Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Lankidetzazko gobernantzaren ikerketa eta esperimentua abian da Arantzazun

Lankidetzazko gobernantzaz eta demokraziaz hitz egin da Arantzazun. Izen bereko laborategiak Deustu, EHU eta Mondragon unibertsitateak elkarrekin jarri ditu jardunean, ikertzen, marko teorikoak, hipotesi sinpleak, galderak eta kezkak identifikatzen. Eztabaidan jarri eta nazioartean kontrastatuz.

Arantzazulab 2022ko Ikerketa Programaren une bat.
Arantzazulab 2022ko Ikerketa Programaren une bat. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Arantzazuko ekitaldia aurkezpen bat izan zen, aurten burutu nahi den ikerketa baten aurkezpena. UPV-EHU, Deustu eta Mondragon unibertsitateak elkarrekin kooperatuz «demokrazia» eta «lankidetzazko gobernantza» esparruak jorratu nahi dituzte, Arantzazulab-en izateari, misio fundatzaileari, jarraiki. Hartara, marko kontzeptual eta teorikoa landu nahi dute, akademiaren jakintza pilatu, nazioarteko ezagutza aurreratuekin lotu, gure herriko eredu praktikoetatik abiatuz.

Baina ez dira garai onenak horretarako. Ekitaldiaren bigarren partean, Will Friedman AEBetako ikerlari eta pentsalariak eman zuen "Erresuminaren politikatik, politikaren berrikuntzara” izenburupeko hitzaldian ikusi zenez. Demokrazien krisi orokortu batez aritu baitzen, polarizazio pozoitsuez, eman den atzerakada handiaz, politikaren inguruan gailentzen ari diren frustrazio eta desesperantzaz, informazioaren teknologiak jokatzen ari diren paperaz. Dena ez da beltza, hala ere. Aipatu zituen argi bideak, pentsatzeko galdera ederrak proposatu zituen, baina horiek denak aurrerago aipatuko ditugu.

Galderak, galderak beti

Hiru unibertsitateek landu nahi duten ikerketan bi ondorio nagusi bilatzen dira: demokraziaren inguruko oinarrizko galderak identifikatzea; eta gure balio eta eskalatik erantzutea. Galderak, galderak beti! Zertan datza demokrazia? Zer ikuspuntu ezberdin daude Euskal Herrian demokraziaren eta balio demokratikoen inguruan? Zergatik doa ahultzen? Zeintzuk dira horren faktoreak? Eta nola indartu daiteke?

Galderak, Arantzazun, galderak: zer gertatzen ari da kultura eta balio demokratikoekin? Zer baliabide berri ari gara aurreratzen? Demokraziaren zein kontzepzio hartu dira hemengo aukera politikoen artean? Zeintzuk dira euskal demokraziaren balio sistemak?

Galdera asko… eta erantzunak aurkitzeko hipotesi sinple batzuk ere bai. Demokrazia oso kontzeptu erabilia dela; hainbat eduki dituela, askotan konkurrenteak eta kontrajarriak direnak; askatasunaz, botereaz, ongiaz, parte-hartzeaz…. ikuspuntu eta ikuskera ezberdinen artean dabilela balantzaka; guztiak ustez demokraziaren izenean jardunez, baina askotan jokabide burugabeetan.

Aitorpen zintzo pare bat ereegin ziren: nahasketa handiegia dagoela, demokrazia aritmetikarekin nahasten dela, edo hegemoniarekin, edo… Eta demokraziaren inguruko galderei diskurtso publikoan erantzun bat ematea baino, galderak planteatzea bera zein garrantzitsua den barneratu behar dela.

Ikerketa nola egin nahi duten ere aurreratu zen. Marko teorikoa nola landu eta partekatu nahi duten, hiru unibertsitateetako 25-30 aditurekin elkarrizketak eginez. Aurreratu zuten egin nahi duten ahalegina, demokraziaren inguruan dauden ikuspuntu ezberdinak identifikatu eta banakako elkarrizketen bitartez lagin askotarikoak biltzeko. Gizarte galdeketa bat egitea buruan daukatela ere aurreratu zuten, herritarrak erdigunean jarriz, galdetegi estandarren bitartez, hauen kezkak ezagutzeko, herriaren taupada hobeto entzuteko.

