Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

NAIZek eta Korrikak akordioa sinatu dute, ekimena eta euskara babesteko

NAIZek hitzarmena adostu du Korrikarekin eta AEKrekin, ekimenari eta euskarari bultzada eder bat eman nahian. Bi ekimen nabarmentzen dira akordioaren baitan: lasterketako petoen salmenta arrakastatsua eta amaierako bestan Donostiako Zuloaga plazan zabalduko den NAIZ Gunea.

Iñaki Soto GARAko zuzendaria, Aitziber Balantzategi AEK-ko eledunarekin eta Asier Amondo Korrikako arduradunarekin.
Iñaki Soto GARAko zuzendaria, Aitziber Balantzategi AEK-ko eledunarekin eta Asier Amondo Korrikako arduradunarekin. (NAIZ)

NAIZek akordioa sinatu du Korrikarekin eta AEKrekin, ekimena eta euskara bultzatzeko, eta ahalegin historiko honen berri eman nahi dio bere komunitateari. Bi ekimen nabarmentzen dira akordioaren barnean. Alde batetik, lasterketako petoen salmenta arrakastatsua eta, bertzalde, euskararen aldeko ekimenaren amaierako bestan Donostiako Zuloaga plazan zabalduko den NAIZ Gunea, gazteei zuzendua egonen dena eta kontzertu erakargarriak eskainiko dituena.

Asier Iñigo NAIZeko Marketineko arduradunak komunikazio proiektuak Korrikari eta euskarari ematen dien babesa nabarmendu du, bai alde ekonomikotik, baita kazetaritza aldetik ere, lasterketaren eta berau inguratzen duten ekitaldi guztien berri zabaltzeko ahalegin berezia egiten baitu egunotan.

Petoen salmenta

Lehen aipatu dugun petoen salmentaren bidez NAIZen eta GARAren komunitatean bildu den diru guztia Korrikarentzat izanen da. «Harpidedunen eta irakurleen artean banatzeko genituen peto guztiak berehala amaitu ziren», kontatu du Iñigok.

Baieztatu duenez, aspaldiko eskaintzarik arrakastatsuena izan da. Honen bitartez, Korrikari ekarpen ekonomikoa egiteaz aparte, irakurleei petoak erraz eta azkar eskuratzeko modua eman zaie.

Gazteei zuzendutako gunea

22. Korrika hasteko irrikaz gauden honetan, amaiera urrun ikusten da oraindik, baina apirilaren 10ean izanen da, Donostian, eta besta handia espero da. Orain Amurrioko ekimenak zabaldu dituzten bezala, laster ezagutuko ditugu Gipuzkoako hiriburukoak. Egitarau polita izanen dela aurreratu dute antolatzaileek, hainbat gune dituena. Horietan guztiok edukiko dugu lekua. Korrikari ongietorria eta amaiera emateko tartea izanen dugu, baita musikarako eta une bereziak partekatzeko ere.

Eta hantxe, ospakizunaren erdian, egonen da NAIZ Gunea. Gazteei zuzendutako espazio  garrantzitsu bat izanen da, Zuloaga plazan kokatua. Egun osoko egitaraua eskainiko du, kontzertu esanguratsuekin eta NAIZ Irratiaren set berezi batekin, zuzeneko musika saioa egiteko. Gunea eta bertako programa heldu den apirilaren 5ean aurkeztuko dute.

NAIZ Irratia aipatu dugu eta, hain zuzen, NAIZek Korrikarekin sinatu duen itunaren bertze elementu bat lasterketaren historia jasotzen duten podcastak dira, irratiarekin elkarlanean eginak. Dagoeneko eskura daude, atalez atal, Korrika bakoitzeko zertzelada eta pasadizo nagusiak. Proiektu xume hau Korrikaren webgunean aurki daiteke, ‘Historia’ atalean, eta NAIZ Irratiko uhinetan ere entzuteko aukera egonen da.

Sustatzaileek azaldu dutenez, 22 audio-fitxategi dira, atarikoa eta Korrikaren aurreko 21 edizioetako podcast bana. Horien transkripzioak ere eskegi dituzte. «Korrikaren historiaren podcastak webgunearen atal berri batean kokatu ditugu, ‘Korrikateka’ izenekoan. Pixkanaka-pixkanaka, Korrikaren ondare guztia bertan biltzeko asmoa dugu», esplikatu dute.

Podcast horiekin jaso nahi izan dituzte edizio bakoitzeko zertzelada nagusiak, ekimen maitatu honen historia bertze era batez ere dokumentatzeko. Izan ere, lasterketa nagusiaren webgunean bertan, lehen errandako ‘Historia’ atalean, edizio bakoitzak bere orrialdea dauka, nondik norako nagusiak biltzen dituena, eta orain, hor ere, edizio bakoitzaren podcasta eskura egonen da.

Sartu eta edizio bakoitzeko mila eta bat istorioak aditzera animatu dute.