Nekane Diezek eta Ane Etxezarretak etxean jarraituko dute beste urte batez

Aurrelari zuri-gorriak urtebeteko luzapena sinatu du Athleticekin. Beasaindarrak ere 2023rarte jantziko du Realeko kamiseta.

Nekane Diez Lezaman, Joseba Agirreren eta Aitor Elizegiren artean, bere kontratu berria sinatu ondoren.
Nekane Diez Lezaman, Joseba Agirreren eta Aitor Elizegiren artean, bere kontratu berria sinatu ondoren. (Athletic Club)

Ados jarri dira Reala eta Athletic albiste onak emateko. Klub zuri-gorriak Nekane Diezen kontratuaren luzapena adostu du eta donostiarrak Ane Etxezarretaren jarraitutasuna itxi du. 2023ra arte bien kasuan.

Abuztuan 31 urte beteko dituen Nekanek hamseigarren urtez jokatuko du Athleticekin. Kamiseta zuri-gorria inoiz jantzi duen futbolari gazteena da, 15 urte baitzituen Ljubljanan debuta egin zuenean 2007an, Eba Ferreira bigarren zatian ordezkatuz, KRKA-ren kontra Txapeldunen Ligako partidan. Harrezkero 15 urte eman ditu lehen taldean, partida gehien jokatu dituen laugarren futbolaria (353) bilakatuz. Erika Vazquezek besterik ez ditu barakaldoarrak sartu dituen 160 golak baino gehiago lortu Athleticentzat.

«Oso pozik nago –adierazi du–. 15 urte daramatzat etxean, nire etxea dela sentitzen baitut, eta oso harro nago klubak hemen jarraitzeko aukera eman izanagatik». Aurrelariak gogoratu duenez, «Juaristik deitu zidanean 15 urte nituela ez nuen sinisten ere eta are gutxiago hainbeste urte emango nituenik hemen. Pribilegiatu bat sentitzen naiz, beti esan dut horrela. Hemen hazi naiz, ia nire bizitza osoa pasa dut hemen, jende asko ezagutu dut, jokalari askorekin jokatu dut… Oso pozik nago, nahi dudan lekuan nago, nere bizitzako klubean. Pribilegio bat da».

Athletic «trantsizio une batean» dagoela onartu du barakaldoarrak. «Jokalari askoren etapa amaitzen ari da eta beste batzuek erantzunkizuna hartu behar dute. Garrantzitsua da denok aurrerapauso bat ematea. Kluba gauzak oso ondo egiten ari dela uste dut, sekulako lana egiten ari da harrobiarekin eta horretaz bizi gara, gure harrobiaz, gure jokalariaz. Orain urrats bat eman behar dugu Athletic ahal den altuen egoteko. Goiko postuak zailak dira baina aurten oso lehen itzuli ona egin dugu, azken jardunaldiotan pixkat bat gehiago kostatu zaigun arren. Azken hiru partidak irabazten saiatuko gara urte ondo eta postu on batean amaitzeko», esan du.

Ane Etxezarreta Zubietan, bere kontratua luzatu ondoren. (Real Sociedad)

Beste urtebetez Ane Etxezarretaren kontra jokatzeko aukera izango du Nekanek, beasaindarrak ere 2023rarte luzatu baitu kontratua Realarekin. Abuztuan 26 urte beteko dituen beasaindarrak herriko taldean eman zituen lehen urratsak, ondoren bi denboraldi jokatzeko Oiartzunen. Bertan igoera lortu zuen baina Lehen Mailan Realarekin debutatu zuen 2015ean, 20 urte zituela. Taldeko jokalaria, zelai-erdian zein defentsan jokatzeko gai, zazpi denboraldi honetan klubaren une handienetakoan, Kopako txapelketa, parte hartu zuen eta orain beste batekin, Txapeldunen Ligarako sailkapenarekin alegia, disfrutatzeko lanean dihardu.

Horrela espero du Etxezarretak berak. «Espero dut ahalik eta azkarren helburua lortzea, egin dugun denboraldi bikaina ospatu eta, datorren urteari begira, aurten egin dugunaren ahalik eta gertuen egon ere eta, nola ez, Txapeldunen Ligarako sailkapena lortzen badugu, horretaz gozatzea».

«Oso pozik» agertu da jokalaria «klubean beste urtebetez jarraitzeagatik eta eskaini didaten konfiantzagatik. Realeko kamiseta bete urtebetez janzteak harrotasuna ematen dit, gainontzeko zazpi urteotan bezela». «Txikitako ametsa da, gipuzkoar askorenzat bezela», gaineratu du jokalariak, etxeko futbolari baten jarraitutasunaren garrantzia azpimarratuz. «Pozten naiz etxekoei konfiantza hori eskaini izanarekin. Etxekoen aldeko apostua oso garrantzitsua da Reala bezelako talde batentzat eta horrela jarraitzea espero dut», esan du.

Kanpotarren laguntzarekin bada ere, etxekoekin urteotan egindako lana fruitu ederrak ematen ari da aurten. Etxezarreta, noski, «oso pozik» dago «taldearekin eta taldea lortzen ari denarekin. Ikusiko da baina espero dut nahi ditugun helburu horiek ahalik eta azkarren lortzea». «Nik uste dut talde-giro polita sortu dugula –azaldu du–. Era daukagun anbizioa eta entrenamenduro eta astero erakusten ditugun irabazteko grina eta ikasteko grina nabaritzen dela ere. Eta taldekideen giro polit hori sortuta errezagoa da».