NAIZ

Gerrek jarraitzen dutelako minez oroituko dute Gernikako bonbardaketa bizi izan zutenek

Asteartean beteko dira 85 urte faxisten bonbek Gernika erabat suntsitu zutenetik, eta herritarrek zapore mingotsarekin oroituko dute, bereziki bakea behin eta berriz eskatu arren gerrek ez dutelako etenik.

Gernika Batzordearen agerraldia, apirilaren 2an, ‘Euskal Herriak gerrari ez! Elkarrizketa, bakea, bizitza, burujabetza’ leloarekin.
Gernika Batzordearen agerraldia, apirilaren 2an, ‘Euskal Herriak gerrari ez! Elkarrizketa, bakea, bizitza, burujabetza’ leloarekin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gernikako hondamenditik bizirik atera zirenek «tristura handiz» ikusten dute Ukrainan gertatzen ari dena. Txikiak zirela bizi izan zuten «izua» oroitarazten diete hango errefuxiatuek. «Izan dezatela itxaropena. Aurrera aterako dira gainontzekoak atera ginen bezala», animatu dituzte.

Crucita Etxabe eta Mari Carmen Agirre bat datoz mezu horretan. 91na urte dituzte eta haurrak ziren 1937ko apirilaren 26an Francoren aginduetara zeuden abiadore alemanek beren herria bonbaz josi zutenean. Ehunka pertsona hil ziren herritar xumeen kontrako eraso latz horretan. Horrek gerraren izugarrikerien sinbolo bihurtu zuen herria, are gehiago Pablo Picassok ‘Guernica’ koadro famatua margotu eta gero.

Etxabek 92 urte beteko ditu maiatzean eta ongi gogoan du bonbardaketaren eguna, baita ondotik Estatu frantsesean errefuxiatu bezala bizitutakoa ere. «Oso latza izan zen», baieztatu du.

«Giltzak baditut, baina etxerik ez!»

Sei anai-arrebaren artean gazteena zen Crucita. Familiak denda eta karrozeria bat zituen, eta bonbek hondakin bilakatu zuten dena. «Bonbardaketa bukatu zenean amak esaten zuen: ‘Giltzak baditut, baina etxerik ez!’».

Apirilaren 26 hartako arratsaldeko lehen orduan lagunekin jostetan ari zen Lau Banku deitzen zioten eremuan, Gernika-Lumo bidean. «Abioiak hain baxu pasatu ziren, pilotua ere ikusi genuen», kontatu du.

Bide bazter batean babestu ziren eta haurretako bat zaintzen zuen neskatoak soinean zeraman mantal zuria erantzi zuen bertatik pasatu ziren miliziano batzuek aholkatuta, jantziak «arreta deitzen baitzuen» eta taldea hor zegoela salatu.

Arakatik «bonbak nola jausten ziren» ikusi zuten umeek. Horietako bat hurbil lehertu zen eta zortzi hildako eragin zituen, Crucitak azaldu duenez. Erasoaren ondotik, kasik gaua zela, familiarekin elkartu zen berriro, frontean zeuden bi anaiarekin izan ezik. Amaren adiskide baten etxean eman zuen gaua eta biharamunean Bilboko senide batzuen etxean babestu zen.

Handik anai-arrebekin eta Gordexolako beste haur batzuekin joan zen Estatu frantsesera, Segundo Olaeta Elai-Alai Gernikako dantza taldearen bultzatzaileak lagunduta.

Hiru hilabetez Donibane Garazin entseatu eta gero Parisera bidaiatu zuten. «Trocadero antzokian dantzatu genuen, Chaillot Antzoki Nazionalean, Eiffel dorretik eta Trocaderoko lorategietatik gertu. Arrakasta itzela izan genuen», oroitu du.

Gero, Bry Sur Marnen bizitu ziren bi urte eta erdiz, eta handik Gernikara bueltatu ziren. Musika bandak egin zien ongietorria: «Oso hunkigarria izan zen, izugarria ere bai. Dena puskatuta zegoen».

Bonbardaketaren urteurren guztietan asko hunkitzen da Crucita. «Ezin dut saihestu». Ukrainako gerrako irudiak ikusten ere «oso gaizki» pasatzen duela eta askotan telebista itzaltzen duela erantsi du.

«Gernika sutan ikusten nuen»

Mari Carmen Agirrek sei urte zituen eta bi anaia eta gurasoekin bizi zen bonbardaketa gertatu zenean. «Bonbak nola erortzen ziren ikusten nuen, nola zegoen Gernika sutan… Iluntzean zerua gorri-gorri ikusten zen… Kaleak erretzen ari ziren eta herri guztia kiskalita gelditu zen. Lazgarria izan zen».

Agertu duenez, bere familia ez zen errefuxiatu, baina mendira joan zen eta aita arotzaren lanari esker atera zen aurrera.

Urteurreneko ekitaldiak

Asteartean, hainbat ekitaldi izango dira tragedia hura oroitzeko. 1937an bezala, sirenak entzungo dira eta garaian herriko alkatea zen Jose de Labauria omenduko dute. Hil ziren pertsonei loreak eskainiko dizkiete eta ibilbide bat egingo dute kandelekin.

Bizirik iraun zutenen aldeko herri bazkaria ere prestatuko dute eta Bakearen eta Elkarbizitzaren aldeko Gernika Sariak banatuko dituzte. Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligak eta Calzada egoitzako zaintzaileek jasoko dituzte.

Memoriari buruzko kongresu bat eta Kultura eta Bakearen Jardunaldiak ere egingo dituzte.