NAIZ

EITBn 356 plaza egonkortzeko akordioa lortu duela jakinarazi du ELAk

ELA sindikatuak ohar baten bitartez jakinarazi duenez, EITBrekin akordioa lortu du 356 plaza egonkortzeko. Esparru desberdinetako itunek (ETB, irratiak, Net) behin-behinekotasuna %42tik %15era murriztu dute, baina ELAk %8ko helburuari eutsi dio.

Bilboko EITBren egoitza.
Bilboko EITBren egoitza. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

EITBn enplegua egonkortzeko akordiorik «handiena» lortu duela jakinarazi du ELA sinidikatuak ostiral honetan ohar baten bitartez. ELAk urteak daramatza enpleguaren egoera salatzen EITBn, Izan ere, 2022ko hasieran behin-behinekotasuna % 42koa zen. «Datu horrek agerian uzten zuen pribatizazioaren eta zuzendaritzaren enplegu prekarioaren aldeko apustu garbia», dio sindikatuak.

Egoera hau aldatzeko, greba eta mobilizazio ugari bultzatu ditu. Hor kokatzen da apirilaren 22an sektore publiko osoan deitutako greba orokorra, EITB taldean ia erabateko jarraipena izan zuena.

Ondoren, eta «Icetaren legeak enplegu publikoa egonkortzeko aukerak areagotzen dituela aprobetxatuz», ELAren ordezkaritzak, EITBn hainbat batzar eta bilera egin ondoren eta lanpostuz lanpostu aztertu ondoren, proposamen bat helarazi zion zuzendaritzari.

«EITBko zuzendaritzaren hasierako planteamenduak urrun zeuden legeak aurreikusten zuen plaza kopurutik; ondoren, negoziazio-prozesuan aurrera egin da, eta, azkenik, 356 lanpostu finkatuko dira EITB taldean, behin-behineko enplegu prekarioa egonkortzen eta pribatizazioari ateak ixten», azaldu du ELAk.

Esparruka, 193 plaza finkatuko dira telebistan, 106 irratian, 21 Entean eta 36 EITB-Neten, sindikatuetako ordezkariek parte hartu duten hainbat akordio lortu ondoren (gogoratu ELA dela EITB taldeko lehen sindikatua).

Negoziazio horren ondorioz, behin-behinekotasuna % 42tik % 15era jaitsiko da, baina ELAk oraindik bidea egiteko dagoela eta horretan jarraituko duela adierazi du.

«Hurrengo urratsa, plazak adostu ondoren, prozesua zehaztea izango da, eta ELAren helburua EITB taldean denbora gehien lan egiten duten pertsonen lanpostua bermatzea izango da. Bestalde, ELAk lanean jarraituko du behin-behinekotasuna %8ra murrizteko, eta kanporatutako zerbitzu batzuk internalizatzearen alde borrokatuko du, betiere pertsona horien lanpostua bermatuz», nabarmendu du.