obran», azaldu du Garbi Losadak, “Aporofobia Stop” sormen proiektuko gidoigile eta bultzatzaileak. Ekimen horrek (duela egun gutxi Antsoainen estreinatu zen) gai horixe ekarri du mahai gainera: pobrezia edo etxegabetasuna ez dira pertsona baten ezaugarriak, arrazoi eta baldintza desberdinen ondorioz sortutako egoerak dira. Gaur egun, gainera, pobre izateko modu ugari daude; unibertsitateko ikasleak, lan prekarioak dituzten langileak, egun batetik bestera lanik gabe geratzen direnak… «Gaur egun herritar guztiak gara zaurgarriak eta edozein unetan geratu gaitezke ezer gabe eta pobrezia egoeran», esan du Losadak. Marra oso fina da, gaur hemen zaude eta bihar beste aldean. Akaso horregatik hainbeste aporofobia, inork ez duelako bere burua beste aldean irudikatu nahi.

Losadak azaldu duenez, «antzezlanean kontatzen dugu bi pertsona mota daudela; herritarrak eta ikusezinak. Pobreak sartu eta atera egiten dira kolektibotik, baina kolektiboa ez da inoiz desagertzen, beti existitzen dira pobrezia egoeran dauden pertsonak. Batek egoera horretatik ateratzea lor dezake, baina beste bat sartzen da. Proiektu honekin hausnarketa txiki bat piztu nahi dugu. Askotan ez diogu begiratu ere egiten kalean eskean ari denari. ‘Nik jateko bakarrik ematen dut’, ‘ez badu ezer egiten ez diot dirurik ematen’, ‘ez diot dirurik emango alkohola erosteko’... askotan entzuten ditugun gauzak dira eta horiei buruzko gogoeta bultzatu nahi dugu», jarraitu du.

“Aporofobia Stop” ikuskizuna “Giza Eskubideak Eszenara” izeneko proiektuaren baitan kokatzen da. 2016. urtetik martxan dago ekimen hori eta arte eszenikoak jendartea eraldatzeko erreminta egokia direla proposatzen du. Baztertuta edo egoera zaurgarrian dauden kolektiboekin lan egiten dute eskuz esku proiektu horretan eta modu horretan piztu nahi dute giza eskubideen inguruko gogoeta kolektiboa. Losadarekin batera gidoia landu duen eta ekoizle lanetan aritu den Jose Antonio Vitoriak laburbildu du orain arteko bidea. «2016. urteaz geroztik gizartearen bazterretan dauden zenbait kolektiboren gainean jarri dugu fokua. Bide horretan, adineko pertsonekin lan egin dugu, buru osasuneko arazoak dituztenekin, mendekotasunen ondorioz errehabilitatzen ari diren pertsonekin, bakarrik dauden adin txikiko migratzaileekin... oraingo honetan Iruñeko Paris 365 jantoki sozialeko erabiltzaile eta boluntarioekin egin dugu lan. Egoera ekonomiko zaila duen jendea da edo etxerik ez duena».

Azken sormen proiektua lankidetza baten emaitza da; Asinsound soinu enpresa, Bidebitarte mikrokooperatiba nafarra, Ados Teatroa antzerki konpainia eta Paris 365 jangela soziala aritu dira elkarlanean.

Lan egiteko moduak ere baditu berezitasunak. Vitoriak azaldu duenez, «elkarren ondoan eta berdinetik berdinera aritu gara lanean arte eszenikoetako profesionalak eta Paris 365 jangela sozialeko erabiltzaile eta hezitzaileak». Aktore eta musikari profesional batek, hezitzaile batek eta sei nazionalitate ezberdinetako zortzi pertsonak (egoera ekonomiko ahulean edo etxegabetasunean daudenak) osatzen dute oholtza gaineko taldea. Talde teknikoa, berriz, arte eszenikoetako profesionalek.

Diziplina desberdinen arteko josturekin ondutako proiektua da, antzerki lengoaia anitza darabilena; plastika, musika, performancea... «Kasu honetan diseinuak eta sorkuntzak ere parte handia daukate. Materialak birziklatu daitezke eta pertsonak ere bai. Ideia horretatik abiatuta, pentsatu genuen tailer bat antolatzea eszenografia egiteko. Zakarretara botatako altzariekin –Nafarroakoa Emaus Fundazioak bildutakoak– antzezlanean ikus daitezkeen aulki zoragarriak egin zituzten tailer horretan. Kataluniako diseinatzaile Curro Clareten laguntza eta gidaritza izan dugu prozesu horretan. Horrela, Paris 365 jangela sozialeko erabiltzaileek sortutakoak dira pieza hauek eta horiekin osatu dugu antzezlanaren eszenografia. Interesgarria izan da herritar horiei sortzeko espazio bat eskaintzea eta emaitza izugarri ederra izan da», azaldu du Vitoriak.

