NAIZ

Maiatzaren 14an izango da Udalerri Euskaldunen Eguna, Seguran

Seguran ospatuko da maiatzaren 14an Udalerri Euskaldunen Eguna, UEMAk jakitera eman duenez. Lau urteren ondoren antolatuko da festa hau eta ‘Euskara aiden!’ lelopean egingo dute, udalerri euskaldunen lana ezagutarazteko helburuarekin.

Tolosan 2014 urtean egin zuten Udalerri Euskaldunen Egunaren irudia.
Tolosan 2014 urtean egin zuten Udalerri Euskaldunen Egunaren irudia. (Gorka RUBIO)

Seguran izango da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 14an. Lau urteren ondoren, ‘Euskara aiden!’ lelopean egingo da udalerri euskaldunen lana ospatzeko topaketa. Segurako Udala, herriko eragileak eta UEMA buru-belarri ari dira egunaren nondik norakoak antolatzen. Maiatzaren 5ean Seguran antolatzeileek egingo duten agerraldian emango dute egitarau osoaren berri, eguneko kanta eta bideoa aurkeztearekin batera.

«UEMAko herriena ez ezik, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna. Martxoan kale erabilera datuak aurkeztean nabarmendu genuen bezala, euskaldunen dentsitatea eta trinkotasuna oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko, eta hori da, hain justu, udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten rol garrantzitsuenetako bat», adierazi du UEMAk.

Datuek erakutsi dute, oro har, mantendu egin dela euskararen kaleko erabilera azken urteetan, baina ezagutza gehieneko herrietan zerbait behera egin duela. «Ezin da pentsatu, beraz, euskaldun dentsitate handieneko eremuak arriskurik gabe daudenik. Beharrezko izaten jarraitzen du, azken urteetan egin bezala, udalerri euskaldunen eta arnasguneen berariazko aitortza egiteak», gaineratu du.

Egun osorako egitarau zabala izango da, eta ohi bezala, UEMAren batzar nagusia ere egingo da Seguran. Horrez gain, bazkari herrikoia ere izango da egitarauaren barruan, Segurako Iparra-Hegoa elkartearen eskutik. 18 euroan izango da helduentzako txartela, eta sei euroan haurrena. Ondoko helbidera idatzi behar da bazkaritarako lekua hartzeko: administrazioa@uema.eus. Glutenik gabeko menua edo begetarianoa behar izanez gero, aipatu mezuan.