NAIZ

Gure Eskuk ANC eta Omniumeko kideekin partekatu du Korrikaren lekukoa, Ibañetan

Gure Eskuko Amalur Alvarez, ANCko Elisenda Paluzie eta Omnium Culturaleko Elena Jimenezek elkarrekin hartu dute Korrikaren lekukoa Ibañetan. «Gutxiesten gaituzten lege eta epaien aurrean, jarrai dezagun gure hizkuntza eskubideak defendatzen eta burujabetza eraikitzen», aldarrikatu dute.

Gure Eskuko Amalur Alvarez, ANCko Elisenda Paluzie eta Omnium Culturaleko Elena Jimenez Korrikaren Ibañetako kilometroa gozatzen, elkarrekin.
Gure Eskuko Amalur Alvarez, ANCko Elisenda Paluzie eta Omnium Culturaleko Elena Jimenez Korrikaren Ibañetako kilometroa gozatzen, elkarrekin. (GURE ESKU)

Gure Eskuko kideek, Kataluniako ANC eta Omniumeko lagunekin batera, Korrikaren lekukoa hartu dute astelehen honetan Ibañetan, Orreaga, Luzaide eta Donibane Garazi lotzen dituen mendatean. Hunkituta agertu dira Korrika uzten ari den irudiekin: «Determinazioa, ilusioa, herri gogoa... Korrika izan dadila berriro ere gure herriak aurrera egiteko behar duen bultzada», adierazi du Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramaileak.

1041. kilometroa partekatu dute Alvarezek, ANCko Elisenda Paluziek eta Omnium Culturaleko Elena Jimenezek, Orreagatik Luzaiderako bidean, elurtutako parajeetan. «Gutxiesten gaituzten lege eta epaien aurrean, jarrai dezagun gure hizkuntza eskubideak defendatzen; eta jarrai dezagun, burujabetza eraikitzen, gure hizkuntzak muga eta oztoporik gabe sustatu ahal izateko», azpimarratu dute hirurek batera, 1.057 metroko mendatean.

 

 

Kataluniarrek nabarmendu dute beren hizkuntza babesteko bat egiten duela jendartearen gehiengoak, aukera politikoetatik gaindi. «Katalanaren alde egiten dute epaitegien aurrean, hauek baitira arazoa sortzen ari direnak», azaldu dute.

Bai katalanak eta bai euskarak hizkuntza guztientzako konplexuagoa den testuinguru batean biziraun behar dutela agertu dute: globalizazioan. Horretarako ere subiranotasun osoa behar dela defendatu dute, «erabateko independentzia, estatu bat izatea legeak libre egiteko, euskara eta katalana babesteko».

Uztailaren 2ko hitzordua

«Gure hizkuntzak defendatzen jarraituko dugu, gure hizkuntzak libreki sustatu eta garatzen jarraitu ahal izateko burujabetza eraikiko dugu. Mendi hauek batuko gaituzte berriro uztailaren 2an, Pirinioetako mobilizazioan. Gailurrak zain ditugu!», egin du deia Gure Eskuko kideak.

Kataluniar zein euskaldunei Pirinioetako 300 tontor igotzeko erronka luzatu diete Gure Esku, ANC, Omnium Cultural eta Artistes de la Republica plataformak. Ekintzan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago.

Jaizkibeletik Benasquerainoko mendi tontorrak egokituko zaizkie euskaldunei, 115 guztira, eta gainontzekoak katalanei. Helburua da farol eta linternak hartuta Higer lurmuturretik Creusera luzatuko den argi-lerro erraldoi bat sortzea.