Gezia gora, gezia behera

Ekitaldiaren bigarren partean Will Friedmanen hitzaldia etorri zen. New Yorkeko Public Agenda erakundean kide den pentsalari honek, iritzi publikoan, demokraziaren berrikuntzan eta deliberazio publikoaren esparruan, besteak beste, urtetako eskarmentua du. Euskarazko hitz batzuekin agurtu zituen bertaratutakoak eta zoom bidez bere hitzaldia entzutera konektatu zirenak. Plazera.

Demokraziaren ideia, Friedmanentzat, boterea jendearen eskuetan oinarritzea da. Prozesu bukatu gabea da beti. Demokrazien krisi orokortu batez mintzatu zen, arrisku eta mehatxuekin batera, ideia eta aukera berriak eskaintzen dituena. Munduari begiratuta, autokraziaren gezia goraka ikusten du, eta demokraziaren gezia beheraka. Desadostasunak ereiten dira, polarizazio pozoitsuak handitzen doaz, eta AEBen kasuan, azken 40-50 urteetako atzerakada handiena izan dela aipatu zuen.

Hori da, Friedmanen hitzetan, Atlantikoaren bestaldetik datorrena. Estatubatuarren hiru laurdenek uste dute demokraziak okerrera egingo duela, politikariak jendeari laguntzen baino euren poltsikoak betetzen arduratuagoak daudela, politikarekiko desesperantzara kondenatuak dauden sentimendua hedatzen ari dela. Sistemak ez duela funtzionatzen, ustela dela eta oinarri-oinarritik gaizki eraikia dagoela.

Hala ere, puskatzen ari diren gauzetan irekidurak zabaltzen direla nabarmendu zuen. Jendeak botere gehiago nahi duela, ez diola eliteari nahieran gauzak egiten utziko. Komunitateen berrikuntza ahalegin asko daudela gogoratu zuen.

Teknokraziaren mehatxua

Gizarteak erabakimen handiagoa eta herritarrak aukera gehiago izateko ekimenak ugariak eta oso aberatsak direla nabarmendu zuen. Hori bai, saretu gabeak daudela, narratiba koherente bat falta dutela sarritan, «framing» egokia, eta erantzun praktiko gehiago behar direla azpimarratu zuen. Biak, kultura politikoa eta sistema politikoa aldatu behar direla, bat aldatuta eta bestea aldatzeke, aldaketa hutsala dela.

Bere hitzaldia bukatzeko, James Baldwin eleberrigile afro-amerikar handiak “Anti-Semitims and Black Power” (Antisemitismoa eta botere beltza) 1967ko liburuan idatzi zituen hitz batzuk gogoratu zituen: «Aurrekaririk gabeko zerbait egitea gustatuko litzaidake: gu geu, geure buruak, sortzea, etsai bat sortu beharrik gabe». Horra demokrazia birpentsatu eta jendearen eskuetara bueltatzeko hausnarketarako txokora bota zuen dejadatxoa. Gure moduan pentsatzen dutenekin eta pentsatzen ez dutenekin, lankidetzan, etsaiak sortu gabe, horra.

Baina boterea, autoritatea, gizarte zibil antolatuarekin, herritarrekin, partekatzeko nahikoa heldutasun ba al dago? Nolabaiteko boterearen dekonstrukzio horri ekiteko, erabakimena banatzea ez dela autoritatea zalantzan jartzea ulertzeko? Galderak...

Eta hori da kontua, aspaldikoa: boterea ez dela ematen, hartu egiten dela. Eta ordezkaritzazko demokrazian, ordezkariak duela errua edo arrakasta, beti besteak. Eta adimen kolektibo bat, bere konplexutasunean antolatzeko gai gara, edo adimen artifizialak egingo duela gure ordez. Hori da teknokraziaren kondena. Beste hitz batzuetan esanda, demokrazia pikutara joateko bidea bertan eta ireki-irekia dagoela.