NAIZ

Joseba Arregiren hirugarren graduaren aurkako helegitea «guztiz tamalgarria» dela dio Etxeratek

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Joseba Arregi Erostarbe presoari emandako hirugarren graduaren aurkako helegitea «guztiz tamalgarria dela» salatu du Etxeratek, Oñatiko presoak «bere zigorra soberan bete duelako».

Martuteneko espetxean dago Joseba Arregi Erostarbe.
Martuteneko espetxean dago Joseba Arregi Erostarbe. (Gorka Rubio | Foku)

Otsailaren amaieran Martuteneko tratamendu-batzordeak Joseba Arregi Erostarbe presoa hirugarren gradura pasatzea proposatu zuen eta Lakuako Gobernuak onartu egin zuen. Baina pasa den astean Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea jarri zuen. Etxerat elkarteak asteazken honetan salatu du «guztiz tamalgarria den erabakia.

«Beste behin ere, Fiskaltzak tratamendu-batzordearen irizpidearen aurkako errekurtsoa sustatu du, batzordea presoaren bizitzaren eta bilakaeraren nondik norakoak benetan ezagutzen dituena delarik, eta beraz, erabaki bat hartzeko modu objektiboan baloratu behar diren elementuak dituena; horregatik ez dugu uste egokia denik, idazki batean oinarriturik, urrun dagoen auzitegian erabakia hartzea», adierazi du ohar batean.

Azaldu duenez, fiskalaren errekurtsoan aipatzen da Oñatiko presoak aurretik baimenik ez duela izan, hirugarren graduari uko egiteko oinarritzat hartuz, «eta hori ere, baimenak izatea alegia, sistematikoki errefusatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Aitzitik, euskal presoak bigarren graduko irteera programatuak izan ditu Martutenen».

«Gainera, legeria arrunta aplikatuz gero, 75 urte dituen Joseba Arregik, adinagatik, hainbeste urteko espetxeratzearen ondorioz eta dituen gaitzengatik kalean egon beharko luke 30 urte kartzelan eman ondoren. Espainiako zigorraren hiru laurdenak beteta zituen 2019ko ekainean, eta Frantzian egin dituen 10 urteak zenbatu izan balitzaizkio, badira urte batzuk aske egon beharko litzatekeela», gaineratu du.

Nolanahi ere, «oso positibotzat» jo du Egoitz Coto Etxeandia, Joseba Lerina, Iñaki Garces Beitia, Unai Fano Aldasoro, Ugaitz Perez Zorriketa, Mikel Arrieta Llopis eta Francisco Jose Ramada Estevez presoei, otsailaren amaieratik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetako tratamendu-batzordeek proposatuta eta Lakuako Gobernuak onartu duen hirugarren gradua.