Jon Ormazabal

Zabala-Oier Etxebarriak topikoak hausteko txapelak jantzi dituzte (22-8)

Material biziak baldintzatutako Promozio finalean, Aspeko bikotea ziurrenik txapelketako partidarik txarrena egin duten Bakaikoa-Elizegiren gainetik pasa dira, inolako aukerarik eman gabe.

Zabala-Etxebarria, pozaren pozez euren txapelekin.
Zabala-Etxebarria, pozaren pozez euren txapelekin. (Iñigo URIZ/FOKU)

Javi Zabala eta Oier Etxebarria dira Promozio mailako binakako txapeldun berriak, material biziak baldintzatutako final batean, Bakaikoa eta Elizegiri uste baino askoz errazago gailenduta (22-8). Lanerako grina, iraupena eta pazientzia izan ziren Aspekoen armak lehenengo play offa eta gero finalerdiak gainditzeko erabilitako dohainak, baina gaurkoan distira ere badutela erakutsi dute Labriten, partidan goitik behera nagusitu eta aurkariak erabat partidatik ateraz.

Lanarenaz harago, pilotari, eta kirolari gehienek dituzten topikoak kentzeko balio beharko lieke bi txapaldunei gaurko partidak. Javi Zabalaren inguruan sarri hitz egin da buruz buruko txapelketetarako dituen dohainez, bere eskuin indartsu horretaz, baina baita bere izaera bero horren erruz partidetatik irteteko duen erraztasunaz. Ba Logroñokoak binaka lortu du bere profesionaletako lehen txapela, erasoan ausarta izanaz eta, batez ere, hasi eta buka, oso partida burutsua jokatu eta beti bere lekuan egonda.

Oiere Etxebarriak ere maiz eraman ditu bizkarrean pilotari seguru eta zuzenaren etiketak, bada gaur jotzaile handi baten gisan aritu eta denera lau tanto ere apuntatu dizkiogu, bi pilota errebote zuloan sartuz eta beste bi zabalean egindako dejada zoragarrien bidez. Aurreko bi partidetan egin ez zituen bi huts ere batu ditu, topikoak are gehiago apurtzeko.

Hasi eta buka

Egindako txapelketa bikainaren ostean, Bakaikoa-Elizegi ziren irabazteko faboritoak, baina hasiera-hasieratik markagailuan atzetik joan behar izan dute eta tarteka erreakzio txikiren bat izan badute ere, ezinean aritu dira partida osoan.

Piloteoan nagusitu beharreko bikotea zirudien Baikokoak, baina ezinezkoa egin zaie, lehen tantotik Oier Etxebarria oso nagusi izan baita atzeko koadroetan. Irteera handiko pilota oso urrun ibili du Igorrekoak. Elordirekin 2019an lehen txapela jantzi zueneko hartan ez omen zuen batere gozatu kantxan eta gaur lehen helburu hori behintzat hasieratik lortu du.

Baikokoek, ordea, ziurrenik euren txapelketa osoko partidarik txarrena jokatu dute unerik desegokiena. Materialarekin hasarre, partidatik ere azkarregi irten dira azkar xamar egin die ihes partidak (1-7). Izan dute, promozio mailan falta zaion txapel bakarra nahi zuen Bakaikoak –erasoan garapen izugarria izan du Etxarri-Aranatzekoak txapelketa honetan– eta lehen finala zuen Elizegi asteasuarrak erreakzio txiki bat, 8-12 gerturatu dira, baina Aspekoak oso nagusi izan dira eta merezita eraman dituzte txapelak etxera.

FITXA TEKNIKOA:

Bakaikoa-Elizegi: 8

Zabala-O. Etebarria:22

Pilotakadak: 398. Iraupena: 38 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-7, 2-7, 2-8, 3-8, 3-9, 5-9, 5-12, 8-12, 8-22. Egindakoak: 3 Bakaikoak, 2 Elizegik, 9 Zabalak eta 5 Oier Etxebarriak. Galdutakoak: 4 Bakaikoak, 4 Elizegik, 1 Zabalak eta 2 Oier Etxebarriak. Gorabeherak: Giro bikaina berriz ere bete den Labrit pilotalekuan.