Jon Ormazabal

Artolak nahi zuen partidan Erik Jakak lortu du finalerdietarako txartela

Orain arteko lehiarik piloteatuenean (370 pilotakada), Artola 15-18 aurreratu da baina azken txanpan partida ixteko inspirazioa edo oldarkortasuna falta izan ditu eta lizartzarrak eraman du garaipena.

Amorruz ospatu du garaipena Erik Jakak.
Amorruz ospatu du garaipena Erik Jakak. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Orain arte jokatutako partidarik piloteatuenean (370) tanto bakarraz gailendu ostean, Erik Jaka izango da datorren igandean Eibarren Ezkurdiaren arerioa Buruz Buruko bigarren finalerdian. Amildegi ertzean jokatzea gustukoa duen pilotaria da lizartzarra, kale edo bale jokatu behar de horietan hazi egiten den horietakoa, baina gaurkoan bere borondatez baino, Artolak eraman du lehia mugara, partida oso fisiko eta gogorra irten da Bilbokoa, baina alegiarrak ez du gidoia ixten asmatu, azken txanpan zenbait erabakitan ez du asmatu, bere burua saldu edo presaka arituta eta gogotik ordaindu ditu egindako akatsak, garaipena oso gertu ikusi ostean.

Krudela bezain gogorra izan daiteke Buruz Burukoa eta gaur Bilbon lehiatu diren bi pilotariek inork gutxik bezala dakite hori. Urrutiegira joan gabe, bihar beteko da urtebete, Baikon jokatzen zuen lehen partidan, Binakako finalaren atarian, izan zituen bihotzeko arazoek jota, urtebete lehenago jantzitako txapela defendatu ezinik utzi zutela Erik Jaka. 364 egun beranduago, arazo horiek historia dira eta fisikoki sasoi bikainean dela frogatu du lizartzarrak, partidarik distiratsuena jokatu gabe, lau onenen artera itzuliz. Iñaki Artolari, bere aldetik, berriz ere kirolaren aurpegi gogorrena bizitzea tokatzen zaio, partida berak nahi zuen bidetik eraman ostean ihes egin diolako. Hala ere, iazko finalean jokatu ezinda geratu ostean, lesio haren ordaina etor dakioke, inork nahiko ez lukeen bezala, Unai Laso Altunaren aurka jokatzeko moduan ez balego.

Bezperako Jokin Altunaren erakustaldiaren ostean, ona baino, gogorra irten da jardunaldiko azken partida.Donostiakoak eta Bilbokoak kirol, edo gutxienez modalitate desberdinekoak balira bezala. Atanon txapeldunak pilotaka bakoitzari zentzua eman bazien, Bilbon lehia erabat fisikoa bihurtu dute Artolaren nahiak eta Jakaren ezinak.

Sakearekin minik ez

Sakean ez du batere asmatu lizartzarrak eta 2020ko txapeldunak behar beharrezkoa du lehen pilotakada bere joko oldarkorra martxan jartzeko, hori gabe, Artolaren pilotakada luzeago eta ondo bideratutakoen aurrean, kosta egin zaio tantoak amaitzea. Pilotak ere nahi baino lehenago gastatu zaizkio eta kosta egin zaio partidari erritmoa sartzen.

Iñaki Artola ere ez da finegi aritu sakearekin, bai ordea errestoan, eta markagailuan aldea irekitzea kosta zaion arren, eroso ikusten zen partidak hartu duen izaera fisikoan. Gauzak horrela, 8-8ko berdinketa zabalean botatako dejada batekin hautsi eta lehen aldeak lortu ditu lehen atsedenaldi luzera 9-12 aurretik sartzeko.

Partida gogortzen joan da eta boleaz ere oso txukun arituta, bigarren atsedenaldi luzera ere aldeari eusteko gai izan da, 15-18, baina aldageletatik bueltan ondo bideratuta zirudien partidak eskuetatik ihes egin dio. Partida gogortzen asmatu badu ere, erasoan inspirazio edo oldarkortasun apur bat –airez ez du tanto bakarra amaitu partida osoan– falta izan zaio txintxarriari. Dejada batekin bere burua saldu eta airea eman dio Jakari eta honek ez du barkatu. Orduantxe asmatu du lizartzarrak pixka bat sakearekin eta erremateetan ere eraginkor, partidari buelta eman dio (20-18). Nekeak erabat erasanda, partidaren azken txanpa edozein aldetara eror zitekeen baina partida 21-21 berdindu ostean, Artolak ez du amaitzen asmatu eta partidak goiko txapara botatako pilota batean ihes egin dio. 

FITXA TEKNIKOA:

Erik Jaka: 22

Artola: 21

Pilotakadak: 370. Iraupena: 70,01 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1.3, 3-3, 3-5, 6-5, 6-6, 7-6, 7-7, 8-7, 8-11, 9-11, 9-11, 9-12, 11-12, 11-14, 12-14, 12-16, 13-16, 13-17, 15-17, 15-18, 20-18, 20-19, 21-19, 21-21 eta 22-21. Sakeak: 1 Erik Jakak eta 3 Artolak. Egindakoak: 14 Erik Jakak eta 15 Artolak. Galdutakoak: 3 Erik Jakak eta 7 Artolak. Gorabeherak: Sarrera eskasa, 343 ikusle, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Jon Eskudero aritu zen Erik Jakaren botilero lanetan eta Mikel Artola bere anaia Iñakirekin.