NAIZ

Pentsiodunek Hego Euskal Herriko kaleak hartuko dituzte berriro astelehenean

Aste Santuko oporretako geldialdiaren ostean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarri du Hego Euskal Herriko hiriburuetako eta beste 80 herritako kaleak hartuko dituztela berriro astelehenean.

Pentsio duinak exigitzeko mobilizazioa Gasteizen.
Pentsio duinak exigitzeko mobilizazioa Gasteizen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak igande honetan ohar baten bitartez jakinarazi duenez, Aste Santuko zubian egindako geldialdiaren ostean, mobilizazioei berrekingo diete. Hori horrela, astelehen honetatik, apirilaren 25etik aurrera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 80 herritan astelehenero mobilizatuko dira pentsio duinak exijitzeko.

Zehazki, manifestariek bi salaketa nagusi plazaratuko dituztela aurreratu du mugimenduak: batetik, bizitzaren kostuaren «hazkunde zentzugabeak» pentsiodunei eragiten dien «modu negatiboa» eta, bestetik, Gobernuek arazoari aurre egiteko hartutako neurriak «nahikoak ez» direla.

Era berean, pentsiodunek Kongresuan tramitatzen ari den pentsioen erreformarako lege-proiektua geldiarazi nahi dute: «Espero dugu Unidas Podemos, ERC, EH Bildu, BNG, CUP, Compromis eta Mas Pais alderdi politikoek aurkeztutako zuzenketek lege-proiektua behin betiko onartzea eragoztea».

Horretaz gain, egun indarrean dagoen errenta ituna gaitzetsi dute pentsiodunek, murrizketa berriak ahalbidetzeko tresna bat dela uste baitute: «Gerrarekin edo gabe krisiarekin edo krisirik gabe gero eta aberatsago bihurtzen direnek bultzatutako errenta ituna amu bat da beren etekin izugarriak ezkutatzeko eta soldata, pentsio eta zerbitzu publikoetan murrizketa berriak justifikatzeko».

Bukatzeko, pentsiodunek herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu diete. Era berean, aurreratu dute datorren maiatzaren 1eko sindikatuen mobilizazioetara atxikiko direla, eta maiatzaren 12an beste mobilizazio bat deituko dutela Gasteizen.