Guztira 46 aulkiko multzoa da, guztiak pieza bakarrak. Aulkiak salgai daude eta hortik ateratzen den dirua sormen proiektua finantzatzeko erabiliko da. Enpresek 300 euroan eros ditzakete eta partikularrek, 150 euroan.

Ikusezina ikusarazi

Myriam Gomez Paris 365eko gerentea da eta balio handia ematen dio “Aporofobia Stop” ekimenari. «Denbora asko daramagu zaurgarritasun egoeran edo etxerik gabe dauden pertsonen oinarrizko beharrak ase nahian. Baina, era berean, denboratxoa daramagu ikusezin bihurtzen ditugun errealitate horiek ikusarazteko ahaleginean. Ez dira errealitate ezdeusak edo ez ikusteko modukoak, baina ez ditugu ikusi nahi, hori da arazoa. Normalean gurekin egoten diren pertsonek gizartearen sarean eta kulturaren arloan parte hartzeko modua izatea gure erronketako bat da. Kulturaren eta antzerkiaren munduan dabiltzan profesionalen laguntzarekin, pobrezia egoeran dauden pertsona horiek beren ahots propioarekin ikusiak eta entzunak izateko modua izatea sekulakoa da. Beren errealitatea kontatu, erakutsi, azaltzea garrantzitsua da, ezkutatua izaten den errealitatea delako. Egunero jantoki sozialean gurekin egoten diren pertsonek gauza asko dituzte kontatzeko».

Paris 365 jantoki sozialeko erabiltzaileek sormen prozesu osoan parte hartu dute, hasi eszenografiarekin, segi gidoiarekin, antzezlanarekin... «guretzat oso garrantzitsua izan da hori eta aukera berriak zabaldu dizkigu. Pertsonak ez dira pobreak, une batean pobrezia egoera batean egon daitezke, baina pentsatzeko, sentitzeko, sortzeko gaitasuna daukate. Proiektu hau horren guztiaren adibide bat da eta urrats garrantzitsua izan da guretzat».

Zerotik sortua, bidean egina

Antzezlana egiteko modua ere berezia izan da. Ikuskizuna zerotik sortu da, aurretik gidoia landu gabe. Eszenaratzea eta dramaturgia prozesu osoan zehar landu eta osatzen dira, partaideen ideiak, iritziak eta iruzkinak gehituz. Emaitza antzerki hizkuntza ez-konbentzionala duen ikuskizuna da, eduki bisual handia eta performancearen artearen eragina duena.

Sortzaileek nabarmendu dutenez, «etengabe eraikitzen ari den ikuskizuna da, aurrez pentsatutako klixeak edo ideiak saihestea du helburu, eta elkarrizketan, elkarreraginean eta aniztasunaren kudeaketan oinarritzen du sorkuntza».

Javier Asin arduratu da antzezlanari musika josteaz eta zuzeneko musika ere bere esku dago. Pieza guztiak originalak dira, espresuki lan horretarako sortuak. «Hasieran esan nien parte-hartzaileei arraro sentituko zirela, noraezean, prozesua zerotik hasten delako eta lehen urratsak zailak izaten direlako. Aurretik idatzita dagoen gidoi batetik abiatzea errazagoa da, bidean sortzen joatea zailagoa da. Parte-hartzaileek kontatzen dizkiguten bizipenek gidatzen gaituzte bidean eta emaitza oso ona dela uste dut. Esperientzia sekulakoa izan da, izugarri ikasi dugu eta aparteko jendea ezagutu dugu», esan du Asinek.

Garbi Losadarekin aritu da eskuz esku. «Niretzat interesgarriena pertsona hauekin elkarbizitza izan da. Batzuetan ematen du gure bizitza kontrolpean dugula eta egiazki denok oso zaurgarriak gara. Pobreziari dagokionez, denok hor gaude, mugan, ‘titiriteroek’ ederki dakigu hori. Gure lanbideari dagokionez, guk pasio handiz bizi dugu eta badakigu antzerkia terapeutikoa dela eta gauza asko mugitzen dituela».

«Bide bat egin dugu elkarrekin»

Marta Antoñana Gorriti Paris 365ko langilea da. «Nora gentozen oso ondo jakin gabe etorri ginen. Antzerkiarekin zerikusia zuen zerbait zela bagenekien, baina ezer gutxi gehiago. Prozesu honetan parte hartzea izugarria izan da, aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Gauza asko ikasi ditugu, antzerki konpainia profesional batek nola funtzionatzen duen ikasi dugu, antzezlan baten atzean dagoen lan mordoa ikusi dugu… eta gure arteko harremanak ere asko estutu dira. Denbora asko eman dugu elkarrekin antzezlana prestatzen eta lotura estua sortu da denon artean. Espero ez genuen tokira iritsi gara eta oso prozesu interesgarria izan da denontzat».

