
Charles Leclerc (Ferrari) Monakoko gidari gazteak laugarren garaipena erdietsi du igande honetan 1 Formulan –aurtengo bigarrena– Australiako Sari Nagusian azkarrena izanda. 24 urteko kirolariak, gainera, Grand Chelema lortu du; hau da, poletik irten da, hasieratik amaiera arte lider bezala aritu da eta lasterketako bueltarik azkarrena ere sinatu du. Sergio Perez mexikarra (Red Bull) bigarren izan da eta George Russell britaniarrak (Mercedes) osatu du podiuma.
Aipatzekoa da Checo Perezen bigarren postu hori. Red Bull Mundiala lehiatzeko prest da, baina bere beste gidaria, egungo munduko txapelduna den Max Verstappen, lasterketatik kanpo geratu da denboparaldi honetan bigarren aldiz. Gaurkoan amaitzeko 19 buelta falta zirenean esan behar izan dio agur lasterketari. Mexikarrak, beraz, eskuderiaren helburu bat lortu du podiumera igota.
Laugarren Lewis Hamiltonek (Merdeces) amaitu du, McLaren taldeko Lando Norris eta Daniel Ricciardo etxeko gidariaren aurretik.
Australiako Sari Nagusia bi urte ostean bueltatu da denboraldira, koronabirusaren pandemia zela-eta. Melbourne Parkeko hiri zirkuituak beste behin espaniarren zorte txarra ikusi du. Izan ere, larunbateko sailkapenean Fernando Alonso asturiarrak arazo bat izan zuen kotxean buelta lasterrean zihoanean, eta bere ondorioz, Carlos Sainz madrildarrak bere buelta azkarra bertan behera utzi behar izan zuen.
Igande honetan, ordea, asturiarrak 17. postuan amaitu du, eta Sainzek lasterketa utzi behar izan du amaitu baino lehen istripu batengatik.
Alonso seigarren zihoan Verstappenek bere kotxean zituen arazoek safety car birtuala behartu duenean. Hurrengo itzulian geratu eta 13. posturaino jaitsi da asturiarra. Aurrera joango zela zirudienean, edo logikak hori esaten zuen behintzat, bere gurpilek asko sufritu dute eta berriro aldatu behar izan ditu lau bueltaren faltan, 17. postuan amaituz.
Aipaturiko safety car birtual horren amaieran, Checo Perez bigarren zen, Leclercen atzetik eta Russellen aurretik. Postuak horrela mantendu dira amaiera arte.
Australiako Sari Nagusiko datu guztiak NAIZeko webgune berezian azter daitezke.

Pedro Sánchez rompe el Gobierno español y convoca elecciones para el 23 de julio

Un hombre de Donostia está en coma inducido tras ser atacado por unos ultras en Soria

EH Bildu logra los mejores resultados de su historia y es la más votada en las municipales

Vincent Etcheto nommé manager des Euskarians
