Jon Ormazabal

Jakak soberan izan duen tentsioa faltan botatzen du Joseba Ezkurdiak Eibarko finalerdirako

Apirilaren 23tik txapelketako partidarik jokatu gabe egoteak kanporaketa hau prestatzeko astia eman badio ere, igandean nola erantzungo ote duen kezka ezin du ezkutatu arbizuarrak.

Joseba Ezkurdiak eta Erik Jakak gustura amaitu dute materialarekin.
Joseba Ezkurdiak eta Erik Jakak gustura amaitu dute materialarekin. (Raul BOGAJO/FOKU)

Sarri esaten da euria ere ez duela denon gustura egiten egiten eta ligaxka eran jokatu den final laurdenetako kanporaketak ere era guztietako iritzi eta ondorioak utzi ditu pilotarien artean. Aurrera egitea lortu duten heinean, pozik eta gustura egoteko moduan dira Erik Jaka eta Joseba Ezkurdia, baina ligaxkak oso bestelako ondorioak utzi ditu batean eta bestean.

Lizartzarraren kasuan, azken lau astetan lau partida jokatuta heltzen da 2020ko txapelduna eta eskuin eskua pixka bat ere ukituta amaitu zuen Artolaren aurka lehiaketako demarik piloteatuena tanto bakarraz irabazi eta gero. Eskua osatu omen du, baina beste urteetan finarlerdiak jokatu aurretik izaten zuten bi asteko etenaldiak ez ziokeen batere kalterik egingo. «Bakoitzak bereari begiratuko dio. NIk ezin dut esan Joseba nola dagoen, nik ni nola nagoen dakit bakarrik eta astebeteko etenaldi bati ez nioke ezetzik esango, berak, ordea, nahiago izango zukeen aurreko astean partida jokatu izana, hemen bakoitzak bereari begiratzen dio, nik astero jokatu behar izan dut eta pozik nago ez dudalako partidarik bertan behera utzi behar izan lesio edo eskuko minagatik eta esandakoa oso partida zaila dut igandean, ondo heltzen naiz eta bera ere hala helduko dela uste dut», azaldu du.

Azken koska

Joseba Ezkurdiak, bere aldetik ez du txapelketako partidarik jokatu azken bi asteetan Altunak lehenengo eta Dariok gero, bera aurka jokatu beharreko lehiari uko egin ziotelako eskuetako arazoekin eta honek igandera fresko heltzeko modua eman badiote ere, geldialdiak sor diezaiokeen erritmo galeraren zalantza sortzen diote. Apirilaren 23an jokatu zuen Buruz Burukoan azken partida arbizuarrak eta horrek zalantzak eta gehiago jokatu izan nahia sortzen dizkio. «Besteak lehiatzen aritu diren bitartean geldirik egon beharrak baditu bere alde onak baina baita txarrak ere, nik txapelketaren tentsio hori sentitu nahi nuen, partidatik partidara hobera egin nuela sentitu, baina kideen lesioengatik ezin izan da. Bi aste izan ditut partida ahalik eta hobekien prestatzen saiatzeko eta nik uste lan ona egin dudala eta igandean hala izan dela ikusten dudan», azaldu du.

Binaka eta Lau eta Erdian bina txapela jantzita, Buruz Burukoa du erronkarik handiena Sakanako aurrelariak eta azken bi urteetan finalerdietatik kanpo geratu ostean, bere azken oztopoa gainditu nahi du lehen aldiz, kantxa osoko bere lehen finala jokatu, non eta Iruñean. «Oso polita litzateke, lan asko egin dugu bertan egoteko baina azken koska falta zaigu eta zaila da, lan handia egin beharko dut irabazteko. Baina ezin dut itsutu horrekin, buru-belarri ekin behar diot partida honi. Erik aurkari arriskutsua da, erasokorra, beti jokatzen du mugan eta azkar bukatu nahi izaten du tantoa. Nik frontisetik urrun eduki behar dut, nik eraman behar dut erritmoa».

Erik Jakarentzat ere berezia da oso berriz ere final-erdietan egotea, duela urte bete etxean egon behar izan zuelako bihotzeko arazoengatik. «Denak gaude finaletik urrats bakarrera, saria denontzat da bera, baina nik nireari begiratzen diot eta duela urtebete etxean egon beharra nuen geldirik, ia hiru hilabete eta nondik natorren ikusita, galtzeko ezer gutxi dudala diot, txapelketa honetan asko irabazi dudalako dagoeneko».

Pilota ezberdinak

Aspalditik ezagutzen dute elkar, bitan jokatu dute elkarren aurka Buruz Burukoan, bietan nafarra nagusitu zen, 22-15 2018ko final-zortzirenetan eta 22-14 2019ko final laurdenetan, eta biek ere gauzak oso argi dituzte iganderako. Hori dela eta, ezustekorik ez da izan material aukeraketan eta Aspekoak aukeratutakoek irteera gehiago dute frontisetik, Erik Jakak aurreko koadroetan jokatzea nahiago duelako.