NAIZ

Osasuna, hurrengo denboraldia prestatzen azken partiduetako egitekoaz ahaztu gabe

Osasunak beste denboraldi batez jarraituko du Lehen Mailan eta sasoia bukatzeko bost partiden faltan, hurrengoa prestatzen hasi daiteke. «Braulio Vazquezi aurrerapenarekin lan egitea gustatzen zaio», onartu du Arrasate entrenatzaileak. Nolanahi ere, ahalik eta goren bukatzeko egingo dute lan. 

Jon Moncayola Elxen aurkako partidan, Sadarren jokaturikoa; bana berdindu zuten.
Jon Moncayola Elxen aurkako partidan, Sadarren jokaturikoa; bana berdindu zuten. (Iñigo URIZ | FOKU)

Edozein taldek nahiko luke denboraldia bukatzeko bost partiden faltan, Osasunak daukan lasaitasunarekin lan egin. Erronka garrantzitsuen gabezia horrek oporrekin pentsatzera eraman dezakeen arren, egoera pribilegiatuan daude gorritxoak. 

Elx bisitatuko dute igande honetan (14.00etan, Martinez Valero zelaian). Kanpoan partida gehiago irabazi ditu talde gorritxoak (7 kanpoan, 5 etxean) eta beste garaipen bat eskuratzeko konfiantzaz bidaiatuko dute. Hala ziurtatu du Jagoba Arrasatek: «Etxetik kanpo denboraldia oso ona ari da izaten eta hobea izatea nahi dugu». 

Mentalitatean jarri du arreta Berriatuako entrenatzaileak, uste baitu Elx ere sasoi onean iristen dela partida honetara. Bi partida irabaztetik iristen da Alacanteko taldea, inertzia positiboan dago eta «aspektu guztietan ez badugu lan ona egiten, ez dugu irabaziko». 

Josan eta Mojica jokalariekin adi ibili beharko direla iritzi du, hiru erdiko atzelariekin jokatzen baitu eta hegalean askatasuna izaten dute aipatu bi jokalariek. 

«Azken txanpa geratzen zaigu. Partida asko jokatu behar ditugu egun gutxietan eta ideia da bihar irabaztea eta ahalik eta puntu gehienekin bukatzea denboraldia», adierazi du. Biharko partidarako, jokalari guztiak ditu jokatzeko moduan beraz, nahiz eta ez den aldaketa gehiegirik espero, urtean zehar minutu gutxiago jokatu duten horiek beraien aukera izan dezaketela espero da. 

Era honetan, onartu du Oier eta Iñigo Perezen kontratuak luzatzeko hitz egiten hasiak direla, ekainaren 30ean amaitzen baitzaie Osasunarekin daukaten hitzarmena. Zehaztu du guztiekin ari direla hitz egiten baina bereziki «kontratua bukatzen zaien horiekin». «Zerbait esateko daukagunean, iragarriko dugu. Momentuz, errespetua eskatzen dugu», azpimarratu du. 

Ez du ezkutatu, kluba jada hasi dela hurrengo denboraldia prestatzeko lanetan. «Braulio Vazquezi aurrerapenarekin lan egitea gustatzen zaio. Abantaila bat da eta talde guztiak ez daude egoera honetan».