Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Energian esku hartzea eta politika fiskala aztertzea proposatu du EH Bilduk

Ukrainako gerraren ondorio soziekonomikoei aurre egiteko hainbat neurri «estruktural» aurkeztu ditu EH Bilduk: sektore energetikoan esku hartzea, politika fiskalak aztertzea, herritarrak babesteko neurriak hartzea eta alor ezberdinetako burujabetzaz hitz egiten hastea.

Arnaldo Otegi, aurreko agerraldi batean.
Arnaldo Otegi, aurreko agerraldi batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

EH Bilduren mahai politikoak, Ukrainako gerraren ondorio soziekonomikoen aurrean, egindako hausnarketa konpartitu du Arnaldo Otegik gaur eguerdian egindako agerraldian. «Termino humanoetan planteatu nahi dugu. Inor ez zegoen prestatuta bizi dugun egoera honetarako. Mundu guztiak pentsatzen zuen, koronabirusa gainditu ondoren, europar funtsak jasota, beste egoera normalizatu batetara joango ginatekeela».

Koalizio subiranistako koordinatzaileak egungo «egoera desegonkorra geratzeko» etorri dela azpimarratu du. «Ezohiko egoera hau ezohiko estrukturala bilakatzen ari da. Ez da egoera probisional bat, gaindituko dena. Mundu arriskutsuago batean biziko gara. Ez diogu hau inor beldurtzeko, baizik eta benetako errealitateari aurre egiteko», nabarmendu du.

Gatazka honen ondotik hainbat joera atzeman ditu EH Bilduk. Alde batetik, egoerari aurre egiteko konponbide gisa aurkezten den «autoritarismoaren gorakada». Bestetik, «langile klasea, herritar sektoreak, pobretzen ari garela», une honetan ere «elite ekonomikoak aberastu» egiten ari diren bitartean. Era berean, aipatu du «gizakia bizitza planetan arriskuan» jartzen ari dela. «Aldaketa klimatikoagatik eta gerra pizte nuklearragatik. Esperantzara eta kontzientziara dei bat egin nahi dugu».

Horregatik, «gaixoa neurri aringarriekin» tratatu ordez, «neurri estrukturalak» hartzea eskatu du koalizioak. «Hilabete batzuetarako neurriak hartuko dira eta ez da ezer konponduko», adierazi du gaur goizean Pedro Sanchez espainiar lehendakariak iragarritakoen inguruan.

Horren aurrean, hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean. Lehena, energian esku hartzea. «Energia eskubide bat da eta giza eskubideak ukitzen ditu. Energia, berogailuak, argindarrak jendartearen eskubideen esparruan sartzen dira. Ezin dira oligopolien eremuan egon», adierazi du Otegik.

Enpresari, sindikatu, unibertsitate eta alderdiekin

Bestetik, «aberastasuna banatzeko» beharra ere azpimarratu du. «Azken urteetan errentak behera joan dira eta agintarien irabaziak gora». Horregatik, politika fiskalen «benetako azterketa» eskatu du. Zentzu berean, «neurri ekonomiko eta sozialak» defendatu ditu, «herritarrak babesteko».

Azkenik, burujabetzaz «hitz egiten hasteko beharra» plazaratu du koalizio abertzaleko koordinatzaileak. «Ez da soilik termino politikoetan ulertzen. Elikadura burujabetza eta energia burujabetzaz hitz egiten hasi behar gara», adierazi du. «Erakutsi dugu Euskal Herrian, egoera larrietan, gauza asko egin ditzakegula», nabarmendu du kooperatibak, hezkuntza sistema eta ekonomiarekin edo euskararekin lotutako hainbat ekimen gogora ekarriz. «Egungo egoerari gure modura egin behar diogu aurre».

Onartu du Euskal Herriko «eskala txikitik» aldatu ezingo diren gauza asko daudela, «baina aldatu daitezkeenak aldatu egin behar dira».

«Horretarako tresnak, behatokiak, behar ditugu, neurri estrukturalez hitz egiteko, errealitateari aurre egiteko». Eta foro horretan, enpresariak, sindikatuak, unibertsitateak eta alderdi politikoak egon behar direla iritzi du.