NAIZ

Ukrainako Enbaxadako idazkaria Gernikako bonbardaketaren 85. urteurreneko ekitaldian izango da

Ukrainak Espainian duen Enbaxadako Lehen Idazkariak Iñigo Urkullu EAEko lehendakariarekin bat egingo du datorren asteartean, Bizkaiko udalerrian egingo diren Gernikako Bonbardaketaren 85. urteurrena ospatzeko ekitaldietan.

Serhii Pohoreltsev, Ukrainak Espainian duen enbaxadorea.
Serhii Pohoreltsev, Ukrainak Espainian duen enbaxadorea. (Isabel Infantes | EUROPA PRESS)

Serhii Pohoreltsevek Espainiako enbaxadore ukrainarrak baiezkoa eman zion Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari datorren asteartean, apirilaren 26an, Bizkaiko udalerrian egingo diren Gernikako Bonbardaketaren 85. urteurrena ospatzeko ekitaldietan parte hartzeko. Hala ere, Enbaxadako Lehen Idazkaria joango da bere partez, agendako arazoak direla-eta Pohoreltsev ez dela bertan izango jakinarazi baitu Lakuak.

Hortaz, idazkariari egokituko zaio Gernikako Bakearen Museoa bisitatzea eta herriko Batzar Etxean egingo den harrera-ekitaldira agertzea; baliteke han adierazpen publiko bat ematea.

Pohoreltsevek onartu egin zuen Urkulluk duela bi aste Gernikako Bonbardaketaren oroitzapenezko ekitaldietara joateko egin zion gonbita, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Espainiako Diputatuen Kongresuan Bizkaiko udalerriari eginiko aire-erasoa gogoratu eta Errusiaren inbasioak eragindako gerrarekin konparatu ondoren. Baina, ostiralean, atzera bota du konpromisoa.

«2022ko apirilean gaude, baina 1937ko apirila dirudi, munduak jakin zuenean zer gertatzen ari zen zuen hirietako batean, Gernikan», esan zuen orduan Zelenskik.

Apirilaren 26an aurreikusitako ekitaldien baitan, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, ‘Bakearen eta adiskidetzearen aldeko Gernika sariak’ jasoko dituzte Bakearen Nazioarteko Brigadak, ‘Kids Guernica’ nazioarteko proiektuak, WILPF Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Elkarteak eta Gernikako Calzada Egoitzako zaintzaileek.