Uko egiteari uko egin

Fenomeno bat ematen da gure artean. Bitxia, xelebrea. Akaso badu azalpen zientifiko edo antropologikorik. Harrituta nago nola aitatasunaren proportzio ia berean handitzen den txirrindularitzarekiko zaletasuna. (Txirrindularitzaren lekuan berdin funtzionatzen du mendizaletasunak edo running-ak). «Ai, gure mendiak eta bailarak… hain dira inspiragarriak, ezta?». Aste luzearen ondoren haizea hartu beharra, badakizue, mind fullness-aren garrantzia. Aitatxoren titulua estreinatu eta bat-batean kirolaren harrak zizta egiten omen die. Bueno, ez denei, baina bai askori. Bitxia dela nioen, zeren ezagutzen ari naizen kasu guztietan gizonezkoak dira biktimak. Gizon zuriak eta beltzak. Gazteak. Heterosexualak. Eta ezkertiarrak. Ze gauzak…

Kuriositateak eraginda, galdezka jarri naiz. Ene, eta bai bitxia, batzuei kirolarekin gertatzen zaiena besteei soziedadearekin gertatzen zaielako, eta kasualitatez, ostiraletan. Leher eginda daude aste luzearen ondoren, eta hala ere lagunekin afaldu beharra; baina zer da hori itsasoaren handitasunaren ondoan? Mind fullness-a, badakizue.

Gauzak konplikatzen joan ziren galdetu ahala, eta ohartu nintzen beste zenbait, betebeharraren zentzu berberak bultzatuta, joaten omen direla Anoetara, San Mamesera edo Sadarrera. Estadioaren izenak ez du axola. Asteburuan partida? Bai, bai, por supuesto; astean zehar ere joaten direla esan nahi dut. Txukun-txukun bufanda jantzi eta bokata besapean golak ospatzera. Baleude.

Zerrenda bat heldu da nire eskuetara. Honen, haren eta bestearen alabek eta semeek izenaren atzetik aitatxoren abizena dute. “Etxeko” kontu hauen guztien “negoziaketak” nolakoak izan daitezkeen alde batera utzita, ez al da susmagarria balantza beti alde berberera inklinatzea? Ezkertiarrak nioen. Teorian modernoak; praktika, ordea, irailean ere ez dute gaindituko uko egiteari uko egiten dioten bitartean. Hori bai gol ederra sartu digutena.