Dante Calderon, jantoki sozialeko erabiltzailea, aktorea da antzezlanean. «Bide bat egin dugu elkarrekin. Hasieran tokiz kanpo bezala geunden denok. Pixkanaka ulertu genuen hemendik, eszenatokitik, kontatu dezakegula errealitate bat: edozein egon daiteke bihar gu gaur gauden tokian, pobrezia egoeran. Nik antzerkia asko maite dut eta obra asko ikusi ditut hortik, ikusle bezala. Bizitzaren gorabeherak tarteko, une batean nire bizitzak oreka galdu zuen eta lanik gabe eta baliabiderik gabe geratu nintzen. Antzezlan honetan parte hartzeko aukera eman digute eta asko indartu gaitu. Eta mezua hori da, gaur ni nago hemen, egoera zaurgarrian eta baliabidez eskas, baina zu ere egon zaitezke hemen edozein unetan. Mezu hori eman ahal izatea garrantzitsua da guretzat».

Iris Cardenas ere pozik dago esperientziarekin. «Paris 365 jantoki sozialeko erabiltzailea naiz eta orain, aktorea. Niretzat esperientzia erabat berria izan da eta ahaztezina seguru. Beti eszenatokiaren beste aldean egon naiz eta lehen aldia da antzerki obra batean parte hartzen dudala. Ez da erraza izan lana eta entseguak bateratzea. Lan handia egin dugu denok, ahalegin handia, eta espero dut emaitza publikoaren gustukoa izatea».

Batzuetan pentsatzen da pobrezia egoeran dagoenaren premia bakarrak jatekoa eta lotarako tokia direla. «Egoera horretan zaudenean gehien behar duzuna duintasuna da. Ez zaizu dirua bakarrik falta, duintasuna falta zaizu. Nik ez dut inoren errukirik nahi, nik errespetua behar dut. Horrelako proiektu batekin gizartearen eta kulturaren parte zarela sentitzen duzu eta horrek duintasuna ematen dizu. Oso dibertigarria da antzerkia, aurretik sekula ez nuen pentsatuko hain ondo pasatuko genuenik. Oso pozik gaude», esan du proiektuaren parte den Ruben Saunierrek.

 

«DUINTASUNEZ ETA ERRESPETUZ BEGIRATZEA, HORIXE NAHI DUGU»

«Nik ez nuen inoiz pentsatuko egoera honetan egongo nintzenik. Lana nuen, etxe bat, autoa, egonkortasuna. Baina bizitzak 360 graduko itzulia eman dezake eta beste aldean jartzen zaitu, ostiko batez». Iris Cardenas eta Dante Calderon senar-emazteak dira. Perutik Iruñera etorriak, Paris 365 jantoki sozialeko erabiltzaileak dira eta «Aporofobia Stop» antzezlaneko aktoreak. Cardenas duela bi urte etorri zen eta Calderon pasa den azaroan, bien semearekin. «Paris 365 jantokia oso garrantzitsua izan da. Oinarrizko beharrak aseta dituzunean, burua beste kezka batzuetara jar dezakezu, argitasun handiagoz gainera. Goseak eta hotzak ez dute ondo pentsatzen uzten», kontatu du Cardenasek. Hasieran bera hasi zen aktore lanetan eta senarrak lagundu egiten zion. «Etorri berria nintzen eta Iris laguntzera etortzen nintzen entseguetara. Azkenean neroni ere sartu naiz proiektuan eta oso pozik nago, esperientzia indartsua izaten ari da».

Sormen proiektuak erdigunean jartzen duen gogoeta ez da makala: nola begiratzen diogu pobreziari? «Pobreziari beldurra izatea giza ezaugarri bat da. Norberak daukan egonkortasuna galtzeak beldurra ematen du eta horregatik ez dugu arrisku hori ikusi nahi. Gu orain egoera txarrean gaude, marraren alde honetan, baina ahalegin guztia egiten ari gara hemendik ateratzeko. Baina badakigu, guri gertatu bezala, edozeini gerta dakiokeela», esan du Calderonek. «Batzuetan pentsatzen da egoera zaurgarrian dagoen pertsona horrek zerbait egin duela gaizki, nolabait merezita balu bezala gertatu zaiona. Begirada hori hor dago eta oso mingarria da», gaineratu du Cardenasek.

Baina, nola begiratu pobrezia egoeran edo etxerik gabe dagoen horri? «Nahikoa da pertsona bezala tratatzea, lankide bati edo egunero ikusten dugun auzokide bati bezala. Ez begiratu errukiarekin, duintasunez eta errespetuz baizik. Agurtu, berdinetik berdinera tratatu, lagundu ahal den neurrian. Ez da bigarren mailako herritarra, egoera zail bat pasatzen ari den pertsona bat da».