Nagore Belastegi

11 minutu berandu, baina bihotzetara garaiz iritsi da Korrika

Badago Euskal Herrian alderdi politiko eta kamisetaren koloreen gainetik sentimenduak batzeko gai den egitasmo eder bat, udaberrian loratu eta «eztarritik ateratako irrintzi» bilakatzen dena. Korrikaren parekorik ez da. Luzaroan itxaron dugun arren, 22. edizioa primeran atera da.

Aize Otaño, AEK-ko ordezkaria, eta Karmele Jaio idazlea Korrikako amaieran.
Aize Otaño, AEK-ko ordezkaria, eta Karmele Jaio idazlea Korrikako amaieran. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Pandemia bat eta hiru urteren ostean, Korrikak ilusioz busti du udaberri zoro honen hasiera. 11 egunez Euskal Herriaren ipar-hego-eki-mendebaldea zeharkatu ditu inoiz egona ez zen lekuei bisita eginez, Amurriotik hasita. Eta 11 urteren ostean, Donostian amaitu da berriro, han bukatu baitzen 17. Korrika. Eta aurtengo edizioan 11 minutu berandu iritsi zen Gorritiren lekukoa Bulebarrera. Berandu, baina garaiz bertan zeuden milaka euskaltzaleen bihotzetara, 2.575 kilometro atzean utzita.

Zorabioren bat eragin zuten jendetza eta beroa nagusi ziren Bulebarrean. Adin guztietako euskaltzaleak biltzen ziren bertan, pozaren pozez, telefonoak buru gainetik altxatuz Korrikaren azken metroak betirako bideoan jaso nahian. Bozgorailuetan, urteetan eta kilometro askotan lagundu duen soinu banda. Txaloka hartu zuen publikoak Korrika.

Orduan ezagutu genuen ondo gordeta izaten duten sekretua: Karmele Jaiok idatzi zuen lekuko barruan, eskuz esku saltoka ibili den mezua, eta berak irakurri zuen. «Herri honen eztarritik ateratako irrintzi bat. Hori da Korrika», hasi zen gasteiztarra.

«Oihu honek hogeita bigarrenez erakutsi digu hizkuntza bat ez dela hitzekin egiten bakarrik, hitzekin eta gorputzekin baizik. Belaun eta hanken gainean trostan eraman daitekeela hitza; dardara, arnasestu eta izerdi artean pasatu ahal zaiola elkarri eskutik eskura», azpimarratu zuen.

Jaioren hitzetan, «euskarak behar du hezurdura bat, anatomia bat, arnas aparatu eta nerbio sistema bat. Behar du lepo bat zeinen gainean segi aurrera. Malko eta listuz bustitzea behar du euskarak. Hatz markaz zikintzea», eta eskatu zuen erakusteko «zein merkea den gure hizkuntza» herriaren ahotik doan hartu eta doan ematen dugulako. Era berean, indibidualismoaren kontra, euskara kolektibo bat eraikitzeko deia egin zuen.

Bestalde, influencer-ak hain ezagunak diren garai honetan, «bestelako jainko txiki inspiratzaileak» izatera animatu zituen bertan zeuden guztiak, eta euskararen alde lan handia egin duten hainbat pertsonai aipatu zituen: Pello Zabala, Joan Mari Torrealdai, Elbira Zipitria, Julene Azpeitia eta Izaskun Arrue.

Dauden inertziekin hausteko bidean, euskaldun berri eta zaharren arteko talka hori ere eraitsi nahi du idazleak, «denok garelako euskaldun berri, hizkuntza bat egunero hazten delako, egunero berritzen delako».

Amaitzeko esan zuen euskara ez dela dugun zerbait, «garen zerbait baizik», eta Maurizia Aldeiturriaga zenaren irrintzien indarrarekin oihu egiteko eskatu zuen: «Ekin euskarari, eutsi kateari!».

Aurreko Korrikei erreferentzia

Jaiok bere manifestua irakurri ostean, Aize Otañok hartu zuen hitza AEKren izenean, eta orain arteko Korriken lelo eta abestien erreferentziaz jositako adierazpena egin zuen. «Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriarri... haur, heldu eta gazte, ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira! Maitatu, ikasi, ari... euskaldun kalakari eta eman euskara elkarri. Euskahaldun gaitezen, batzuk eta besteak, elkarren gogoa klikatuz!», aipatu zuen zazpi aipu ezagun gogora ekarriz.

Era berea, Korrikaren sorrera oroitu nahi izan zuen: «1980, Oñati; elurra mara-mara eta elizako kanpai-hotsak din-don, din-don... aurrera jarraitzen dute urteek, eta 2022an, ereindako haziak errotu ditu sustraiak, loreak loratzen ari dira fruituak emateko gertu». Fruitu horiek heltzeko lan handia dagoela iradoki zuen.

Ekitaldia dantzan amaitu zuten denek. Kukai Dantza taldeak ‘HitzEkin’ abestiarentzat prestatu zituen mugimenduak ikasita zituzten askok. Kalean eskuak mugituz bat egin zuen jendeak eszenatokian dantzariak, Jose Mari Agirretxe (Porrotx), Mertxe Rodriguez (Mari Motots), eta Korrikako furgonetan 11 egun eman dituzten Oier eta Naiara zeudela.

Egun osoko festa

12.30etako zitara berandu iritsi arren, goizeko 7.30etatik zeraman Korrika Donostian. Igaratik sartu zen, eta 8ak aldera zuen GARAk bere kilometroa. Aurten NAIZ Irratiko lankideei egokitu zaie lekukoa eramateko ohorea.
Hirian zehar hainbat buelta eman zituen ondoren, pila bat baitziren euren aletxoa jarri nahi zuten elkarte eta norbanakoak. Hala, azken txanpan lekukoa eraman zuten Etxeratek eta Sarek, Ikastolen Elkarteak, Euskaltzaindiak, gehiengo sindikalak, UEUk, Gure Eskuk, alderdi politikoak era bateratuan, Udalbiltzak eta Uemak, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak, eta Kontseiluak, beste askoren artean.

Anoetako estadioan sartu zen tropela, baita Alde Zaharreko kaleetan ere. Ohikoa denez, aldarrikapenak ez ziren falta, eta donostiarren kasuan euskararen alde lan handia egin zuen Txillardegi gogoan izan zuten, Udal Liburutegiari bere izena jartzea nahi baitute.

Festa giroa ere nabari zen. Antolatzaileek Donostiara garraio publikoz joateko eskatu zuten, eta autobus eta trenak jendez lepo iritsi ziren goiz osoan zehar. Kaleetan igandeetan ezohikoa den zalaparta nabari zen, eta pixkanaka hirira bertaratzen hasiak diren turistek harriduraz begiratzen zioten alde batetik bestera joareak astintzen zebiltzaten zanpantzarrei.

Eguna borobiltzeko, gune desberdinak antolatu zituzten hirian zehar, jendeak aukerak izan zitzan. Hala, Bulebarrean Korrikaren materiala erosteko aukera zegoen, Txurruka kalean artisauen azoka, Sarriegi plazan txerrikiak prestatzen ari ziren, Zuloaga plazan –NAIZ Gunea– kontzertuak izan ziren, kaian bertsolariak egon ziren eta Trinitate plazan, bazkaria.

Eguneko protagonistetako batzuk izan ziren, dudarik gabe, aurten omenduak izan diren Pirritx, Porrotx eta Mari Motots, eta jasotako maitasuna itzultzeko asmoz emanaldia eskaini zuten Alderdi Ederren.