NAIZ

Arizmendiko zentroko hegazti guztiak hil dituzte gripearen hedapena ekiditeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Arizmendiko fauna berreskuratzeko zentroko hegazti guztiak, 25 inguru, sakrifikatu dituztela atzemandako hegazti gripea hedatu dadin saihesteko.

Putre bat hegan, artxiboko irudia.
Putre bat hegan, artxiboko irudia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiak ostiral honetan jakinarazi duenez, Arizmendiko (Urnieta) fauna berreskuratzeko zentroko hegazti guztiak hil dituzte ostegunean atzemandako hegazki gripe kasu baten hedapena geldiarazteko. Hori horrela, birusa zuten bi putreez gain, beste 23 hegazti sakrifikatu dituzte, nahiz eta hauek kutsatuta ez egon.

Mikel Aizpiri Gipuzkoako Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Sustapen eta Osasun Zerbitzuko buruak baieztatu duenez, Arizmendiko zentroko sai arre ale batean atzeman zuten birusa eta, gero, honek bigarren sai bat kutsatu zuen. Horregatik, Aizpirik jakinarazi du, protokoloa jarraituz, zentroko hegazti guztiak sakrifikatu dituztela gaixotasunaren zabalkundea ekiditeko xedez. Hegaztiak hiltzeaz gain, zentroan lehen «garbiketa eta desinfekzio» bat egin dutela eta datorren astean beste bat egingo dutela aurreratu du Aizpirik.

Bitartean, Eguzki talde ekologistak zentroaren etorkizunaren inguruan galdegin duen «informazio eskaera bat» erregistratu du Gipuzkoako Foru Aldundian. Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Sustapen eta Osasun Zerbitzuko buruak, bere aldetik, zentroa «guztiz desinfektatuta» dagoela ziurtatzen duen «garantia osoa» egon arte, zentroak itxita jarraituko duela argitu du.

Hori horrela, Aizpirik nabarmendu du ez gaudela «agerraldi» edo «brote» baten aurrean, bi ale soilik egon baitira kutsatuta, eta, ildo honetatik, mezu «alarmistak» baztertu ditu. Dena den, Zuberoan dagoeneko gaixotasun honengatik milaka ahate sakrifikatu badituzte ere, 2006az geroztik Gipuzkoan atzeman den lehen hegazti gripe kasua da hau.

Testuinguru honetan, Azpirik adierazi du afera honetan zeresana duten erakunde guztiak «pixka bat adi» jarri direla, baina gaia «perspektibaz» ikusteko deia egin du, Europa iparraldean birus hau «oso zabalduta» dagoela gogoraraziz.

Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Sustapen eta Osasun Zerbitzuko buruak gogorarazi duenez, hegazti gripeak jota zegoen putrea Ezkio-Itxason, Azpeitia eta Beasain arteko eremu batean, jaso zuten. Hala ere, ez dago jakiterik sai arre hau Gipuzkoan edo beste lurralde batean kutsatu ote zen.

Horregatik, Aldundiak zaintza aktiboa eta pasiboa jarri ditu martxan. Alde batetik, hilda dauden hegaztiak bilatuko dituzte hezeguneetan eta hegazti basatiak maiz ibiltzen diren guneetan eta, beste aldetik, hegaztien gorotzak batuko dituzte gero laginak ateratzeko.

Ekologistak, erantzun eskean

Itxuraz, Foru Aldundiaren azalpenak ez dira nahikoak izan Eguzkirentzat eta, ondorioz, Arizmendiko zentroko protokoloen inguruan jarri dute enfasia ekologistek. Hori horrela, Eguzkik Foru Aldundiari galdegin dio «zeintzuk izango diren agerraldiaren ondorioak eta nolakoa izango den zentro berri honen funtzionamentua».

Izan ere, Arizmendiko zentroa Igeldoko Arrano Etxea ordezkatzeko jarri zuen martxan Foru Aldundiak, Arrano Etxea zentroa zaharkituta gelditu baitzen.

Beraz, kolektibo ekologistak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentua interpelatu du zentro berriko «onarpen irizpideak zeintzuk izango diren eta babestuta ez dauden espezie basatiak edo itsas espezieak onartuko dituzten» azaldu dezan.

Eguzkik azpimarratu du foru erakundeak Arizmendiko UTEaren esku utzi zuela zentro berriaren «kudeaketa osoa», baina harrezkeroztik ez dutela zentroaren berririk izan, inaugurazio ekitaldiaz salbu. Inaugurazioa datorren astelehenean, maiatzaren 16an, ospatzekoa zen, baina bertan behera utzi dute gaixotasunagatik.

Bukatzeko, Eguzkik «transparentzia falta» leporatu dio Foru Aldundiari tiroz hildako espezie babestuen inguruan eta, hori hobetzeko «informazio politika zabalago bat» aldarrikatu du, «hegazti gripe agerraldi honetatik hasita».