NAIZ

Irizar E-Mobilityko grebak gazte prekarietatearen auzia agerian utzi duela adierazi du LABek

LABek adierazi duenez, «Irizar E-Mobilityko borrokak gazte prekarietatearen auzia agerian utzi du». «Beraien borroka eredu bilakatu da gazte askorentzat», azpimarratu du sindikatuak, gazte prekaritaetea borrokatzeko tresna izateko konpromisoa berretsi duenak.

LABeko ordezkariek egindako agerraldia.
LABeko ordezkariek egindako agerraldia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

22 greba egun ostean, Irizar E-Mobilityko langileek akordioa sinatu zuten enpresarekin joan den astelehenean. «Langileen determinazioa eta batasuna, egindako greba aktiboa nahiz inguruko eskualdeen elkartasuna, funtsezkoak izan dira horretarako», adierazi du LABek, enpresa batzordean bederatzi ordezkaritik zortzi dituen sindikatuak.

Asteazken honetan akordioaren onurak aurkeztu dituzte sindikatuko ordezkariek. Hala, azaldu dutenez, promozio prozedurak «objektiboak eta automatikoak» izatea lortu da, lan berdinak soldata berdina izango duela bermatuz; malgutasuna «nabarmen mugatu» da; kontziliazioan hobekuntzak lortu dira; txandakako plusa ezartzea lortu da; Lan osasunean konpromisoak lortu dira; soldata igoera garrantzitsuak lortu dira, KPItik gorakoak 3 urterako; eta bidaietarako baldintzak hobetu eta berdindu dira.

Eta E-Mobilityko borrokak gazte prekarietatearen auzia agerian utzi duela nabarmendu du LABek. «Izan ere, batezbesteko adina 27 urtekoa izanda, langile hauen lan baldintzak zegokiena baino kaskarragoak ziren, grebari ekin aurretik», azpimarratu du sindikatuak, eta «emakumeen edota langile migranteen kasuan bezala, gazteen kasuan ere lan baldintzetan arrakala nabarmena» ematen dela argi dagoela gaineratu du.

Gogoratu duenez, 25 urte azpiko langabezia tasa %28koa da; 25 urte azpiko gazteek, urtean 13.000 euro gordin baino ez dituzte jasotzen, batezbesteko soldata baino kasik 16.000 euro gutxiago; eta «emakume gazteen kasuan, adinaren araberako arrakalari sexuaren araberakoa gehitzen zaio. Izan ere, 25 urte azpiko emakumeek adin bereko gizonezkoek baino %14 soldata baxuagoak dituzte».

LABeko ordezkarien esanetan, «gazte prekarietatea, lan esku merkean oinarritutako eredu ekonomiko baten ondorioetako bat da. Patronalak estrategia desberdinak erabiltzen ditu etekinak areagotzeko: azpikontratazioa, soldata eskala bikoitza, kontratu partzialak, kaleratze merkea, uberizazioa, ABLEak...».

«Marko legala da Patronalari trikimailu hauek erabiltzea errazten diotena. 80ko hamarkadatik hona Patronalari mesede egiteko hamaika neurri hartu dira lan erreforma bakoitzean. Azken kolpea, PPren lan erreforma izan zen eta Espainiako Gobernuak eutsi egin dio erreforma horren osagai nagusiei, hala nola, estatalizazioa eta kaleratze merkea».

«Egoera hau iraultzeko antolakuntza eta borroka sindikala egitea ezinbestekoa da, Irizar E-Mobilityn egin duten bezala. Kasu honetan, langileak LABekin antolatu eta grebara jotzea erabaki dute, enplegu duina bermatuko duen lan ituna lortu arte. Ez da nolanahiko greba izan, gainera: greba zabal eta aktiboa izan da, lantegitik harago zabaldu dena, elkartasuna bilatu duena, gazte esparruan aliantzak bilatu eta aurkitu dituena», nabarmendu du.

Borroka «eredugarria»

Halaber, sindikatuaren ustez, «Irizarren borrokatu duten langileek, nagusiki gazteak, argi utzi dute, ez daudela prest bizi osorako prekarietatera kondenatu nahi dituen lan harreman eredu hau ontzat emateko. Horregatik, beraien borroka eredu bilakatu da gazte askorentzat. Horrelako borrokak eta horrelako grebak sustatu nahi ditu LABek abian den borroka ziklo berri honetan».

«Ildo honetan, kontutan hartu beharra dago antolatzeko eta borrokatzeko baldintzak ez direla berberak lantokiz lantoki eta eremuz eremu: fabrika batean, ostatu batean, riderren gisa edota etxeko langile gisa. LAB eredu sindikala egoera berrietara egokitzen ari da, birpentsatzeko ariketa etengabea eginez. Gauzak horrela, eremu bakoitzari egokitutako antolakuntza eta borroka eskaintza egitea da LABen konpromisoa. Beti egoera bakoitzari egokituriko borroka molde eranginkorrenak bilatuz», esan du.