NAIZ
Andoain

Udalbiltzak EH Kom aurkeztu du, telekomunikazio sare publiko-komunitarioak hedatzeko tresna

Udalbiltzak EH Kom telekomunikazio operadore neutro publiko-komunitarioaren proiektua aurkeztu du Andoainen. Azaldu duenez, poiektu honek udalerri eta auzoetan sare publiko-komunitarioak jartzen lagunduko du, Euskal Herrian dagoen arrakala digitala gainditzeko xedez.

EH Kom telekomunikazio operadorearen aurzkezpena, Andoainen.
EH Kom telekomunikazio operadorearen aurzkezpena, Andoainen. (Maialen ANDRES | FOKU)

Udalbiltzak EH Kom Telekomunikazio operadore neutro publiko-komunitarioaren proiektua aurkeztu du asteazken honetan, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Udalerrietan sare «ireki, neutro, libre eta publiko-komunitarioak» sustatzeko, garatzeko eta kudeatzeko helburua duen Euskal Herriko operadore nazionala izango da EH Kom.

Aurkezpenean izan dira, besteak beste, proiektua babestu duten Euskal Herriko hainbat udaletako ordezkariak; Hamaika telebistako, Puntueus eta Bai Euskarari fundazioetako, Martin Ugalde Kultur Parkeko edota Izarlink, Goiener, Hiritik At eta Izarkom-eko kideak, baita EH Bildu eta EH Baiko ordezkariak ere.

2020. urtetik diseinatzen ibili diren proiektu honi buruzko azalpenak eman dituzte aurkezpenean parte hartu duten hizlariek. Hasteko, Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik eta teknikari Clara Rougetek telekomunikazio burujabetzaren, baliabideen demokratizazioaren eta «gure tresna propioak» sortzearen beharra azpimarratu dute.

Ostera, Hiritik At eta Izarkom-eko ordezkariek kooperatibismoari eta tresna publiko-komunitarioak sortzeko apustuari buruz jardun dute. Amaitzeko, EH Kom-eko teknikari Beñat Azkargortak eta Oñatiko zinegotzi Xabier Igartuak gehiago sakondu dute teleoperadorearen eraketa prozesuari, bere ezaugarriei eta eskainiko dituen zerbitzuei buruz.

Aurkezpenari ukitu artistikoa eman diote Oreka TX-ko lagunek, harrizko eta egurrezko txalapartaren bitartez ekitaldia irekiz eta itxiz. «Mendeetan zehar txalaparta gure telekomunikazio tresna burujabe izan da. Egun, ttakun-ttakun hotsak informazio bitekin ordezkatuak izan diren garai honetan ere, telekomunikazio tresna burujabeak behar ditugu eta, txalaparta bezala, gureak», azaldu du Asurmendik.

Arrakala digitala gainditzeko burujabetza tresna

Asurmendiren hitzetan, «Nazio Batuen Erakundeak berak ere Interneterako eta Informazio eta Komunikazio Teknologietarako sarbidea giza eskubidetzat aitortua» duen arren, arrazoi geografiko eta sozioekonomikoengatik dagoen arrakala digitala gainditzeko xedearekin jaio zen proiektu hau, teknologia burujabetza eta herri ikuspegitik. Helburua da auzo eta herrietan sare ireki, neutro, aske eta publiko-komunitarioak garatzea eta sustatzea.

Izan ere, interneterako sarbidea oinarrizko eskubidea den heinean, azpiegituren eta zerbitzuen demokratizazioa eta herritarren gai honekiko ahalduntzea ezinbestekoak direla aipatu dute. «EH Kom-ek, beraz, ez luke sarerik ustiatuko; bezeroaren aukerazko telekomunikazio operadorea ezartzeko kanala ezartzen lagundu baizik», gaineratu dute.

Clara Rougetek azaldu du ostera proiektu honen eraketa prozesua: «Izarkom eta Hiritik At-ekin bat egin genuen eta hiruron artean hasi ginen forma ematen. Telekomunikazio burujabetza batzordea osatu genuen, gu hiruroz gain arlo honetan interesa zuten hainbat udal ordezkari eta aditurekin. Batzorde honetan, esperientzia eta lanketa ezberdinak ezagutzeko parada izan genuen, baita Euskal Herritik at ere, Herri Katalanetako Centelles udalerriarena, kasu». 

Ondoren, idazkari-kontu hartzaile eta bestelako aditu ezberdinekin, zailtasun juridikoak aztertu zituzten, Hego zein Ipar Euskal Herriaren, alegia, frantziar eta espainiar Estatuen marko juridikoen mugak aztertuz; «eta horiei irtenbidea emango zien proiektua diseinatzen ahalegindu ginen», nabarmendu du.

EH Kom operadorea kooperatiba integral gisa egituratuko da, bertan hiru motatako bazkideak egongo direlarik: bazkide langileak, bazkide kontsumitzaileak (Udalak, tokiko operadoreak, garapen agentziak, mankomunitateak, enpresa parkeak), eta bazkide laguntzaileak (Hiritik At, BDSkoop edota Udalbiltza, besteak beste).