NAIZ

Baionako Etxepare lizeoa, frantziar Estatuko 2.315 lizeoen artean onena

Baxoa azterketan lortutako emaitzak direla medio, Seaskako Etxepare lizeoa frantziar Estatuko 2.315 lizeoen artean lehen postuan azaltzen da gaur ‘L'etudiant’ wegbunearen bidez plazaratu den sailkapenaren arabera.

Iazko urrian Azterketaz Euskaraz ekimena aurkezteko Etxepare lizeoan eginiko agerraldia.
Iazko urrian Azterketaz Euskaraz ekimena aurkezteko Etxepare lizeoan eginiko agerraldia. (Bob EDME)

Ikastetxetako arduradunek, gurasoek zein ikasleek arreta bereziarekin begiratzen duten zerrenda plazaratu du gaur ‘L’etudiant’ webguneak.

Ikasleek Baxoa azterketan lortzen duten emaitza aintzat hartuta, frantses Estatu mailan sailkapena osatzen du ikastetxea hautatzeko unean tresna lagungarria izanen den atariak.

Aurtengo sailkapenari begiratuta, Baxoa orokorra eta Baxo Teknologikoaren ataletan, 2.315 lizeoen artean –sare guztiak aintzat hartuta– urrezko domina eskuratu du Seaskako Etxepare lizeoak.

Sailkapena interesagarria da bereziki urte bakoitzean lortutako emaitzak baino bilakaera kontuan hartzen duelako. Kasu honetan 2021 eta 2020ko ikasturte zinez bereziak aintzat hartu ditu emaitzak zehazteko.

Iazko ikasturteko datuei begiratuta, murgiltze ereduan jarduten duten 97 ikasle aurkeztu ziren goi mailako ikasketak egiteko giltza ematen duen Baxoa azterketara. Guztiek lortu zuten azterketa gainditzea. Are, %94an «mention» delakoa –nota altua– lortu zuten.

Irizpideei begiratuta, emaitza gordina soilik ez, jatorri sozioekonomiko ezberdinetako ikasleek beraien helburuak lortzeko bidean ikastetxeak erakusten duen eraginkortasunari garrantzi berezia ematen zaio sailkapen horretan.

Zerrenda horretako goi postuan agertzea, ikuspuntu horretatik, urte luzeetan eginiko lanari aitortza bat bada.

Sailkapen horretan onenen artean azaltzeak beste ondorio bat dakar: ikusgarritasuna.

Etxepare lizeoko langile batek umorez aipatzen duenez, «zerrenda hori agertu eta hasten dira telefono deiak eta mezu elektronikoak iristen, batzuetan frantses Estatuaren beste puntatik, gure lizeo honetan izena emateko zer baldintza bte behar diren jakin nahian, eta ezin duzu imajinatu zer sorpresa hartzen duten batzuek erraten diegunean baldintza bakarra dela euskaraz ikasi eta bizi nahi izatea, Etxeparen hizkuntza horretan irakasten dugulako».

Anekdota esanguratsua da, askorentzat sinesgaitza izanen baita seguruenik euskara ofiziala ez den Estatuan lizeo onenak hizkuntza hori baliabide nagusia izatea.

Lan bikoitza, eta hala ere emaitza ona

Etxepare lizeoko ikasleek lan bikoitza egin behar dute Baxoa gainditzeko. Euskaraz ikasten dute baina ezin dute azterketa hori osorik euskaraz egin.

Are, azken ikasturteak bi bereziki gogorrak izan dira, frantziar Gobernuak aitzineraturiko lege erreformak kolokan jarri baitu murgiltze eredua. Ipar Euskal Herrian erantzun zabala ukan zuen aipaturiko erabakiak, eta frantses Gobernuak malgutu behar izan zuen bere jarrera.

Izan ere, aurten ere berme argirik gabe ekinen diote ikasleek Baxoari. Euskarari ezarritako muga ez baita desagertu.

Oroitzearren, iazko ekainean desobedientzia ekimena burutu zuten lizeoko hamarnaka ikasleek. Filosofia azterketa euskaraz idatzi zuten egoera errotik aldatu behar dela galdetzeko.

Azterketak Euskaraz izeneko ekimenaren bidez bai kolegiotik lizeora igaro aitzin eginen den Brebet azterketa baita lizeoko etapari amaiera eman ondoren pasatzen den Baxoa froga ikasketetan zehar erabilitako hizkuntzan egitea galdetzen du Seaskak.

Hilabete hasieran Euskal Herri osoko ikastolen sostengua jaso zuen aipaturiko ekimenak. Hala, ehundik gora ikastetxetan elkarretaratzeak egin zituzten Ipar Euskal Herriko ikasleek azterketak euskaraz egiteko duten eskubidea aldarrikatzeko.