NAIZ

Elurtua baino jendez gainezka hartu du Iruñerriak Korrika

Elurtuta jaso du Iruñerriak Korrika gaur goizean. Dena den, eguraldia ez da oztopo izanen milaka lagun kalera euskararen kalera ateratzeko. Iruñerrian euskararen alde egitea ez da erraza askotan eta erakundeek traba egiten dute laguntza baino. Halere, euskararen aldeko historia ugari biziko dira.

Saioa Alkaizak Aureliari Antsoainen lekukoa eman dion une.
Saioa Alkaizak Aureliari Antsoainen lekukoa eman dion une. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Gasteizen elurra izan zuten atzo Korrikan parte hartu zutenek. Eta elurra izan dute ere gaur gauean Sakanan zehar egin duten ibilbidean. Bai Araban bai Nafarroan lasterkariek ez dute atsedenik hartu. Bakaikun lehen Korrikan parte hartu eta gero kotxe batek hil zuen Javier Eseverri omendu dute lore sorta batekin. 

Arakilen elurra oztopo bilakatu da eta furgoneta gelditzeko zorian izan da. Baina inguruan zirenak ibilgailuari bultza egin diote eta aurrera segitu dute.

Eta elurtuta jaso ditu ere Iruñerriak.

Halere, Iruñerrira Korrika heltzen den bakoitzean gertatzen den bezala milaka lagun izanen dira hotzari aurre eginez karriketara aterako direnak. Iruñerrian euskararen alde egitea ez da gauza erraza askotan eta erakundeek lagun baino traba dira askotan. Horren lekuko, aurten Iruñeko alkate Enrique Mayak korrika txikiei jarri zien trabak. Ez elurrak ez erakundeak ez dira izanen traba euskararen aldeko oihua entzunarazteko.

«Elurretan ere, euskararen alde», oihukatu dute Iruñerrian barrena behin baino gehiagotan.

8.45ean Erize-Izatik pasa da lasterketa Iruñerriko suhiltzaileek lekukoa eraman dutelarik.

9.25ean Berriozarrera heldu da Korrika eta bertan Jokin Irigoien euskaltzale, irakasle eta kazetariari omenaldia egin diote. Berriozarren euskararen alde egindako lana eskertu nahi izan diote. Minutu batzuk beranduxeago Raul Maiza alkateak hartu du lekukoa.

Arrotxapean, Gaztetxeko kideek hartu dute lekukoa auzotar ugariz inguraturik. Pixka bat beranduago Joseba Asiron eta EH Bilduren beste zinegotziak izan dira lekukoa eramateko ardura hartu dutenak. Endika Alonsok, adibidez, forma onean dagoela frogatu du. EH Bildukoek Geroa Baiko kideei eman diete lekukoa, Maria Solanaren eskuetan.

Saioa Alkiza eta Aurelia

Antsoainen bertako bertso eskolako kideek hartu dute lekukoa eta protagonista estelarra izan dute, Saioa Alkaiza Nafarroako txapelduna izan baita lekukoa eraman duena. Furgonetatik korrika egiten zuen bitartean bertsoa botatzea eskatu diote, baina ez dute lortu.

Alkaizak lekukoa itzuli behar izan duenean ezusteko polita jaso du. Izan ere, txikitan zaintzen zuen Aurelia baitzegoen jasotzeko. Antsoaingo Martzillatzarren ama da Aurelia, eta euskal hiztuna ez bada hurrengo belaunaldietara euskara transmitzeko lan eskerga handia da. Aureliaren kilometroa Antsoaingo Zaintza Sarearena zen. Euskara eta zaintzak lotuak gelditu dira horretan. Horretan lan handia egin du Aureliak.

Burlatan Volkswageneko langileak izan dira lekukoa hartu dutenak.

Atarrabian Mikel Oteizak hainbat herritarrek bezala lekukoa hartu du herri honetik Korrika pasa denean.

Uharten ere, Alfredo Arruiz eta herritar ugarik hartu dute lekukoa.

Nafarroako Gobernua, Lezkairun

Aurten, Korrika lehen aldiz Lezkairu auzotik pasa da. Eraiki berritako auzoetan euskarak ere presentzia ere izan behar duela nabarmendu dute.

Nafarroako Gobernuko ordezkariak, Ana Ollo kontseilaria buru zutela, egin dute bat Korrikarekin Lezkairun.

Gobernuko kideek lekukoa Osasunako jokalariei, Patxi Puñal buru zutelarik, pasa diete lekukoa Sadar futbol zelaitik pasa direnean.

Sarasate pasealekura heldu denerako, lekukoak jendetza zuen atzetik. Horrela hartu dute Korrika gehiengo sindikaleko kideek. Haur eskolak euskaraz izatearen aldarriak ere tokia izan du bertan. Hauek berriz Nafarroako Parlamentuko ordezkariei eman diote txanda Ganbararen ondotik pasa direnean. Unai Hualde Parlamentuko presidenteak hartu du lekukoa. PSN eta Navarra Suma izan ezin ezik, alderdi guztietako ordezkariak izan dira.

«Maya, entzun, Iruñea euskaldun!» oihuak entzun dira jendez lepo zeuden Alde Zaharreko karrika estuetan.

Iruñeko udalerria utzi eta gero, Barañainera heldu da Korrika. Herri honetan ere jendetzak egin du bat Korrikarekin.