Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Luken Etxabe
Naziogintza Elkartea

«Euskal errepublika ez da saria, premia da»

Jende gutxik daki 1931eko apiril hartan zenbait herrik Euskal Errepublika bat eskatu zutela, eta akordioaren berri Espainiako presidente Alcala-Zamorari igorri ziotela. Larunbat honetan gogoratuko dute Azpeitian, baina etorkizunari begira jarrita.

Memoria gorde, landu eta zabaldu beharreko altxorra da. Bestela, galdu, eten eta ezjakintasunean urtzen da, betiko agian. Bidasotik hegoaldera errepublikaz hitz egitean, Eibar datorkigu gogora, bigarren errepublika espainola aldarrikatu zuen lehen herria izan zelako. Nork daki, baina, 1931ko apiril hartan bertan Azpeitiko Udalak, Zumaiakoak, Bergarakoak, Elorrio, Hernani, Oñati, Errenteria, Bermeo eta Markinakoak, batzuk aipatzearren, Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubidean oinarrituta Euskal Errepublika bat eskatu zutela? Aho batez. Eta akordioaren berri Espainiako Errepublikako presidente Alcala-Zamorari igorri ziotela?

Egia esan, jende gutxik. Erabaki haien ausardia eta indarra gogoratu beharko luke herri abertzaleak, memoria hura guztia  kondentsatu eta gezia urrunago jaurtitzeko, izan zirelako baikara. Hartara, Naziogintza Elkartearen ekimenez, maiatzaren 7rako Euskal Errepublikaren Eguna antolatu dute Azpeitian, jai giroan, katea eten ez dadin. Antolatzaileen izenean, Luken Etxabe gazteak eman digu horren guztiaren berri.

Zer dela-eta Eibarko herriarena hain ospetsu eta entzutetsua, eta beste euskal herri horiena hain ezezagun eta memorian gorde gabea? Zer erakusten eta irakasten du horrek?

Politika errelato joko bat da, zapaltzailearena eta zapalduena. Espainiako erregimena, errepublika, monarkia edo diktadura izan, gure historiaren arrastoa ezabatzen saiatu da beti; berdin Frantziako Errepublika jakobinoa ere. Udalez udal aktak arakatzen aritu gara eta ikusten da duela 91 urte bazegoela euskal errepublikaren aldeko aldarri bizi bat. Maiatzaren 7ko ekitaldiarekin gure asmoa memoria egitea da, gure aurrekoen ekarpena aitortzea, euskal independentismoa batzea euskal errepublika libre, euskaldun eta sozial baten alde.

Abiapuntu eta helburu ezberdineko bi errepublikaz hitz egiten ari gara, ezta?

Espainiar errepublika eta euskal errepublika guztiz kontrakoak dira, abiapuntu ezberdinak dituzte. Batean boterea eta erabakimena Madrilen dago; bestean erroa Euskal Herriko burujabetzan datza, euskal gizarteak erabakitzeko ahalmenean. Hortaz, gure helburua ez da izan behar espainiar erregimena aldatzea.

Eskubide natural eta historikoen aitorpenaz hitz egiten zen duela 91 urte, autodeterminazioaren lehen ekintza euskal errepublika aldarrikatzea izan behar zela. Zer nabarmenduko zenukete euskal udalen aldarrikapen hartatik?

Esajeratu gabe, hura aldarrikapen historikoa izan zen, ausardia handikoa, zalantzarik gabe. Lehen aldiz azaltzen zen gure nazioa bere osotasunean, autodeterminazioa eskubide natural eta lagaezina zela. Udal ordezkari haiek merezi dute gure oroitza eta aitorpena.

Zer da euskal errepublika? Lelo bat? Eslogan bat? Edo independentismoa trinkotzeko eta aurrera egiteko ezinbesteko programa edo plataforma?

Euskal errepublikaren aldarria ez da atzo goizekoa eta lorpena ez da bihar gauerako, bide luzea du egiteko. Eta ez da sari bat, premia da. Beharrezkoa da gure hizkuntza eta eskubideak bermatzeko, gizarte justu eta sozial   bat eraikitzeko. Euskal errepublika lortzeko prozesu burujabea behar da. Eta burujabetasuna ez da lelo bat, euskaldun libreak izateko nahitaezko baldintza da. Uste dut, bestalde, euskal independentismoa artikulatzeko bide bat dela. Ezin da jarraitu euskal estatu abstraktu batez hitz egiten. Alderdi abertzaleen arteko hegemoniaren kontu hori bi aldiz pentsatu beharko genuke, zehar-kalteak ekartzen baititu, euskaldunon balore komunitario eta kultura mailan, edo azken urteotan gertatu den desnazionalizazioan ikus daitezkeenak.

Kontaguzu, bukatze aldera, maiatzaren 7rako Azpeitian antolatu duzuen Euskal Errepublikaren Egunaren asmo eta proposamenak zeintzuk diren.

Ekitaldi honekin memoria egin eta orduko euskaldunen aldarriari eutsi nahi diogu. Euskal errepublikak baditu balore batzuk, horiek nabarmendu nahi ditugu. Ekitaldi ludikoak eta politikoak egongo dira Azpeitian, arnasgune euskaldun bat, jai giro alaian. Gonbidatuta zaudete guztiok.